Nerea Melgosa (Gasteiz, 1970) Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Gasteizko Udalean abiatu zuen erakunde publikoetan egiten ari den ibilbide politikoa. Arabako Foru Aldundira eman zuen jauzia, Eusko Jaurlaritzara iritsi zen arte. 2023ko otsailean, Iñigo Urkulluren gobernuaren azken partean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu izendatu zuten, Beatriz Artolazabali lekukoa hartuta. Imanol Pradalesen gobernuan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua da.
Espainiako Gobernuak kontziliazioari buruzko neurriak onartu berri ditu, eta 19 astera luzatu ditu jaiotzarengatiko eta zaintzagatiko baimenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere eragina daukate. Nahikoa al dira?
Albiste ona da, baina familiak indartzeko politikak hobetzen jarraitu behar dugu. Euskadin azken urteetan asko handitu da arlo horretan egin dugun inbertsioa. Hala ere, koordinatzeko eskatuko genioke Espainiako Gobernuari, azkenean bi erakundeok helburu bera dugu: euskal familiek beharrezko laguntzak edukitzea seme-alabak izatearen kostu ekonomikoari aurre egiteko, baita denbora pertsonala ere izatea familiari emateko.
Inkesten arabera, gazte askok uste dute seme-alabak izateak bizimodua mugatuko diela. Zergatik zabaldu da pertzepzio ezkor hori?
Iazko amaieran inkesta bat egin genuen, eta gazteei galdetu genien: «Zergatik ez duzue seme-alabarik eduki nahi?». Mutilek zein neskek eman zituzten erantzunetako bat izan zen bizitza pertsonala ez zutela sakrifikatu nahi. Baina emakumeek bakarrik erantzun zuten bizitza profesionala ez zutela sakrifikatu nahi. Horrek erakusten du gizartean balioen aldaketa bat egon dela, eta politika publikoak horien arabera egokitu behar ditugu. Lehengo emakumeek ezin zuten aukeratu seme-alabak eduki ala ez. Orain, ordea, bai.
Egia da azken urteetan joera zabaldu dela zama eta kontzeptu arkaiko moduan ikusteko familia izatea. Baina bada garaia ikuspuntu hori aldatzeko, familia delako euskal gizartearen bizkarrezurra; familian oinarritutako komunitate bat gara. Eta mota guztietako familiei buruz ari naiz. Seme-alabak izatea onuragarria da komunitatearentzat, eta indartu behar dugu ideia hori. Horregatik, familiei aitortu egin behar diegu balioen eta ezagutzaren transmisioan betetzen duten funtzioa. Gure helburuak izan behar du familia izatea aukeratzen dutenei laguntzea.

Ugaltze tasa aldapan behera doala diote datuek. Posible al da joera hori aldatzea?
Askotan entzuten dut ugaltze tasa jaisten ari dela, oraingo kontua balitz bezala. Baina joera horren jatorria lehenagokoa da. Franco hil zenean, emakumeok erabaki genuen gizartean beste rol bat izatea. Ordurako, emakume askok erabaki zuten seme-alaba gutxiago izatea edo bat ere ez izatea. Orduko aldaketaren ondorioa da gaur egun emakume gutxiago egotea ugaltzeko adinean. Denok betaurreko moreak jantzi beharko ditugu, eta konturatu, behingoz, emakumeok beste aukera batzuen alde egin dugula; esaterako, gure lan ibilbidea garatzearen aldeko apustua egin dugula. Arreta jarri behar dugu zergatian: zergatik utzi diote emakumeek umeak izateari? Eta konponbideak bilatu. Ez dago irtenbide bakarra, noski, baina arazoa ez da konponduko zaintzaren arduran gizonen inplikazioa handitu arte. Hori gertatzen denean, orduan emakumeok ez gara behartuta egongo lana edo familia hautatzera.
«Zergatik utzi diote emakumeek umeak izateari? Arazoa ez da konponduko zaintzaren arduran gizonen inplikazioa handitu arte. Hori gertatzen denean, emakumeok ez gara behartuta egongo lana edo familia hautatzera»
Balioen aldaketa horrekin batera, lan prekaritateak eta etxea lortzeko zailtasunek ere baldintzatzen dute erabakia.
Emantzipazioa aztertu dugunean, lau faktore mugatzaile azaltzen zaizkigu: prestakuntza, lan merkatua, etxebizitza eta ongizate emozionala. Euskadin gazte askok dituzte goi mailako ikasketak, eta hori oso aberasgarria da pertsonarentzat zein gizartearentzat, baina bizitza akademiko luze horrek berandutu egiten du familiaren etxetik joateko aukera. Soldata baxuek eta kontratu prekarioek ere eragin handia dute. Etxebizitza lortzeko zailtasunak ere baldintzatzen du emantzipazioa, noski. Horiek guztiak mahai gainean jarri behar ditugu, eta diru laguntzak eta politika publikoak egin. Horren adibide, Gaztelagun eta Emantzipa programak eta lehen etxebizitza erosteko abalen dekretua. Emantzipa duela bi urte sortu genuen, eta bizitza akademikoa amaitu dutenei zuzenduta dago: ikasketak etxetik kanpo egin ostean etxera bueltatzea erabaki behar duten momentu horretan eragitea, eta beren kabuz bizitzen jarrai dezaten sustatzea. Horrekin batera, Etxebizitza Sailarekin batera lanean ari gara etxe eskaintza handitzeko.
V. Familia Plana udazkenerako prest izatea espero duzue. Zer neurri aurreikusten dituzue Espainiak iragarri dituenez gainera, eta Eusko Jaurlaritzak martxan dituenak osatzeko?
Bueno, Espainiak oso gutxi dauzka... Prestatzen ari garen bosgarren plana, kontziliazio neurriez gain, haur bermearen estrategiaz ere mintzo da. Estrategia horren helburua da haurren eta nerabeen pobreziari aurre egitea. Osasunari, etxebizitzari eta hezkuntza formalari buruz hitz egiten dugu, baina osagai berri bat ere azaltzen da: aisialdirako eta kulturarako eskubidea. Plan horretan, familien inplikazioa lortu nahi dugu aisialdi sarean. Nahi dugu aititek eta amamek modu aktiboagoan parte hartzea gure kultura haurrengana transmititzen. Ezin dugu galdu euskal herriaren identitatea.
Euskal identitatea ezin dela galdu aipatu duzu. Dena dela, immigrazioa euskal identitateari eusteko mehatxutzat hartzen duen ikuskera zabaltzen ari da gizartean. Zer esango zenieke hori pentsatzen dutenei?
Nork definitzen du euskal komunitatea? Nire arbasoak Gasteizera etorri ziren, familiarentzako bizimodu hobea izateko itxaropenaz. Gasteiz apaizen eta militarren lekua zen 60ko eta 70eko hamarkadetan, eta, industriak erakarritako biztanle haiei esker, gizartea pluralago eta aberatsago bihurtu zen. Eta Gasteizen eredua Euskadi osoan aplika daiteke, bakoitzak bere berezitasunak dituela. Euskal komunitatea denok osatzen dugu, gure lurraldearen ongizateari ekarpena egiten diogun guztiok.
Kezka azaldu izan duzu ez duzulako lehen eskuko berririk jaso Espainiako Gobernuak Gasteizen eraiki nahi duen 350 immigranterentzako zentroaz. Nola da posible erakundeen arteko deskoordinazio hori?
Ez dute hitz egin gurekin. Dena dela, guri ez zaizkigu gustatzen mota horretako zentroak. Adinekoen egoitzei buruz edo adingabeen zentroei buruz ari garenean, gure apustua da tamaina txikiagoko lekuak izatea, horrek lan komunitarioa eta inklusioa errazten dituelako. Zergatik nahiko genuke beste eredu bat immigranteentzat? Etxean ikasi nuen niretzat nahi ez dudana ez diedala besteei opa behar.
Immigrazioa borroka politikorako tresna bihurtu da. Zer egin beharko litzateke hortik ateratzeko?
Immigrazioaren fenomenoa gero eta indartsuagoa izango da, eta nahitaez modu integralean heldu behar zaio. Bestela, tranpa egiten ari dira, eta bereziki Euskadiri ari zaizkio tranpa egiten. Espainiak du migrazio politiketan erabakitzeko ahalmena, eta mila aldiz eskatu diogu plan estruktural bat egin dezala. Horren ordez, autonomia erkidegoekin ari da, batean immigrante adingabeei buruz, bestean eskulan faltari buruz, hurrengoan lan baimenei buruz... Baina gauza berari buruz ari gara! Ez al da logikoagoa mahai baten inguruan esertzea eta migrazioari buruz modu integralean hitz egitea? Ezaugarri jakin batzuk dituzten pertsonak iristekoak bazaizkigu, aurretik jakin beharko genuke, baliabide egokiak planifikatzeko. Azken finean, pertsonak dira. Beste aukera bat izango litzateke migrazioaren eskumena guri ematea. Hori bai, memoria ekonomiko batekin batera. Eusko Jaurlaritzak oso garbi baitu migrazio politikak nora bideratu nahi dituen.
«Espainiak du migrazio politiketan erabakitzeko ahalmena, eta mila aldiz eskatu diogu plan estruktural bat egin dezala»
Nora eta nola bideratu behar dira?
Hemen egiten ari garenaz gain, geopolitikaz eta kooperazioaz hitz egiten hasi behar dugu. Badakigu nondik datozen neska-mutil horiek, eta zergatik. Beharbada, jatorrizko herrialdeetan inbertsioak egin behar ditugu, beharbada hantxe bertan prestakuntza indartu behar dugu, gazteek beren herrialdeetan, beren familiarekin, bizimodu duin eta segurua garatu ahal izan dezaten. Azken finean, Afrikarentzat ere kaltegarria da, belaunaldi gazterik gabe geratzen ari delako.
Emakunderekin batera plazaratu berri duzuen txostenak errealitate gordina erakusten du. Emakumeen ia erdiek jasan dute indarkeria motaren bat noizbait, baina eraso guztietako %14 salatzen dira. Emakumeak ez al dira fio justizia sistemaz?
Ez salatzeko arrazoi asko daude: batzuk, egoera administratibo jakin batengatik [egoera irregularrean daudelako] edo ez direlako indartsu sentitzen, eta beste batzuk, ez direlako jabetzen indarkeria sufritzen ari direnik. Hala ere, inoiz ezin dugu emakumearen gain jarri ardura edo presio hori. Inondik inora ezin ditugu epaitu salatzen ez dutelako. Erakundeon lana da laguntza eta tresnak ematea, emakumeei zein senideei, indarkeria antzeman dezaten.
Azterlan horretan, datu batek ematen du arreta: 65 eta 85 urte bitarteko emakumeen artean, inoiz indarkeria jasan duten emakumeen portzentajea oso txikia da (%17). Zenbait adituk diote adineko emakumeek pairatzen duten indarkeria ikusezina dela eta bereziki larria dela nekazaritza guneetan. Horretaz jabetuta zaudete?
Jabetuta gaude, eta emakumeekin zahartzaro aktiboa lantzea izan daiteke horri aurre egiteko bide bat. Horretaz gain, seme-alabekin ere landu behar da indarkeria matxista. Izan ere, ikerketa horretan azaldu den beste faktore bat izan da emakume horietako askok seme-alabak babesteagatik eusten diotela indarkeria egoera horri, baina ez dira ohartzen ez dela babesteko modu egokia, bi arrazoirengatik: lehenik, ama ez badago ondo, ezin dituelako seme-alabak zaindu, eta bigarrenik, arriskua dagoelako seme-alabek errepikatzeko txikitatik ikusi izan dituzten jokaera horiek.
«Seme-alabekin ere landu behar da indarkeria matxista, [Emakunderen] ikerketan azaldu den beste faktore bat izan delako emakume askok seme-alabak babesteagatik eusten diotela indarkeria egoera horri»
Adineko emakume askok senarrarekin duen menpekotasun ekonomikoak ez du laguntzen...
Orain dela gutxi arte hori zen ohiko egoera, emakumeak etxean geratzen zirelako familia zaintzen, eta gehienek ez zekiten gertatzen zitzaien hori sala zitekeen eta nola egin. Baina apurka-apurka aldatzen ari da, eta 70eko hamarkadatik aurrerako emakumeak jada lan merkatuan gaude, eta menpekotasun hori txikiagoa da. Edozein moduz, erakunde publikoek baliabideak jarri behar ditugu emakumeen eskura, berak eta seme-alabak biktimak direla jabetzeko. Horrekin batera, trebakuntza eman behar diegu emakumeen elkarteei eta polizia agenteei, emakumeek haiengana jotzen dute-eta gehienbat indarkeria salatzera.
Emakumeen gain jarri ohi da salatzeko ardura, baina gizonak ezin dira betiko izan lekuko isilak. Zer rol dute gizonek indarkeria matxistari aurre egiteko garaian?
Gizonek pauso bat aurrera eman behar dute, eta salatu beste gizonen indarkeriazko jarrerak. Haien ardura ere bada. Nik aitortu nahi nituzke gizon batzuek egin dituzten urratsak, maskulinitate toxikoak kentzeko, afektibitatea eta sentsibilitatea bere egiteko. Horren erakusle dira seme-alaben zaintzan ardura hartu duten gizonak, baita emakumeen defentsan aritzen direnak ere.
Imanol Pradales lehendakariak esan izan du euskararen aurkako epaiek EAEko autogobernuaren aurkako erasoak direla. Nolanahi ere, ekintzetan beste eskuduntza batzuk urratu direnean baino epelago jokatu izana egotzi diote euskalgintzako eragileek.
Ez dut uste epel jokatzen ari garenik. Lehendakariak berak eta zenbait alkatek maiz erakutsi dute konpromiso sendoa dugula euskararekin. Euskarak identitatea ematen digu herri moduan, eta horren defentsa sutsua egiten ari da Jaurlaritza. Orain dela oso gutxi, Boisen [AEB] bertan izan da Pradales lehendakaria, eta etengabe nabarmendu du euskarak gure herriaren identitatean eta kohesioan duen garrantzia.
Noizko egingo dugu elkarrizketa hau euskaraz?
(Euskaraz) Datorren urterako bai! Egia esan, gazteleraz oso azkar hitz egiten dut, eta euskaraz, are gehiago. Euskalduna naiz [Olabide ikastolan ikasi zuen], familiarekin eta lagunekin euskaraz aritzen naiz, baina erdarakada asko sartzen ditut, eta hiztegi teknikoa eta jariotasuna hobetu behar ditut. Irailean hasiko naiz mintza-saioak egiten, eta erronka jarri diot neure buruari eta sailekoei euskaraz gehiago hitz egiteko. Errespetu handia diot euskarari, eta ondo egin nahi dut. Eta euskararekin batera, zeinu hizkuntza ere ikasten ari naiz.