IAS Ikasle Antolakunde Sozialistako eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialistako kideak Elizondon (Nafarroa) elkartu dira gaur, urriaren 9tik 12ra antolatu duten Gazte Topagune Sozialistan landuko dutena aurreratzeko. Adierazi dute «estatuen erreforma autoritarioari» eta «hedatzen ari den faxismoari» aurre egin behar zaiela.
Haien esanetan, «autoritarismoa gorakada betean» dago, eta azken asteetan bereziki larritu da egoera: «Poliziaren bortizkeria inpunitate osoz ari da areagotzen gazte langileon aurka». Adibide gisa jarri dituzte Santurtziko (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) kasuak: «Ikusi besterik ez dago Santurtziko gaztearen heriotza eragin zuten interbentzio polizialaren irudiek erakusten duten inpunitate eta bortizkeria, eta aurreko astean bertan festa testuinguruan pankarta bat zabaltzeagatik Hondarribiko gazteen aurkako jazarpen poliziala».
Ildo beretik, adierazi dute faxismoak kalean duen presentzia «handitzen eta normalizatzen» ari dela Euskal Herrian ere: «Etorkinen aurka zabaltzen ari den marko arrazista indarra hartzen ari da, eta alderdi politiko guztiak eskuineranzko joera nabarmena hartzen ari dira». Mugimendu sozialen eta antifaxisten aurkako «kriminalizazio kanpaina erraldoiak» ere salatu dituzte, «alderdi politiko eta komunikabideen partetik».
Mundura begira ere, Europako estatuak «gero eta autoritarioagoak» direla salatu dute: «Eskubide politikoak eta sozialak ezabatuko dituen legedia erreformatzen, polizia inpunitatez eta armaz hornitzen, eta estatuak militarizatzen». Adierazi dutenez, Alemaniako AfD alderdi ultraeskuindarrak lortutako emaitzak dira faxismoa munduan hedatzen ari dela erakusten duen adibiderik garbiena.
Egoerari aurre egiteko, gazte langileek «aurrerapauso bat» eman behar dutela azaldu dute, eta, eskubideen defentsan, «klase batasuna» eraikitzea proposatu dute.
Hiru aste barru
Gazte Topagune Sozialista hiru aste barru izango da, eta «sozialismoaren alde ekarpena» egiteko batuko dira, Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka, gazte langileok sozialismoa eraiki lelopean.
Jorratuko dituzten hizketagaiak aurreratu dituzte: batetik, kapitalismoaren egungo fasearen azterketa egin eta gazte langileek dituzten borroka ildoez hitz egingo dute; bestetik, sozialismoaren aldeko borrokara batzeko mezua zabalduko diete «bai Euskal Herriko gazteei, baita nazioartekoei ere». Igandean mobilizazioa eta ekitaldi politikoa egingo dituzte, eta, astelehenean, berriz, Hispanitatearen Egunean, hitzaldi politikoa egingo dute.