Arrazagatiko Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna «faxismoaren gorakada» eta hark bere jardunean duen «inpunitatea» salatzeko parada izan da Hego Euskal Herrian. Arrazakeriaren aurkako kolektiboek nabarmendu dute «talde neonazi eta supremazisten» mezua zabaltzen ari dela, eta hari aurre egiteko garrantzitsua dela migratzaileak eta ijitoak ez bilakatzea «arazo estrukturalen pagaburu». Manifestazio jendetsuak egin dituzte gaur eguerdian Bilbon eta Iruñean; batetik, ohartarazteko «narratiba arrazistak» ugaritzen ari direla, eta bestetik, gizartea premiatzeko «oldarraldi erreakzionarioaren aurka bat egitera».
Bilboko protesta Mariaren Bihotza plazatik abiatu da 12:00etan, eta, San Frantzisko kalean barna, Zabalbururaino iritsi dira manifestariak. Ibilbide osoan, «erresistentzia antifaxista» eta bestelako leloak oihukatu dituzte. Pankarta nagusian, zera irakur zitekeen: Gorakada arrazistaren aurrean, erresistentzia antirrazista. Ordena kolonialari sua! Horren atzetik, baina, nork bere etxean eginiko kartel eta mezu txikiagoak zeramatzaten parte hartzaile askok; horietako batzuk, arabieraz eta amazigeraz idatzitakoak.

Biboko udaletxearen parean, M-21 Batzorde Antirrazistaren izenean hitz egin dute Carol Peñuelak eta Jazmin Algarinek. Esan dute, besteak beste, faxismoa mundu osoan zabaltzen ari dela, «arrazakeriarekin, kolonialismoarekin eta bestelako sistema zapaltzaileekin batera».
Ikusi gehiago
Algarinek eta Peñuelak adierazi dutenez, askotan, migratzaileak eta pertsona arrazializatuak dira beren «gorputzak eta bizitzak» arriskuan jartzen dituztenak sistema zapaltzaile horiei aurre egiteko. Bazterketa «egunero» gertatzen dela nabarmendu dute: «Etxebizitza bat eskuratzeko prozesuan, supermerkatuan erosketak egitean, gure auzoetan... toki guztietan ari dira azaleratzen talde supremazistak, ijitoen aurkakoak, migratzaileen aurkakoak, islamofoboak...».
Egoeraren larriaz ohartuta, migratzaileen ezohiko erregularizazioa «ospatzeko moduko lorpena» dela uste dute M-21 batzordeko kideek, eta «berme errealak» eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, espedienteak azkarrago aurkeztu ahal izateko eta «traba administratiboak arintzeko».
«Sareak sortzeko» beharra
Nafarroako Plataforma Antirrazistak antolatu du Iruñeko manifestazioa. Eguerdian abiatu da Merindadeen plazatik, eta, Karlos III.aren etorbidean eta Gazteluko plazan gora eginik, Udaletxe plazan amaitu da. Eskubide guztiak pertsona guztientzat leloa irakur zitekeen pankarta nagusian.
Manifestazioaren aurretik eginiko adierazpenetan, plataformako kide Flavia Navarretek «antirrazismoa» aintzatetsi du «borroka egiteko bide gisa»: «Arrazakeria zera da, pertsonen bizitzaren esfera guztiak zeharkatzen dituen dominazio sistema oso bat. Ez da bi aldeen arteko gatazka hutsa: egiturazkoa da, eta erakundeek eusten diote sistema horri».
Navarreteren ostean, hitza hartu du SOS Arrazakeria elkarteko ordezkari Beatriz Villahizanek. Migratzaileek eta pertsona arrazializatuek egunero sufritzen duten bazterketaren adibide batzuk aipatu ditu; besteak beste, etxebizitza bat eskuratzeko edo errolda agiria tramitatzeko garaian pairatzen dutena. «Errolda giltza da, sarbide bat, oinarri-oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko; osasun sistema, hezkuntza eta babes sozialerako neurriak, esate baterako». Are: salatu du administrazioek «boikot» egiten diotela Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ezarritako erroldatze sozialari: «Horren arabera, errolda agiria erraztu behar zaie alokairu kontraturik edo etxerik ez duten pertsona guztiei, baina instituzioek ez dute halakorik egiten».
Jazarpen poliziala ere kritikatu du Villahizanek. Haren esanetan, gora egin dute migratzaileen «identifikazio arrazistak» eta Atzerritarrentzako Brigadaren «gezurrezko zitazioak». Horrez gain, Espainiako Atzerritar Legea baliogabetzea ere galdegin du SOS Arrazakeriako kideak, «hori baita milaka pertsona bazterrera eta irregulartasunera kondenatzen dituen arrazakeria instituzionalaren adierazpide garbiena». Era berean, Europako Batasunaren migrazio politikak berrikusteko deia egin du, «kriminalak eta bortitzak» direlakoan.
Horren guztiaren kontra indarrak batzera deitu du Villahizanek: «Bat egin behar dugu olatu erreakzionarioaren aurka, gorroto diskurtsoen aurka eta Iparralde Global osoa blaitzen ari den faxismoaren kontra». Zehazki, «borroka antirrazista» gauzatze aldera, «babes eta elkartasun sareak sortzearen beharra» azpimarratu du.