HBO plataformak atzo ekin zion Patria telesaila iragartzeari, eta kartelak hautsak harrotu ditu. Bi irudi aukeratu dituzte Fernando Aranbururen liburuan oinarritutako telesailaren kartel gisara: batean, atentatu baten biktima bat ikusten da, lurrean, eta Elena Irureta aktorea hari heltzen; bestean, berriz, komisaria bat ikusten da, eta hor gizon bat biluzik agertzen da, lurrean hankak eta eskuak lotuta, eta hiru polizia hizketan.
ETAren indarkeria eta tortura parez pare jarri izanak harrotu ditu hautsak, eta hainbat politikarik horren kontra egin dute sare sozialetan. Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidenteak esan du «lotsagarria eta iraingarria» dela kartela. Sergio Sayas UPNko Espainiako Kongresuko diputatuak adierazi du «moralik gabekoa» dela, eta Carlos Garcia Adanerok kartelaren «ekidistantzia» salatu du. Rosa Diez haratago joan da, eta esan du «Bilduren eskua» dagoela hor, «Sanchezen sorbaldaren gainean»: «Hau lotsa, eta a ze umiliazio mingarria biktimentzat...».
Sare sozialetako beste erabiltzaile askok, ordea, azpimarratu dute ETAren atentatuak existitu ziren bezala existitu zela tortura ere, eta Fernando Aranburuk hala jaso zuela liburuan. Horregatik, beste batzuek kartela salatu duten horiei eskatu diete ezer esan aurretik irakurtzeko liburua. Hain zuzen horrela zioen iaz BERRIAn Aitor Gabilondok, telesailaren gidoilari eta ekoizleak: «Kontakizunak kolektiboa eta multiplea izan behar du».
Fernando Aranburu: «Ez dute asmatu»
Fernando Aranburuk Madrilgo irudi bat jarri zuen sare sozialetan, ezer gehiago esan gabe. Bere blogean, ordea, adierazi du ez zaiola gustatu kartela; «ez dute asmatu», esan du. Hala ere, kartela kritikatu dutenei zuzenduz, gaineratu du kartela ikustea soilik ez dela nahikoa telesailaren inguruko iritzi bat izateko, «nahiz eta komisariako tratu txarrak jaso, nire nobelak bezala». Gaineratu du legeari bizkarra emanda erabiltzen zela tortura —hitz hori erabili gabe—, eta legediak zigorrak ezarri zituela tratu txarrengatik.
Madrid, hoy, ahora. pic.twitter.com/vbVqI5bWeA
— Fernando Aramburu (@FernandoArambur) September 1, 2020
Edonola ere, Aranburuk azaldu du telesailaren lehen zortzi atalak ikusi dituela, eta sekuentzia batek edo bik eragin dizkiotela zalantzak; «baina orokorrean nik nobelan kontatu nuenaren antzekoa da, sufritzen dutenen eta sufriarazten dutenen arteko lerro argi batekin». Kartela marketin kanpaina baten barruan kokatu du, eta horrek, eta ez telesailak, nobela idatzi zuenean izan zuen arauetako bat hausten duela dio: «Terrorismoaren biktimen minean arreta ez galtzea, horiei merezi duten enpatiarekin eta maitasunarekin adieraziz».
Irailaren 27an estreinatuko du HBOk Patria. Donostian grabatu zuten, eta hainbat aktorek parte hartu dute, Iruretaz gain: Ane Gabarain, Eneko Sagardoi, Mikel Laskurain eta Loreto Mauleon, besteak beste.