Ferosca parke eolikoaren jatorrizko proiektua erabat aldatu dela uste du Aiaraldeko Mendiak Bizirik-ek

Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dionez, prozedura berriro abiatu behar du, proiektuak funtsezko aldaketak izan baititu. Jaurlaritzak enpresari debekatu egin dio Aiaran hiru aerosorgailu jartzea.

Aerosorgailuak, Elgea mendilerroan. BERRIA
Aerosorgailuak, Elgea mendilerroan. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko urtarrilaren 19a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ferosca Wind enpresak sei aerosorgailu jarri nahi zituen, hiru Aiaran eta hiru Laudion (Araba). Baina Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, ingurumenean izango luketen eragina aztertuta, debekatu egin dio Aiarako lurretan jarri nahi zituen hirurak jartzea. Gainera, behartu egin du, gainerako hirurak jarri nahi izanez gero, ingurumena babesteko neurri bereziak hartzera.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak uste du erabaki horrek bertan behera uzten duela enpresaren jatorrizko proiektua, eta agerian uzten duela proiektuaren prozeduran izan diren «inprobisazioa eta zorroztasun falta».

Taldeak zehaztu du Laudioko hiru aerosorgailuak hirigintza babes bereziko lurretan daudela, eta energia berriztagarrien lurralde plan sektorialaren lehentasunezko ezarpen eremuetatik kanpo. Horregatik, uste du ingurumen eraginari buruzko baimen bakarrak ez duela zuribiderik.

Proiektuak funtsezko aldaketak izan dituela nabarmendu du: parke eolikoa murriztu egin dute, jatorrizko kokapena aldatu egin beharko litzateke eta udalaz gaindiko izaera galdu du —herri bakarrari eragingo lioke, ez biri—. «Legea argia da», dio Aiaraldeko Mendiak Bizirik-ek. «Proiektu batek lurralde eta ingurumen funtsa aldatzen duenean, beste prozedura oso bati ekin behar zaio». Espediente zaharrarekin jarraitzeak ez luke izango «inolako heldulekurik».

Zorroztasun eta gardentasun eske

Taldeak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari egotzi dio proiektuari eutsi nahi izatea, erakundeak ebaluatutakoa eta gaur egungoa bat ez badatoz ere. «Jokabide hori ez dagokio energia plangintza serio bati», salatu du Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak, «baizik eta lege, lurralde eta hirigintza oinarria galdu dituen espediente bati eusteko lasterketa bati».

Zorrotz, garden eta lurraldearekiko errespetuz jokatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: «Aiaraldeko herritarrek merezi dute benetako plangintza batean oinarritutako erabaki energetikoak hartzea, baita lurraldearekiko errespetuan, parte hartze publikoan eta legezko prozedura sendoetan oinarriturikoak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.