Filtraziorik ez, Osakidetzari «mesedea», eta laguntzarik behar ez zuen oposiziogilea

Akusatutako medikuak ukatu egin du semearen neska lagunari azterketako galderak eman zizkiola. Oposiziogileari «mehatxu» egin ziotela salatu du.

Akusatutako medikua eta oposiziogilea, atzoko saioan. L. RICO / EFE
Akusatutako medikua eta oposiziogilea, atzoko saioan. L. RICO / EFE
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Medikuak ukatu egin du garai hartan bere semearen neska laguna zenari oposizioko galderak helarazi zizkiola. Oposiziogileak ere bai. Are gehiago: oposiziogileak esan du ez zekiela mutil lagunaren aitak azterketako galdera batzuk prestatu zituenik. Medikuak baieztatu du Osakidetzari «mesede bat» egiteagatik prestatu zituela azterketako galdera batzuk. Uste du semearen neska laguna zenak ez zuela «bere laguntzarik behar» azterketa gainditzeko. Eta salatu du «bidegabea» dela oposizioei uko egin behar izatea, «mehatxuak» jasan eta gero.

Mediku bat eta oposiziogile bat epaitu dituzte Arabako Probintzia Auzitegian. Medikuak Kirurgia Plastikoa espezialitateko azterketa teorikoko galderen erdiak prestatu zituen Osakidetzaren 2016-2017ko lan eskaintza publikorako. 2018an egin zituzten azterketak, Gasteizen. Medikua oposiziogilearen mutil lagunaren aita zen. Hark prestatutako 50 galderetatik 48ri zuzen erantzun zien oposiziogileak, gainerako hautagaiek baino nabarmen gehiagori. Emaitzek susmoa piztu zieten azterketaren arduradunei, eta oposiziogilea oposizioa bertan behera uztera bultzatu zuten. Osakidetzako lan eskaintza publiko hartako azterketa gehiagotan aurkeztu zituzten salaketak filtrazio susmoengatik; kasu hau baino ez dute epaitu.

Atzo hasi zen epaiketa, eta gaur bukatu da. Fiskaltzak bi urteko kartzela eskatu du medikuarentzat, eta urtebetekoa oposiziogilearentzat. Sekretuak jakinaraztea eta kausa publikoari eta besteei kalte larria egitea egozten dio medikuari; sekretuak jakinarazten saiatzea oposiziogileari. «Ez dago azalpen sinesgarririk halako ezohiko kalifikazio bat lortzeko azterketa aurrez ikusi gabe», ondorioztatu du Cristina Vicente Brianso fiskalak. Akusazio partikularrek —LAB eta ESK sindikatuak— hiru eta bi urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte, hurrenez hurren. Defentsak, berriz, errugabetzeko.

Presaka

Medikua Donostia ospitaleko Kirurgia Plastikoko arduraduna zen. IVAP Administrazioaren Euskal Institutu Publikoko ordezkari batek deitu zion, eta galdetu zion ea Kirurgia Plastikoa espezialitateko azterketa teorikoaren galderak presta zitzakeen. «Denboraz larri» zebiltzala esan zion. Medikuak galderak prestatzea onartu zuen, baina, epaiketan esan duenez, baldintza batekin: galderen erdiak soilik prestatzea. Onartu egin zuen, «Osakidetzari mesede bat egiteko», lan eskaintza publikoa prestatzeko denbora gutxi zutelako.

Xehetasun garrantzitsu bat: Osakidetzak bazekien galderen erdiak prestatuko zituen medikuaren semearen neska lagunak parte hartuko zuela espezialitate horretako oposizioan. Medikuak jakinarazi zion IVAPeko ordezkariari: «Baina IVAPeko andreak [emakume batek deitu zion] eskatu zidan mesedea egiteko, denboraz larri zebiltzalako». Gehitu du berak ez zuela interesik azterketa prestatzeko. 

Epaimahaiari uko, azterketari ez

Medikuak uko egin zion Kirurgia Plastikoa espezialitateko epaimahaiko kide izateari, hain justu, semearen neska lagunak parte hartuko zuelako. Ez zion uko egin, ordea, azterketa prestatzeari. «Zergatik?», galdetu dio fiskalak. «Ez da gauza bera hautagai bakoitza subjektiboki baloratu behar duen epaimahai batean parte hartzea edo azterketa baterako galderak prestatzea», erantzun dio medikuak.

Atzoko saioan onartu zuen semearen neska lagunari esan ziola zer bibliografia ikasi behar zuen. Gaur zehaztu du kontsulta zezakeen bibliografiari buruzko «aholku orokorra» eman ziola. Semearen neska lagunak gaurko saioan esan du medikuak ez ziola «gomendio orokorrik» eman azterketari buruz. 

Azterketa teorikoa egin, eta momentuan jakin zituzten emaitzak. Epaitutako oposiziogilearen emaitzek harrabotsa eragin zuten azterketa aretoan. Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunarekin eta IVAPeko idazkari nagusiarekin bildu zela kontatu du. Esan zioten beste oposiziogile batzuk kexatu egin zirela, uste zutelako azterketaren galderak filtratu egin zizkiotela. Ohartarazi zioten espediente bat zabalduko ziotela, baina lan eskaintza publikoari uko egiten bazion Osakidetzan «lana izaten jarraituko zuela», arduradunei «mesede bat» egingo zielako.

Oposiziogilea «hertsatua» sentitu zen bilera hartan. Osakidetzako eta IVAPeko ordezkariek «segada» jarri ziotela uste du. Uko egin zion lan eskaintza publikoari: «Abaildu egin nintzen, beldurtu. Egoerak izutu egin ninduen». Nabarmendu du gaur egun ez liokeela uko egingo lan eskaintza publikoari.  

Osakidetzatik kanpo

Kexatu egin da, lan eskaintza publikoari uko egin bazion ere Osakidetzako «eremu guztietan» egoera «jasanezina» egin dutelako. Osakidetza utzi egin zuen, eta osasun zerbitzu pribatuetan lan egiten du.

Medikuak azaldu duenez, azterketako emaitzak jakin eta bi egunera, Osakidetzako eta IVAPeko zuzendariekin bildu zen. Eskaera bat egin zioten: eska ziezaiola oposiziogileari lan eskaintza publikoa bertan behera uzteko. Halako eskaera egiteko arrazoia ere eman zioten: hautagairen batek azterketaren kontrako helegitea aurkeztuz gero, berriz egin beharko litzatekeela, eta hori «sekulako endredoa» izango litzatekeela.

«Infernuko zigorrak»

Medikuak oposiziogilearekin hitz egin zuen, eta oposiziogileak uko egin zion lan eskaintza publikoari. IVAPeko goi kargudunek oposiziogilearekin izan zuten jokabidea salatu du: «Gela batean sartu, eta esan zioten ez zuela lanik egingo eta salaketa aurkeztuko zutela haren kontra». Ez zen harritu jakin zuenean lan eskaintza publikoari uko egin ziola, baina erabakia «bidegabea» iruditzen zaio: «Infernuko zigorrekin mehatxu egiten badizute, neska gazte bat baldin bazara eta Osakidetzako bi buruzagi etortzen baldin badira zu beldurtzera...».

Ez zaio harrigarria iruditzen oposiziogileak medikuak prestatutako galdera ia guztiak ondo erantzutea. Medikuaren arabera, berak 46 prestatu zituen, eta oposiziogileak 44 erantzun zituen zuzen; atzo emandako datuen arabera, 50 prestatu zituen, eta oposiziogileak 48ri erantzun zien ondo. Medikuak prestatu ez zituen galderetan, erdiei inguru erantzun zien zuzen. Medikuari ez zaio «esajeratua» iruditzen erantzun zuzenen arteko alde hori. Ezta harrigarria ere berak prestatutako galderetan hainbeste asmatzea: argudiatu du galdera «dezente» zeudela haur kirurgiari buruz, eta oposiziogileak arlo hori menderatzen duela. Zaragozako (Aragoi, Espainia) ospitale batean espezializatu zen arlo horretan. «Norbaitek izan behar du lehena», esan du epaiketan. Azaldu nahi izan du ez zituela arlo horretako galdera asko egin semearen neska lagunari mesede egiteko: «Ez zuen nire laguntzarik behar».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA