Bi pertsona epaitzen ari dira Osakidetzaren 2016-2017 urteetako oposizioetako ustezko filtrazioengatik

Zortzi urteko ibilbide judizialaren ostean, gaur abiatu da Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako ustezko irregulartasunen epaiketa. Hasieran auzipetutako hemeretzi akusatuetatik bi baino ez dituzte epaituko.

Epaiketaren gaurko saioa, Arabako Probintzia Auzitegian. L. RICO / EFE
Epaiketaren gaurko saioa, Arabako Probintzia Auzitegian. L. RICO / EFE
Peru Amorrortu Barrenetxea - Kepa Ugarte Martiarena
Gasteiz
2026ko urriaren 20a
18:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

50 galderetatik 48 asmatu zituen hautagaietako batek, Osakidetzak 2018an egin zituen azterketetan. Horrek irregulartasun susmoak piztu zituen gainontzeko oposiziogileen artean. Are gehiago jakin zutenean hautagai hori galderak prestatu zituen medikuaren semearen bikotekidea zela. Bada, gaur hasi dira epaitzen aitaginarreba-errainak, Arabako Probintzia Auzitegian, lehenengoak bigarrenari pasatu zizkiolakoan LEP lan eskaintza publikoko azterketaren galderak. Lehenengo saioan, hamahiru lekukok deklaratu dute. Bi akusatuek, berriz, bihar deklaratuko dute, epaiketaren bigarren eta azken saioan. Ustezko filtrazio horren harira, bi urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak medikuarentzako, eta urtebetekoa oposiziogilearentzako.

Inguru-minguru eta itzuli askoren ondoren, azkenik iritsi da epaiketa fasera Osakidetzako oposizioetako filtrazioen auzia. Halere, urardoturik heldu da kasua auzitegira: LAB eta ESK sindikatuek akusazio partikular gisa salaturiko hemeretzi pertsonetatik bi baino ez dira iritsi epaiketa fasera. Mediku bat —Donostia ospitaleko zerbitzuburua, garai horretan— eta oposiziogile bat. Oposiziogilea medikuaren semearen bikotekidea zen, eta «senidetza harreman berezi» horrengatik erabaki zuen auzitegiak haien aurkako akusazioei eustea, ESKko bozeramaile Patxi Nicolauk azaldu duenez. 

Fiskaltzaren arabera, medikuak kirurgia plastikoko espezialitateko probako galderak pasatu zizkion emakumeari, eta hark horregatik atera zuen hain emaitza ona proba horretan. Ustezko filtrazio horren harira, bi urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak medikuarentzako, eta urtebetekoa oposiziogilearentzako. Akusatuek ez dutenez aurrekaririk, errudun jota ere ez dira kartzelan sartuko. 2016-2017 urteetako LEP lan eskaintza publikoari dagozkio akusazioak. 2018an egin zituzten proba horiek.

Maite Iruretagoiena izan da epaiketako lehen lekukoa. IVAP Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria zen, eta IVAP arduratzen zen azterketen antolaketa teknikoaz. Iruretagoienak azaldu du azterketa teorikoak ehun galdera zituela eta akusatutako medikuak zehaztu zituela horietatik 50. Gainerako 50 galderak erabakitzea beste mediku baten esku geratu zen.

«Emaitza deigarriak»

Iruretagoienaren arabera, akusatutako oposiziogileak ondo erantzun zituen bikotekidearen aitak prestatutako 50 galderetatik 48; gainerako 50 galderetatik, berriz, erdiak baino gehixeago. Zuzen erantzundako galderen kopurua ikusi zutenean, IVAPeko ordezkariek oposiziogilearekin hitz egin zuten, eta esan zioten hobe zela azterketa eta LEPa bertan behera uztea. «Emaitzak deigarriak ziren: [akusatutako oposiziogileak] emaitzarik onena zuen, puntu askotako aldearekin, batez besteko emaitza oso baxua baitzen», nabarmendu du Fulgencio Aledo IVAPeko idazkari nagusi ohiak, epaiketaren gaurko saioan. Hala ere, oposiziogileak uko egin zion azterketa uzteko eskaerari, ez zela ezer gertatu adieraziz. Azterketa praktikora aurkeztu arren, LEPa bertan behera utzi zuen, egun batzuk beranduago.

Akusatutako medikuarekin ere bildu ziren, azaldu zezan oposiziogileak nolatan erantzun zituen zuzen hainbeste galdera. Medikuak azaldu zien zer bibliografia ikasi behar zuen bakarrik esan ziola oposiziogileari. Lekukoen arabera, akusatutako medikuak oposizioetako epaimahaiko kide izateari uko egin zion, azterketak egin aurretik, oposiziogileetako bat medikuaren semearen bikotekidea zelako. Hala ere, hark azterketaren galderak egin izana «irregulartasun bat» izan zela aitortu du Sotok.

«Emaitzak deigarriak ziren: [akusatutako oposiziogileak] emaitzarik onena zuen, puntu askotako aldearekin, batez besteko emaitza oso baxua baitzen»

FULGENCIO ALEDO IVAPeko idazkari nagusi ohia

Horrez gain, lekukotza eman du kirurgia plastikoko probara aurkeztu zen hogei hautagaietako batek. Salaketa jarri zuen Penelope Kaltzakortak, galdetegia filtratu zutela susmatuta. Gurutzetako ospitalean lan egiten zuen Kaltzakortak. Azaldu duenez, ondoren jakin zen oposiziogileetako baten «aitaginarreba» zela azterketa prestatu zuen pertsonetako bat: «Horregatik oposizioetako epaimahaitik erretiratu zen, azkenean».

Gainera, nabarmendu duenez, azterketa teorikoa «oso zaila» zen eta galdera «korapilatsuak» zituen. «Oposiziogile guztiek hori uste genuen, orain epaitzen ari diren hautagaiak izan ezik», adierazi du Kaltzakortak.

Azterketa egin zuten hogei pertsonetatik hamalauk ez zuten gainditu. Hala ere, argitaratu zen noten zerrendan azterketa egin zuten hogei hautagaietatik hemeretzi baino ez ziren agertzen, epaitutako oposiziogileak LEPa bertan behera utzi baitzuen. Hori «susmagarria» iruditu zitzaien gainontzekoei.

Sentsazio «gazi-gozoak»

Bi akusatu bakarrik daude. Gainerako hamazazpi auzipetuen aurkako auzibideak artxibatu egin zituen Arabako Probintzia Auzitegiko 2. atalak, iritzita akusatu horien artean zeuden mediku eta oposiziogileek ez zutela delituren bat izan zela pentsatzeko moduko harreman berezirik. «Halako harremanak egon, badaude: espezialitate bateko oposiziogile batek epaimahaiko mediku batekin egina zuen egonaldia, beste batean oposiziogileak epaimahaiko kide batekin lan egin zuen... Baina epaileek ez dute hor harreman susmagarririk ikusi», deitoratu du Nicolauk. 

Hain zuzen ere, epaiketa hasi dela eta, sentsazio «gazi-gozoak» dituztela adierazi du Nicolauk: «Batetik, pozik gaude, honek itxi egiten duelako ESKk duela zortzi urte hiru anestesistarekin batera aurkezturiko salaketak hasitako bidea, eta filtrazioen ustezko bi erantzule epaituko dituztelako. Bestetik, hasieran ikerketak dozena bat espezialitateri eragiten zien, ia hogei bat akusatu tartean zirela, eta, bide luze eta oso malkartsu baten ostean, espezialitate bakarreko bi pertsona iritsi dira epaiketara».

«Hasieran, ikerketak dozena bat espezialitateri eragiten zien, ia hogei bat akusatu tartean zirela, eta, bide luze eta oso malkartsu baten ostean, espezialitate bakarreko bi pertsona iritsi dira epaiketara»

PATXI NICOLAU ESKko bozeramailea

ESKko eledunaren ustez, epaiketako tirabirek erakusten dute «sarri errealitate judiziala eta soziala ez datozela bat». Epaitegietan izandako emaitza eskasarekin alderatu du oposizioetako filtrazioen auziek beste esparruetan izandako eragina: «Asebeterik gaude, zortzi urteren ondoren sindikatu honek lortu baitu halako filtrazioei bide eman zien lan eskaintza publikoaren eredua bukatzea». Nicolauren ustez, ESKk eta LABek bultzaturiko akusazio partikularrak erakutsi zuen Osakidetzan bazela filtrazioak egiten zituen sistema bat, eta filtrazioen polemikaren ondoren azterketa eredua aldatzeak amaiarazi egin duela hori.

Nicolauk, halaber, sindikatuen garaipentzat jo du garai hartako Osasun sailburuak, Jon Darponek, dimisioa eman izana ere. Aitzitik, ESKren eledunak adierazi du «harritzekoa» dela Alberto Martinez egungo Osasun sailburua kargura iritsi izana, «auziari hasiera eman zioten anestesiako espezialitateko epaimahaietan baitzegoen». Epaiketara iritsi diren akusatuak, ordea, ez dira anestesiako espezialitatekoak, kirurgia plastikoko espezialitatekoak baizik. Donostia ospitaleko mediku bat eta oposiziogile bat dira akusatuak.

Patxi Nicolau ESKko eleduna Gasteizko epaitegietan, epaiketa hasi baino lehen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Patxi Nicolau ESKko eleduna Gasteizko epaitegietan, epaiketa hasi baino lehen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Auziak bide luzea egin du epaiketa fasera iritsi arte. Probintzia auzitegiak 2024an erabaki zuen hemeretzi akusatuetako hamazazpiren aurkako auzibideak artxibatzea. Aurtengo apirilera arte ez zuen jakinarazi auzitegi horrek geratzen ziren bi akusatuak epaiketa aurreko saiora deituko zituela, baina saio hori bertan behera geratu zen hasieran, kasua epaitzekoak ziren hiru epaileek parte hartzeari uko egin ziotelako. Azkenik, epaiketa aurreko saioa egin zenean, fiskaltza eta defentsak ez ziren ados jarri, eta, horren ondorioz, epaiketa hasi da gaur. Ikusteko dago zer ekarriko duen bere garaian zalaparta handia eragin zuen kausa haren oihartzun apal honek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA