Fiskaltzak jazarpena eta intimidazioa ikusi ditu antiabortistek Gasteizko klinikan eginiko elkarretaratzeetan

Askabide klinikaren aurrean 2022ko irailetik azarora bitartean otoitzean eta kartelak eskuetan zituztela elkartzen ziren 21 antiabortista epaitzen aritu dira astelehenetik. Gaur azken saioa izan da. Epaiaren zain geratu da epaiketa.

Antiabortisten epaiketaren astearteko saioa. L. RICO / EFE
Antiabortisten epaiketaren astearteko saioa. L. RICO / EFE
kristina martin
2025eko azaroaren 20a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abortatzera zihoazen emakumeei jazarri zitzaizkien 21 pertsonaren aurkako epaiketaren azken saioa egin dute gaur. Gasteizko zigor arloko lehen epaitegian egin dituzte saioak. Gaur behin betiko txostenak irakurri dituzte, eta epaiaren zain geratu da epaiketa. Akusatuen aulkian eseri dira 21 ekintzaile antiabortista; 2022ko irailetik azarora bitartean egunero elkartzen ziren Gasteizko Askabide klinikaren aurrean, otoitzak ahotan eta abortuaren aurkako mezuak zituzten kartelak eta arrosarioak eskuetan. Klinikako langileei eta pazienteei jazarri izana egotzi diete.

Fiskaltzaren arabera, jazarpena eta larderia egon ziren akusatuek 2022ko irailaren 28tik azaroaren 7ra bitartean egunero Askabide klinikaren aurrealdean egin zituzten elkarretaratze horietan. Akusatuentzat bost hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak, nahiz eta aukera ematen duen zigor hori ordezkatzeko eta trukean komunitatearentzako lanak egiteko 110 egunez. Klinikak, zeina akusazio partikular gisa aurkeztu baita, eskatu du komunitatearentzako lanak egin ditzatela 75 egunez, 20.000 euroko kalte ordaina eman dezatela eta ezin daitezela ehun metro baino gertuago egon. Defentsak, berriz, absoluzioa galdegin du.

Gaurko saioan behin betiko txostenak aurkeztu dituzte alde guztiek. Fiskalak adierazi duenez, auzipetuak «ez ziren isilean otoitz egitera mugatu», baizik eta «modu koordinatuan» antolatuta zeuden, «klinikaren aurrean etengabeko presentzia zutela bermatzeko». Halaber, ohartarazi du otoitza entzuteko modukoa zela, eta agerikoa zela bazutela «haurdunaldia etetea erabaki zuten emakumeen erabakia oztopatzeko asmoa». Halaber, fiskalak esan duenez, 40 egun bizitzaren alde mugimenduan egindako ekintza hura antolatua zen. Mugimendu horrek fededunei dei egiten zien abortuak egiten diren kliniketara joatera eta han otoitz egitera. Fiskaltzaren arabera, «jazarpena, hertsapena eta intimidazioa» dira ekintza horien ondorioak. Militante antiabortista horien presentzia bera «koakzioa» dela argudiatu du.

Estrategia antolatua

Akusazio partikularraren iritziz, «estrategia kolektiboa, jarraitua eta antolatua» egon zen ekintza horien atzean, zertarako-eta klinikako langileengan eragiteko eta haurdunaldia eteteko eskubideari traba jartzeko. Askabideko abokatuak esan duenez, epaiketa horretan ez dira sinesmenak epaitzen; zera dago auzitan, «jazarpenerako plan sistematiko bat». Haren hitzetan, beldurra sortzeko antolatzen ziren akusatuak taldeka, eta, hortaz, derrigortze delitu baten egilekideak dira. «Beren presentziarekin jazarpen giroa sortzen laguntzen zuten», nabarmendu du abokatuak. «Otoitza arma gisa erabili zuten, eta fedea, koartada gisa», erantsi du.

Oso bestelako ikuspuntua plazaratu dute 21 akusatuen defentsako sei abokatuek. Hartara, klinikaren aurreko otoitzaldiak eta zezen plazen aurrean antitaurinoek egiten dituzten protestak parekatu dituzte. «Zer leku hobe bizitzaren aldeko iritzia emateko, kontrakoa praktikatzen den leku baten aurrealdea baino?», arrazoitu du abokatuetako batek.

Akusatuen defentsarako abokatuek azaldu dute otoitzak jainkoari zuzenduta zeudela, eta iritzi diote ezinezkoa zela klinikaren barruan horiek entzutea, ahapeka otoitz egiten zutelako, klinikatik 30 metrora, «kale zaratatsu batean». Hori dela eta, Askabideko gerente Igor Elberdinen, langile baten eta paziente batzuen testigantzak zalantzan ipini dituzte, eta gezurtatu dute klinikari kalterik sortu dioten. «Ez dago froga bat ere», adierazi dute.

Gainera, akusatuetako batek —apaiza da— hitz egin du epaiketan, eta esan du kalte ordaina emateko zigorra jartzen badiote ez duela betetzeko asmorik, abortuak egiten dituen zentro bati ez diolako dirurik emango.

Epai erabakigarria Europan

Espainiako Berdintasun ministro Ana Redondok atzo esan zuenez, Gasteizko epaiketa «erabakigarria» izango da Europan osoan, abortuak egiten diren osasun zentroetan antolatzen diren protesten aurkako borrokan. Redondok gogorarazi zuenez, 2022an Zigor Kodean egindako aldaketa bati esker ari dira epaitzen abortuaren aurkako aktibistak.

Horrekin lotuta, Redondok jakinarazi zuen kliniketara abortatzera joaten diren emakumeek jasaten duten jazarpen hori amaitzeko lanean ari direla Berdintasun Ministerioan. Halaber, adierazi zuen lantalde bat osatuko dutela Osasun Ministerioarekin elkarlanean, Abortuaren Legearen 2023ko erreforma garatzeko. Bestalde, esan zuen buru-belarri ari direla Espainiako Gobernuak abortatzeko eskubidea konstituzioan txertatzeko aurreproiektuan, eta espero dutela legealdia amaitu aurretik indarrean jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.