Fiskaltzak prozesu bat abiatu du Martxoaren 3ko biktimei erreparazioa emateko

Arabako Fiskaltzak, Espainiakoarekin elkarlanean, borondatezko jurisdikzioa erabilita epaitu nahi ditu 1976ko gertakariak. Lehen aldia litzateke ebazpen judizial batek Espainiako Polizia Armatuaren «errepresio bortitza» aitortuko lukeena.

Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldi bat, aurtengo martxoan. GORKA RUBIO / FOKU
Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldi bat, aurtengo martxoan. GORKA RUBIO / FOKU
Nerea Intxausti Castiñeira - Aitor Biain
2026ko urriaren 14a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren zauria ixteko bidean lehen urratsa izan daiteke, Arabako fiskaltzak eskatu baitu epaitegietan auzibide bat abiatzea 1976ko gertakarien nondik norakoak argitzeko eta biktimei erreparazioa emateko. Idatzi bat aurkeztu du horretarako, Espainiako Fiskaltzarekin batera, eta proposatu du auziari heltzeko borondatezko jurisdikzioa erabiltzea. Hau da, akusatuen aulkian inor eseri gabe, jazoera haren egia judiziala aitortzea. Lehen aldia litzateke ebazpen judizial batek Espainiako Polizia Armatuaren «errepresio bortitza» aitortuko lukeena.

Aurten, 50 urte bete dira Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik. San Frantzisko Asiskoaren elizan bildu ziren hainbat langile 1976ko egun hartan, greba orokor baten nondik norakoak eztabaidatzeko. Espainiako Polizia Armatua elizara sartu, tiroka hasi, eta tiroek eta gas poteek eraikineko leihoak txikitu zituzten. Bost langile erail zituzten, eta ehunka zauritu. Biktimen senideak justizia eske aritu dira ordutik, eta Espainiari galdegin diote behin eta berriz erantzukizuna bere gain har dezan. Baina ez dute halakorik lortu 50 urteko bide luzean.

«Formalki bi prozedura judizial abiatu ziren arren, egitate larri horiek zigorrik gabe geratu ziren, ez baitzen ikerketarik egin», gogorarazi du fiskaltzak oharrean, hain justu ere. Mende honen hasieran Argentinako justiziak frankismoko krimenak ikertzeko hasitako auzibidea izan zen azkena. Maria Servini epaileak Rodolfo Martin Villa garai hartan Espainiako ministro izandakoa ere auzipetu zuen, gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Are, Martin Villak Argentinaren Madrilgo enbaxadan ere deklaratu zuen inputatu gisa. Baina Argentinako Zigor Auzitegi Federalak eten egin zuen auzibidea 2022ko irailean, frogarik ez zegoela iritzita.

Borondatezko jurisdikzioa

Ondorioz, zigor bidea itxita dagoela iritsi da orain fiskaltzaren proposamena. Eta legeak zabaldutako zirrikitu bat baliatu nahi du auziak bere bidea egin dezan epaitegietan. Izan ere, Espainiako justiziak 1977ko Amnistia Legea erabili du aitzakiatzat martxoaren 3ko gertakariak eta frankismo garaiko krimenak ez ikertzeko. Baina 2022ko Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak aukera ematen du iraganeko gertaerak bide zibiletik epaitzeko, borondatezko jurisdikzioaren bidez. Gerra Zibileko eta frankismoko biktimei eta haien senideei iraganeko gertakariei buruzko adierazpen judiziala lortzeko modua ematen die, inor epaitzen eta zigortzen ez baldin bada ere. 

Bada, fiskaltzak tresna hori baliatu nahi du 1976ko martxoaren 3ko sarraskiak orain arte izan duen zigorgabetasuna amaiarazteko. «Borondatezko jurisdikzioaren espedientea justizia errestauratiboaren tresna baliotsua bihurtu da estatu kolpearen, gerraren eta diktadura frankistaren biktimentzat. Kasu honetan, duela 50 urte gertatu arren, hiri honen memoria historikoaren parte diren gertakarien biktimei ordaina eman nahi zaie», adierazi du ohar bidez. 

Euskal Herrian badira aurrekariak. Txomin Letamendirena (Bilbo, 1901 - Madril, 1950) da horietako bat. Letamendi musikaria zen ofizioz, baina EAJko militante gisa Euzko Gudarosteko komandante izan zen 36ko gerran. Eta behin hura amaituta, Euskal Informazio Zerbitzuentzat lan egin zuen; lehenik erbestean, eta gero Hego Euskal Herrian. Frankistek atxilotu eta torturatu egin zuten. Giza Eskubideen Behatokiak kereila aurkeztu zuen, eta tramiterako onartu ondoren, urriaren 6an zen epaiketa abiatzekoa. 

Urrats garrantzitsua

Martxoaren 3ko sarraskiari dagokionez, Carmen Cotelo Arabako Fiskaltzako buruak hartuko du kasua bere gain, gertatutakoak «daukan garrantzia» kontuan hartuta. Ez dute jakinarazi noiz abiatuko den auzibidea, baina dozenaka herritarrek pasatu beharko dute epailearen aurretik lekukotza ematera. Fiskaltzak ziurtatu du informazio dokumental «andana» bildu dutela dagoeneko, eta ikerketa sakona egin nahi dutela 1976ko egun hartan Gasteizko Zaramaga auzoan gertatu zena argitzeko.

Helburua argia da, hala ere: egitateen ziurtagiri judiziala eskuratzea, biktimen eta haien senideen erreparazio ordain modura. Ez da gauza txikia, fiskaltzak nabarmendu duen gisan, justiziak inoiz ez baititu biktimak «modu eraginkorrean» kontuan hartu orain arte, ez haien urteetako eskariak eta nahiak gogobetetzeko, ezta izandako kalteari ordaina emateko ere. Horregatik, gaur emandako pausoak duen garrantzia nabarmendu du fiskaltzak: «Egitateak preskribatuko du, baina biktimek ez diote inoiz biktima izateari utziko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA