PSE-EEk badauka leloa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako: Erantzunak. Idoia Mendia lehendakarigaiak aurkeztu du, Bilbon egindako ekitaldi batean. «Lelo argia eta tinkoa da, eta kanpainan guk zertaz hitz egingo dugun adierazten du: irtenbideez eta erantzunez, berehalakoez eta epe luzekoez, COVID-19ak utzitako krisi honetan inor atzean gera ez dadin». Horretarako, uste du «desberdinen arteko akordio» bila ibili beharko dela uztailaren 12ko bozetatik aurrera ere, «hori baita emaitzarik onenak dituen formula». Azkeneko legealdi honetan PSE-EE EAJrekin egon da Jaurlaritzan, eta halaxe dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan, hiriburuetan eta beste udalerri askotan ere.
Mendiaren esanetan, herritarren «kezkak» enplegua, osasun arloa, zerbitzu publikoak eta hezkuntza dira, eta PSE-EE saiatuko «irtenbideak» ematen. «Baikor» azaldu da, uste baitu bere alderdiak proiektu «segurua eta fidagarria» duela. «Erantzunen garaia da, ez liskarrarena; euskal ezker arduratsuaren garaia da».
Miguel Angel Morales PSE-EEko Antolakuntza idazkariak adierazi du bere taldearen bidez herritarrek «gizarte justuago, jasangarriago eta berdinago bat egiteko egitasmo eraldatzailea, konprometitua eta ausarta» sostengatzeko aukera izango dutela hilabete barruko hauteskundeetan. Mendiak eskatu du euren burua «progresistatzat» daukatenek aintzat har dezatela Euskadiko Alderdi Sozialista. «Haien denen babesa bildu nahi dut».
EAJ, autogobernuaren alde
Aitor Esteban EAJko diputatuak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, azaldu du bere alderdiaren helburua «euskal autogobernuaren aldeko akordioetan oinarrituta eraikitzea» dela, «batez ere, euskal hiritarren bizi baldintzak hobetzeko. Batzuek horretara hurbildu nahi badute, urteotan eragozpenak jartzen ibili ostean, gugatik ondo».
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia politika sozialen alde mintzatu da. Carlos Iturgaiz PP-C's-koak, berriz, kritika egin dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren kudeaketari, hainbat alorretan plangintzarik ez duela esanda.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gaur hitzaldi bat eskainiko du, Donostian, «hurrengo hamarkadako erronkak» eta indar subiranistak dituen proposamenak aurkezteko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
«Formula» berarekin segitu nahi du Mendiak
PSEko lehendakarigaia «desberdinen arteko akordio» bila ariko da. Leloa: 'Erantzunak'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu