Hauteskundeak

Foru Hobekuntza berritu eta erreferenduma egitea proposatu du Geroa Baik

Barkosek aldarrikatu du trafikoa eta espetxeko osasuna eurei esker esku aldatu direla, eta kritikatu du sozialistak haien lanaz «baliatu» direla

Uxue Barkos Geroa Baiko lehendakarigaia. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2023ko maiatzaren 12a
18:17
Entzun

Autogobernuari erreparatu dio Geroa Baik, hauteskunde kanpainako lehen egunean.

Iaz, Foru Hobekuntzak 40 urte bete zituen; baina Nafarroako Parlamentuak antolatutako mahai-inguru bat salbu, oharkabean pasa zen efemeridea. Azken orduan, abenduan, Nafarroako Gobernuak ekitaldi politiko bana antolatu zituen; bata, Madrilen eta bestea, Iruñean. Bestela deus gutxi egin zen, nahiz eta 2019ko akordio programatikoak jaso legebiltzarrean prozesu parte hartzailea eratuko zela «Nafarroaren status quo-a definitzeko eta eskumen gehiago bereganatzeko».

Ikusi gehiago:Eskuina zatiturik eta inoiz baino irekiago, hasi da kanpaina

PSNk hitzartutakoa bete ez duela ikusirik, Geroa Baik aldarrikatu du Foru Hobekuntza XXI. mendeko errealitatera egokitu asmoz «berritu» egin behar dela. Behin edukia hitzartuta, herritarrei erreferendum bidez galdetu behar zaiela azpimarratu du, era berean, Uxue Barkos lehendakarigaiak.

Legealdi honetan, Nafarroako Gobernuak trafikoa, espetxeko presoei osasun arreta ematea eta bizitzeko diru sarreren errentaren eskumena esku aldatzeko akordioak sinatu dira Madrilekin. Azken transferentzia 2001ean egin zenez, lorpenaren garrantzia nabarmendu dute hilabeteotan Maria Txibitek eta PSNk.

«PSNk ez du paper bat mugitu»

Uxue Barkosek bazkideari euren lanaz «baliatu» nahiz izatea aurpegiratu dio. Izan ere, bere ustez, Geroa Baik «ausart eta tinko» jardun du eskumen lortzeko ahaleginean.

Gogora ekarri du trafikoaren inguruko konpromisoa berak sinatu zuela Moncloan, 2018ko urriaren amaieran, eta Maria Jose Beaumont aurreko legealdiko Barne kontseilariak lana aurreratuta utzi zuela. «PSNk ez du paper bat ere mugitu eta Geroa Baik egindako lana erabili du argazkia ateratzeko eta etekin politikoa erdiesteko».

Aurrera begira, berriz, oraindik esku aldatu ez diren eskumenetan sakontzeko bidetik joko dutela azaldu du: hala nola, bekak, ikerketa eta garapena eta Foruzaingoak ingurumen zaintza bere gain hartzea. 2019ako akordio programatikoan jasotako konpromisoa bere egin du eta Parlamentuan Foru Hobekuntza berritzeko batzordea bultzatuko duela promes egin du.

Alde Zaharrari begira

Koldo Martinez Iruñeko alkategaiak, berriz, udaletxe aurrean egin du kanpainako ekitaldia. Bertan, proposatu du Alde Zaharreko hainbat gune berriz urbanizatzea: Horietako bat, Basotxoa da. Gainera, Nafarroako Museoaren ingurunea eta artxibategia arteko tartea oinezkoentzako eremu bihurtu nahi dute. Santa Ana plaza aldatzea ere promes egin du Martinezek.

Halaber, hautagaiak beharrezko jotzen du Nabarreriako plan osoa aurrera eramatea eta udaletxe alboan den Burgoen plaza eraldatzea, «Alde Zaharreko eremu horrek bizitza berreskuratu dezan».

San Domingoko baratzeetan zentro bat, zibiko eta kirol arlokoa, eraikitzea proposatu du, eta aldarrikatu du auzoa biziberritu behar dela haurrentzako eta helduentzako. «ez dadin soilik izan asteburuko alkoholaren eta aisialdiaren eremu bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.