Foru Hobekuntzan autogobernua babesteko neurriak jaso daitezen proposatu du Barkosek

Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eskatu du, eta salatu Maria Txibiteren proposamena «arreta desbideratzeko keinu bat» izan daitekeela. Politikoki aldarrikatu du demokrazia baliatu behar dela eskuin muturrari aurre egiteko.

Uxue Barkos, gaur, Nafarroako Parlamentuko Foru Hobekuntzari buruzko lantaldean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Barkos, gaur, Nafarroako Parlamentuko Foru Hobekuntzari buruzko lantaldean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko ekainaren 19a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Presarik gabe, baina premiazkoa da aldatzea, eta tinko aldarrikatu behar da». Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak «baietz» esan dio Foru Hobekuntza erreformatzeari. Haren ustez, 45 urte hauetan Espainiako Gobernuak ez ditu eskumen guztiak eskuz aldatu eta, era berean, autogobernuaren bilakaera baldintzatu du. Horregatik funtsezkotzat jo du etorkizuneko testuak autogobernua babesteko neurriak jasotzea. «Aldekobikotasunik ez dago parez pareko harremanik ez badago», argudiatu du. 

Legealdi hasieran Nafarroako Parlamentuan sortutako lantaldea amaierara heldu da. Azken bi urteetan handik iragan diren aditu eta politikari guztien modu berean, bere ekarpenak eta gogoetak plazaratu ditu Uxue Barkos Geroa Baiko senatari autonomikoak. Agerraldietan, euskararen gaia oso presente egon da, eta indarra hartu du. Juan Cruz Allik euskararen ofizialtasuna eskatu zuen Nafarroa osorako, eta Miguel Sanzek, aldiz, halakorik ez egitea. Barkosek «ustekabean» hartu zuen Alliren proposamena, eta «aurrerapauso bat» dela deritzo.

Maria Txibite egungo lehendakariak datorren ostiralean parte hartuko du lantaldean, baina atzo aurreratu zuen Foru Hobekuntzan euskara «hizkuntza propiotzat» jotzeko asmoa dutela. Barkosek gogora ekarri duenez, 1986ko Euskararen Legeak berak aitortzen du euskara hizkuntza propio gisa; ondorioz, hori bakarrik onartzeak «ez luke ezer aldatuko, ez luke ekarpenik egingo». EH Bilduk ontzat jo du Txibiteren proposamena, eta Barkosek ohartarazi dio «arreta desbideratzeko keinu bat» izan daitekeela. Barkosen ustez, PSNk bat egiten du immobilismoan UPNrekin eta PPrekin.

Foru Hobekuntzan euskararen ofizialtasuna Nafarroa osorako aitortzea eskatu du. Azaldu duenez, Nafarroako Parlamentua eskaera horren alde agertu zen 1980an, baina gero Foru Hobekuntzaren eztabaidan ez zen errespetatu borondate hori, eta zonifikazioa hitzartu zen. haren ustez, erabat ezohikoa da lurralde berean eskubideak eremuka banatzea. «Hau da hutsegite historiko hori konpontzeko garaia». 

Aldaketa horren ondorioek gizartean tentsioa sor dezakeela diotenei, berriz, «beldurra eragitea» leporatu die. Eta UPNri eskatu dio zentzuz jokatu dezala gai horretan, «ez delako egia» euskara eskatuko litzatekeela funtzio publikoko lanpostu guztietan, baizik eta eskakizun hori dutenetan bakarrik. 

Autogobernuaren defentsa

Foru Hobekuntzaren gainerako aldaketei begira, Barkosek proposatu du Nafarroako Parlamentuak aldaketa prozesua abiarazteko eskumena ere izatea, gaur egun Espainiako eta Nafarroako gobernuen esku baitago. Era berean, edozein aldaketa erreferendum bidez berretsi beharko litzatekeela uste du.

Geroa Baiko eledunak autogobernua sendotzeko neurriak proposatu ditu. Haren ikuspegitik, oraindik ez da egin eskumen guztien transferentzia, eta Foru Hobekuntzak «gabeziak» ditu, ez duelako tresnarik Madril behartzeko bete ez dituen konpromisoak betetzera. Gaur egun, politikoki presio egin besterik ez dago, haren ustez, baina akordioen bilakaera zaintzeko tresnak sor daitezke Foru Hobekuntzaren bidez. 

Gogora ekarri du Nafarroak Espainian eraikitako azpiegituren %1,6 ordaintzen duela urtero ekarpen bidez: «Aldiz, estatuak hemen egindako inbertsioak unean uneko gobernuaren borondatearen araberakoak dira. Ezin gara horren menpe egon». Aldarrikatu du Nafarroak erabakimena izan behar lukeela eskumenak dituen arloetan, hala argindar sarearen planifikazioa zehazteko nola Europako Batasuneko Ecofin Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluaren bileretan parte hartzeko.

Barkosen ustez, estatuak ez luke «sabairik ezarri behar» Nafarroak oinarrizko eskubideak garatzeko orduan. Halaber, gaineratu du Hitzarmen Ekonomikoa berritu egin behar dela, erregimen komuneko finantzaketa autonomikoaren esparruan zorrari buruz hartu diren erabakiek «ondorio kaltegarriak» izan dituztelako Nafarroan. Salatu du «Madrilen borondatearen arabera» hartzen direla erabakiak, baina horrek  Foru Hobekuntza «desegin» egingo duela luzera begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE