Fronte Zabalak memoria eta elkarbizitza defenditzeko eskatu du botoa

Erorien Monumentu aurrean, «konpromiso antifaxista» dutela aldarrikatu du koalizioak.

Txema Mauleon, Ane Sanchez eta Carlos Guzman, gaur, Askatasun plazan, Erorien Monumentu aurrean. FRONTE ZABALA
Txema Mauleon, Ane Sanchez eta Carlos Guzman, gaur, Askatasun plazan, Erorien Monumentu aurrean. FRONTE ZABALA
joxerra senar
2026ko azaroaren 23a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroan diputatua lortzeko boto ihesari aurre egin behar dio Fronte Zabalak. Gaur, Iruñeko Erorien Monumentu aurrean koalizioaren aldeko botoa eskatu dute, «demokrazia, memoria eta elkarbizitza defenditzeko». 

Duela hiru urte ia 44.000 boto eskuratu zituen Sumarrek eta azken diputatua lortzeko 2.900 botoren faltan geratu zen. Oraingo honetan Fronte Zabala eta Podemos banandurik aurkeztuko badira ere, kanpainan bi helburu ditu ezkerreko koalizioak: eremu horretan ahalik eta boto gehien bildu, batetik; eta, bestetik, boto baliagarriaren kontrako mezua zabaldu, boto emaileak PSNra eta EH Bildura alde egin ez dezaten.

Horretarako, gaurkoan toki sinbolikoa aukeratu dute, eraikin horren eraispenaren aldeko euren jarrera goraipatuta. Iruñeko Erorien Monumentuan «orainaldiko erantzukizun moduan konpromiso antifaxista» dutela aldarrikatu dute Ane Sanchez hautagaiak, Carlos Guzman parlamentariak eta Txema Mauleon Iruñeko zinegotziak. 

Lau ildo

Memoriaren arloan, «ausardiaz, koherentziaz eta anbizioz» jokatuko dutela adierazi du Guzmanek, eta lau ildo azpimarratu: oraindik ere lurpean diren gorpuzkinak desobiratzeko finantzaketa ziurtatzea, frankismoaren aztarna zein sinbologia faxista oro kentzea, memoria demokratikoaren guneak duintzea eta hezkuntzan memoriaren arloko edukiak blindatzea».

Txema Mauleonen arabera, asko dago jokoan igandean. «Ez dago jokoan alternantzia. Oinarrizkoena dugu jokoan, demokrazia, bizikidetza, balioak eta askatasuna». Gogora ekarri du PP eskuin muturrarekin gobernatzeko prest dagoela eta jokabide horrek demokraziaren oinarrizko printzipioak urratzen dituela.

Ildo beretik, Ane Sanchez hautagaiak «faxismoaren kontra eta elkarbizitzaren alde» bozkatzera dei egin du. «Alderdi hauek frankismoa justifikatu dute, diskurtso supremazistak elikatu dituzte migratzaileen kontra, indarkeria matxista ukatu dute eta LGTBI kolektiboaren kontrako diskurtsoa elikatuko dute».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA