GALi buruzko egia agerrarazteko lan baten abiatzea iragarri dute Frantziako Asanblean

Louis Joinet institutuak eginen duen lanak «Frantziako Estatuaren inplikazioa» argitzea izanen du helburu, eta parlamentari talde batek jarraipena eginen dio. Txosten horretan oinarritu nahi dute, urte baten buruan ikerketa parlamentario bat irekitzeko.

Massias eta Dufau, Pariseko, GALi buruz Frantziako Asanblean antolatutako gaualdian. BERRIA
Massias eta Dufau, Pariseko, GALi buruz Frantziako Asanblean antolatutako gaualdian. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko urriaren 15a
08:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

GALek Ipar Euskal Herrian eragin zuen bortizkeriari buruz egia agerraraztea; 1980ko hamarkadan izan zen estatu terrorismoan Frantziako Estatuak izan zuen inplikazioa argitara eramatea. Horiek dira Louis Joinet institutuak abiatuko duen lanaren helburuak. Txosten bat landuko dute urtebeteko epean, eta Frantziako parlamentarien esku utziko dute, Frantziako Asanblean gaiari buruzko ikerketa parlamentario bat abiatzea bultzatzeko. «Mugarri bat» da, Ipar Euskal Herriko diputatuen erranetan.

Begi guziak Frantziako Asanbleara zuzenduak ziren atzo arratsaldean, Sebastien Lecornu lehen ministroaren politika orokorreko hitzaldia entzuteko. Baina Euskal Herritik begiratuta, beste ekitaldi garrantzitsu bat ere antolatu zuten gauean Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz PSko diputatuek eta Peio Dufau EH Baiko diputatuak. Sylvie Garaten GAL, au nom de la raison d'état dokumentala erakutsi zuten (GAL, Estatu arrazoiaren izenean), eta gaiari buruzko mahai inguru bat antolatu zuten. Beste alderdietako hainbat diputatuk ere parte hartu zuten emanaldian.

Mahai ingurua egin zuten ondotik, GALen garaian Baionan instrukzio epaile izan zen Christophe Seys eta Jean Noel Etxeberri Txetx militantearen lekukotasunekin —Monbarreko atentatuaren lekuko izan zen garaian, besteak beste—. Gaualdi horren bukaeran iragarri zuten Louis Joinet institutuak abiatuko duen lana.

Egia eta adiskidetzea

Euskal Herrian ezaguna da IFJD justizia eta demokraziaren aldeko Louis Joinet institutua, Jean Pierre Massias zuzenbide irakaslea buru duena. Bake Bidearen eta Bakegileen bukaeraren egunean, iragarri zuten lan bat abiatuko zutela euskal gatazkaren memoria landuko duen egia eta adiskidetze batzorde bat sortzeari buruz. Betharramgo ikastetxe pribatu katolikoan gertatu ziren sexu indarkeriaren eta indarkeria fisikoen segipenean ere esku hartzen ari da.

(ID_17605271857505) (/BERRIA) GALi buruzko gaualdia Frantziako Asanblean
GALi buruzko gaualdia Frantziako Asanblean. BERRIA

Atzo iragarri zutenez, beste lan bati ekingo diote orain. GALen garaian estatu terrorismoak Ipar Euskal Herrian eragin zuen bortizkeriari buruzko egia agerrarazi eta Frantziako Estatuaren erantzukizuna mahaigaineratzea helburu izanen duen lan bat abiatuko dute. Diputatuek osatutako lotura talde batek eginen dio jarraipena. Urtebeteren buruan, txosten bat helaraziko diete parlamentariei; ondoren, horretan oinarritu nahiko lukete Frantziako Asanblean ikerketa parlamentario bat abiatzeko. 

Ikerketa horretan integratuko dute euskal gatazkaren garaian Ipar Euskal Herrian izan diren bortizkerien azterketa, ororen buru, instituzioen barnean egia batzorde bat prestatzeko helburuarekin. «Prozesu hori ezinbestekoa izanen da biktima guzien aitortzarako», adierazi dute hiru diputatuek agiri batean. Diputatuek «demokraziari eta zuzenbide estatuari buruzko irakaspenak» ateratzeko balioko duela espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.