EH Bilduko Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua

Oihana etxebarrieta: «Garai honek ez ditu grisak onartzen; oso argi dugu nor dagoen bloke bakoitzean»

Mertxe Aizpurua ordezkatzeko, EH Bilduk bere kide sendoenetako bat bidaliko du Espainiako Kongresura, Gipuzkoako zerrendako lehen tokian. Etxebarrietak argi azaldu du oraingoa ez dela «erdibidekoentzako garaia».

Oihana Etxebarrieta. GORKA RUBIO / FOKU
Oihana Etxebarrieta. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

DONOSTIA— Oihana Etxebarrieta (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987) «seguru» dago eman duen pausoarekin: Madrilen EH Bilduren proiektuak jada «ateak zabalik» dituela uste du, eta «geroa positiboa» izan daitekeela. Dena den, nabarmendu du ez dela ahaztu behar A-29ko bozetan zer dagoen jokoan: «Inboluzio izugarria ala eskubideetan aurrerapausoak ematen jarraitzea».

Azaroaren 29ko hauteskundeak azken urteetako garrantzitsuenak direla esaten ari dira. Hala al dira?

Garai historiko bat bizitzen ari gara. Boz hauek ez dira ohiko hauteskunde ziklo baten barruan sartzen den beste prozesu bat, ez baita alternantzia demokratiko batean barruan gertatzen den ohiko prozesu bat. Bi proiektu erabat kontrajarriren arteko talka baten aurrean gaude. Inboluzio izugarria ekar dezakeen nostalgikoen prozesu batera joan gaitezke, eta horrek, ondorioz, lortutako eskubide guztiei eragingo die. Edo aukera bat egon daiteke eskubide sozial eta politikoetan aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Oraingoak ez dira edozein hauteskunde.

Zehazki, Euskal Herriak zer du jokoan?

Euskal Herriak zera du jokoan: herri bezala bere biziraupenari eutsi eta aurrera egiten jarraitzea, edo atzera egitea. Lehen aipatu dugun bi eredu horien talkan badago arriskurik, ez soilik zentralismora jotzeko, baita estatua modu autoritario batean ulertzen dutenengana jotzeko ere. Eta hor Euskal Herriak izugarri sufritu lezake, nazio zapaldu gehiagok sufrituko luketen moduan. Euskal Herria osatzen dugun herritar guztiok, emakumeok, migranteek... asko sufrituko genuke. Espainiar Estatuan eragin handia izango luke arrisku hori gauzatzeak, noski, baina Euskal Herrian bereziki talka larria legoke. Eta ez dugu ahaztu behar: hauteskunde hauek bat egingo dute Frantziako Estatuan egingo direnekin, eta horiek ere inboluzioa eta eskuin muturreko gobernu bat ekar dezakete Ipar Euskal Herrira. Arrisku bizia da mugaren bi aldeetara bizi garen euskal herritarrentzat.

EH Bildu beldur da PP-Vox gobernu batek ez ote duen atzerapausorik ekarriko Euskal Herriko bizikidetzari dagokionez?

Badago kezkarik, baina guk ez du ezer galdutzat ematen; garrantzitsua da hori esatea. Jakin behar dugu zer etor daitekeen, baina jakin behar dugu ere dena ez dagoela galdua. Gu borroka horretarako prest gaude, baina, egia da, bloke erreakzionario horrek oztopoak jar diezaizkioke azken hamabost urteotan Euskal Herrian landu den bizikidetza prozesuari. Alderdiek eta jendarteak berak egin duten eta egiten ari diren prozesuaz ari naiz, oraindik ez baitira bukatu eman beharreko pauso guztiak.

Espainiako Gorteetarako bozak ez dira errazak izaten alderdi abertzaleentzat, boto emaile askok estatu mailako poloetara jotzen dutelako. EH Bilduk, oraingoan, argi kokatu du bere burua bloke horietako batean. Zergatik?

Ez delako ekidistantziarako garaia. Garai honek ez ditu grisak onartzen. Mertxe Aizpuruak azaldu zuen hori oso argi. Ez da erdibidekoentzako garaia; hau da, eskubideen alde kokatzeko garaia da, eta horregatik kokatu gara argi eta garbi, ez baititugu nahasi behar demokraziaren alde lerratuko direnak eta ez direnak. Guk oso argi dugu nor dagoen bloke bakoitzean.

«Estatus berriari begira, ezinbestekoa da orain arteko gobernu moldeetan jarraitzea; bestela, ezinezkoa izango da lor genezakeen gutxieneko akordio hori aurrera eramatea. Badakigu besteekin jai dugula»

Eneko Goia EAJko diputatugaiak esan du eraikuntza nazionala bazterrean utzi duzuela.

Guztiz kontrakoa da. Euskal Herriari begira egindako hautua da gure kokapena, eta bada internazionalista ere, baina Euskal Herriaren aldekoa. Besteak beste, estatus berriaren edukian ematen ari garen pausoei begira, ezinbestekoa da orain arteko egoeran orain arteko gobernu moldeetan jarraitzea; bestela, ezinezkoa izango da lor genezakeen gutxieneko akordio hori aurrera eramatea. Badakigu besteekin jai dugula; badakigu beste horiekin euskarak eta gure herriak, oro har, zer-nolako kaltea izan dezaketen. Beraz, herri bezala hazten jarraitzeko eta geure burua askatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da gardenak izatea orain.

Estatus berriaren prozesua geldiaraziko luke Madrilen PP-Vox gobernu bat izateak?

Ez du zertan. Elkarrizketek uzten duten oinarria ez da galtzen. Hori hor geratuko da, eta horrek berak aurrerapauso bat dakar. Agerikoa da: Espainiako Gobernuaren aldean egoera aldatu egiten da; alegia, nor izango dugun parean. Hala ere, garrantzitsua da etxeko lanak aldez aurretik eginda edukitzea etor litekeen inboluzioari herri gisa aurre egiteko. Estatusa gu herri bezala defendatzeko mekanismoa bat ere bada. Azaro-abenduetan egongo den egoera aintzat hartuta hitz egiten jarraitu beharko dugu, bidea egiten; horretarako konpromisoa dugu.

Gerta daiteke Eusko Legebiltzarrean Gernikako Estatutua berritzeko akordio bat onartzea, nolabaiteko mugarri bat jartzeko eskuin muturrak gobernua osatzen badu?

Ez dakit zer konpromiso zehatz dituzten negoziatzaileek. Ez dakit zein litzatekeen formula.

Inkestetan 8-9 eserleku ematen dizkizuete. Sinesten duzue?

Ez, inkestek joerak islatzen dituzte, eta, hori bai, goranzko joera argia dugu inkesta guztietan. Geroz eta jende gehiagori sumatzen diogu hazkundera eraman gaitzakeen joera hori. Hala ere, ez dago hain argi hilabete batetik bestera zer gertatuko den, ikusten ari garenez. 

Sei diputatu dituzue Madrilen. Espero duzue langa hori gainditzea?

Orain ditugun emaitzak hobetzea espero dugu.

«Lokatz handia espero dugu, tamalez. Gu ez gara horretan sartuko, baina agerikoa da; bloke erreakzionariokoen elkarrizketak entzutea baino ez dago ohartzeko non dauden nostalgikoak»

Azken inkestekin batera iritsi dira terrorismoarekin lotutako atxiloketa batzuk. Zer-nolako kanpaina espero du EH Bilduk?

Lokatz handia espero dugu, tamalez. Gu ez gara horretan sartuko, baina agerikoa da; nahikoa da bloke erreakzionariokoen elkarrizketak entzutea ohartzeko nortzuk diren nostalgikoak. Agerikoa da batzuek horren beharra daukatela herritarren benetako beharrez ez hitz egiteko. Eskatzen ari zaizkigu etxebizitzaz hitz egiteko, pentsioez mintzatzeko, eta, horren ordez, mamu batzuk astintzen dituzte. Euskal jendarteak bide bat egiten jarraitu nahi du, eta ez du lokatzik behar horretarako. Gu ez gaituzte topatuko lokatz horretan.

Esaten dute gaien agenda ezartzen duenak lortuko dituela emaitzarik onenak.  

Herritarren agenda entzuten dakienak lortuko du ondo kokatzea. Etxebizitzaren gaia da adibiderik argiena: jendartearen mobilizazioak ekarri du erdigunera. Herri mobilizazioak aldatu du agenda. Beraz, fokoa kalean ere badago. Askotan, jendartea ez da mugitzen guk uste dugun bezala, agenda propioa baitu, eta hori entzuten jakin behar da. Hor dago gakoa.

Kaleak hitz egiten du, baina etxe barruan ere badira boto emaileak.

Bai, baina kaleari ez zaio entzun luzaroan. Orain derrigortu egin gaituzte entzutera. Edonola ere, jendarte osoaren kezkak non dauden entzuten jakin behar da, eta entzuketa prozesuak egitea garrantzitsua da gero proposamen zintzoak egin ahal izateko. Horretan gabiltza gu.

EH Bilduk greba egingo du etxebizitzaren alde?

Bai. EH Bilduk bat egin du greba deialdiarekin. Mobilizazioa oso tresna indartsua da, eta Euskal Herriak aldarrikapen propioak izango ditu.

«Ezagutzen nautenek badakite oso-oso zaila dela nik irribarrea galtzea, gauzak argi baino argiago esan baitaitezke irribarrea galdu gabe. Inoiz irribarrea galtzen badut, agian joateko garaia izango dut»

Zer garrantzi izango dute A-29ko emaitzek 2027ko maiatzeko udal eta foru bozei begira?

Baliteke eragina izatea, baina testuingurua beste bat izango da. Maiatzean, gure eguneroko bizitzarekin lotutako tokiko aldagai askok garrantzi handiagoa izango dute. Udal politikaren garaia izango da.

Madrilen zer gertatu, horrek hemengo aliantza politikoen plaka tektonikoak mugi ditzake?

Aldaketa handiak etorriko direla pentsatzen ari gara, beharbada, eta ez da xalotasuna: uste dut dena ez dagoela erabakita. Asko dago jokoan, baina geroa positiboa izan daiteke, ez ahaztu. Gu irribarre batekin goaz, eta irribarre hori ez da xalotasuna.

Espainiako Kongresuan ez da erraza izango beharbada irribarreari eustea. Horren inguruko hausnarketa pertsonalik egin duzu?

Ohartzen naiz zer-nolako taldea izan dugun Madrilen, eta horrek babes eta lasaitasun izugarria ematen dit. Talde horrek bidea zabaldu du, eta gure proiektua jadanik ateak zabalik dituela goaz gu. Ezagutzen nautenek badakite oso-oso zaila dela nik irribarrea galtzea, gauzak argi baino argiago esan baitaitezke irribarrea galdu gabe. Inoiz irribarrea galtzen badut, agian joateko garaia izango dut.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA