Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileek salatu dute gero eta eraso gehiago daudela garraio publikoan

Sindikatuen arabera, grebaren erantzuna oso zabala izan da. Besteak beste, segurtasuna bermatzeko baliabide teknikoak exijitu dituzte langileek.

Bizkaibusen eta Euskotrenen greba
Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileek manifestazioa egin dute gaur goizean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko martxoaren 19a
14:30
Entzun

Garraio publikoan eraso fisikoak eta hitzezkoak areagotzen ari direla salatu dute gaur Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileek. CCOO, UGT, ELA, USO eta LAB sindikatuek deituta, greba egin dute ehunka lagunek. Hain zuzen, 2.500 behargin baino gehiago zeuden grebara deituta, eta, deitzaileen arabera, oso erantzun zabala izan du lanuzteak: «Eusko Jaurlaritzak agindutako %30eko gutxieneko zerbitzuak baino ez daude martxan». Euren egoera ikusarazteko, manifestazioa egin dute goizean Bilbon.

Goizeko zortzietan, ehunka langile bildu dira EITBren egoitzaren aurrean, eta, Eraso gehiagorik ez garraio publikoan lelopean, Bizkaiko Foru Aldundira abiatu dira. Bi ordu eta erdiko martxa egin dute, errepidea moztuz eta trafikoa mantsotuz. Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileez gain, Bilbobusekoak eta metrokoak ere bertan izan dira, elkartasuna adieraziz. Zerbitzu minimoetan zegoen Bizkaibuseko autobus bat igaro den bakoitzean, gidariek babesa eman diete lankideei, klaxona joz.

Noizbait eraso dieten gidari ugari izan dira protestan. Hain justu, duela bi aste gertatu zitzaion Alberto Nuñezi. «Bilboko Maximo Agirre kalearen inguruan, gizon bat errieta egiten hasi zitzaidan, gaizki esaka, esanez geltoki batean jaitsi nahi zuela eta ez niola utzi». Nuñezek kontatu duenez, Plaza Eliptikora ailegatzen ari zirela, COVIDaren aurkako pantailari kolpeak ematen hasi zen bidaiaria. Autobusa gelditu aurretik, gainera, pantaila kendu eta kolpe bat eman zion Nuñezi. «Zortea izan nuen: kolpea ez zen zuzena izan, eta ez nuen eraso fisikorik pairatu, baina betaurrekoak apurtu zizkidan», gogoratu du.

Erasoa gertatu zenean, Nuñezen kezka nagusia autobusaren kontrola ez galtzea zen, hogei bidaiari inguru zeuden-eta bertan. «Hau autobidean gertatu balitz, oso arriskutsua izango zen autobuseko lagun guztientzat, baita errepideko guztientzat ere». Hamazortzi urte daramatza Nuñezek gidari, eta aitortu du erasoak areagotu egin direla pandemiatik: «Jendeak azkarrago galtzen du pazientzia, eta gehiago iraintzen dute».

Langileek ez dute ahaztu iazko urtarrilean euren kide batek jasan zuen erasoa. Mungia eta Bilbo gauez lotzen dituen Bizkaibuseko ibilbidean, eraso egin zioten autobus gidari bati, eta, kolpeen ondorioz, konortea galdu zuen. Duela egun batzuk, auzitegiak 210 euroko isuna jarri dio gidariari, egun hartan bidaiari bati lesioak eragiteagatik. «Ez gaude ados erabakiarekin», salatu du Goizalde Lekue Bizkaibuseko gidariak. «Guk jendea lanpostura, etxera edo nahi duen lekura eramaten dugu; ez gaude prest hori onartzeko».

Sei eraso eta mehatxu ugari

Urtarriletik gaur arte «dozena erdi» eraso egon direla nabarmendu du Juan Carlos Gonzalez MB enpresako batzordeko presidenteak. Iaz, berriz, hogei inguru egon ziren. «Pandemia aurretik, kasuak bakanak ziren; ordutik, pila bat areagotu dira», esan du. Are, mehatxuen gorakada ere azpimarratu du. «Beldurra eragiten dute».

Eraso gehiago ez gertatzeko, langileek bitarteko eta baliabide gehiago eskatu dizkiete gaur erakundeei. Batetik, gizarteak kontzientzia hartzeko kanpainak nahi dituzte; eta, bestetik, baliabide tekniko gehiago. Izan ere, erasoak gertatzen direnean, langileek aukera dute botoi bat sakatzeko eta laguntza eskatzeko. Beharginek salatu dutenez, baina, askotan botoiak ez du funtzionatzen. «Nik botoia sakatu nuen, baina, dirudienez, ez zuen funtzionatu», azaldu du Nuñezek. Beste batzuetan, berriz, funtzionatzen duen arren, laguntza berandu heltzen dela salatu dute.

«Gaur egun, erasoak normalizatzen ari dira, eta hori ezin dugu onartu», kexu da Gonzalez. Eta erantsi du langileak ez direla «seguru» sentitzen euren lanpostuan. «Horri aurre egin behar diogu, eta hori da gaur aldarrikatzen ari garena». Azaldu duenez, aldundiak lan batzorde bat sortuko du, konponbideak aurkitzen saiatzeko. Oraindik ez dute datarik ezarri.

Segurtasun pantailak jartzea da aukeretako bat. Gonzalezek zehaztu duenez, langileak beti egon dira pantaila horien aurka, «gertutasuna» eragozten dutelako. Halere, gaur egungo egoera ikusita, hori izan daiteke aukera bakarra, Nuñezen hitzetan: «Guk horiek gabe egin nahiko genuke lan, baina lehentasuna segurtasuna da; beraz, ongi etorriak izango dira».

Itsasne Llamosas gidariarentzat, pantailak ez dira hain aukera ona: «Segurtasunagatik ondo egon daitezke, baina nik klaustrofobia daukat; beraz, ez dakit horrekin lan egin ahal izango dudan». Llamosasek zortzi urte daramatza gidari. Hasi eta lau hilabetera, eraso egin zioten: «Gizon bat autobusera igo zen, bi makilarekin aulkiak jotzen hasi zen, eta beste bidaiari bat mehatxatu zuen labana batekin. Zorionez, susto bat besterik ez zen izan, botoiak funtzionatu egin baitzuen». Llamosasek azaldu duenez, erasoa gertatu zenean, bere tokitik altxatu zen, jendea lasaitzen saiatzeko. Baina salatu du gidariek ezin dutela ezer egin: «Ezin dugu erantzun, ezta ezer egin ere; nork lagunduko gaitu gu?».

Gidariak ez dira erasoak jasaten dituzten bakarrak. Euskotreneko langileak ere manifestazioan izan dira, eta, azaldu dutenez, txarteldegietan lan egiten dutenek gero eta eraso fisiko eta hitzezko gehiago pairatzen dituzte. «Herritarrek txartela ordaintzen ez dutenean, haiengana hurbiltzen dira, eta erasoak jasaten dituzte». Berehalako neurriak exijitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.