Gasteizen eskola segregazioa geroz eta handiagoa dela ohartarazi dute

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Gasteizko Udalari eskatu dio eskola publikoaren aldeko publizitate kanpaina egin dezala. Hilaren 29rako manifestazio baterako deia egina dute Bilbon, 'Segregazioaren kontra, publikoa da bidea' lelopean.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, gaur, Gasteizko Udaletxearen aurrean. EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, gaur, Gasteizko Udaletxearen aurrean. EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko azaroaren 21a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Gasteizko eskola publikoan dagoen segregazio handiaz ohartarazi du gaur Gasteizko Udaleko osoko bilkuran: salatu duenez, eskola publikoen erdia baino gehiago atzerriko ikasleak eta indize sozioekonomiko apala dutenen «ghettoak» bilakatu dira, eta hirian «etengabe» ari da gora egiten segregazioa. «Bi mundu ezberdin eta paraleloak sortzen ari gara, diru publikoarekin finantzatzen ari garelako ikasleen arteko diskriminazioa», salatu dute plataformako kideek. Haien iritziz, egungo hezkuntza sistema publiko-pribatua dago arazoaren erroan, «ikasleak sailkatzeko eta estratifikatzeko tresna delako».

Segregazioari irtenbidea eman aldera, plataformak eskola publikoaren aldeko kanpaina egiteko eskatu dio Gasteizko Udalari, mozio baten bidez. Honako hau eskatu diote: datorren ikasturteko aurrematrikula aldia baino lehen, kanpaina bat egin dezala gasteiztarrak animatuz hiriko eskola publikoetan, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, udal haur eskoletan eta Haurreskolak partzuergoan matrikulatzera; horretarako eskura dituen komunikazio bide eta sare sozial guztiak baliatzea galdegin diote udalari.

«Bi mundu ezberdin eta paraleloak sortzen ari gara, diru publikoarekin finantzatzen ari garelako ikasleen arteko diskriminazioa»

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO

Plataformak gogora ekarri du 2022an Save The Childrenek zurian beltz jarri zuela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren errealitatea txosten batean: lan horretan azaldu zuenez, euskal autonomia erkidegoa da ikasleen jatorriaren arabera segregazio maila altuena duen erkidegoa, eta bigarrena segregazio sozioekonomikoari dagokionez. «Hiru hiriburuen artean, Gasteiz da sailkapen triste horretan hiririk segregatzaileena», azpimarratu du plataformak. Horregatik uste du Gasteizko Udalak eskola publikoaren aldeko publizitatea egin behar duela: «Gure ustez, familia gehienek irakaskuntza publikoa aukeratuko balute, segregazioa gutxituz joango litzateke».

EAJ eta PSE-EEren jarrera

Euskal Eskola Publikoaz Harro taldearen mozioari osoko zuzenketa aurkeztu diote EAJk eta PSE-EEk, eta horrek egin du aurrera bilkuran. Udal gobernua sostengatzen duten alderdien jarrera salatu dute plataformako kideek: «Ontzat jo dute egoera hau sortu duen hezkuntza politika, eta ez dute gurekin eztabaidatu nahi izan».

Plataformak nabarmendu du eskola segregazioaren eta «injustizia sozialaren» aurka lan egiten jarraitzeko asmoa duela. Besteak beste, manifestazio batera deitu dute hilaren 29rako, Segregazioaren kontra, publikoa da bidea lelopean. Bilbon egingo dute, 17:30ean, eta hara joateko deia egin diete segregazioaren kontra dauden guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.