Argi esan dute: erantzukizuna «publikoa» da. Joan den urrian bi familia etxegabetu zituzten Gasteizen, eta horietako seme-alaben bi hezkuntza zentroetako —Abendaño Ikastolako eta Miguel de Unamuno Institutuko— familien elkarteek agerraldia egin dute gaur, Gasteizko Udal Batzordean. Salatu dute Gasteizko Udalak «erantzun desegokia» eman duela eta egoera «jasanezina» dela; hots, «haurren eskubideen kontrako erasoak» salatu dituzte.
Emakume bat eta bere bi seme-alabak, 10 eta 13 urtekoak, urriaren 5ean etxegabetu zituzten. Udal zerbitzuek logelak alokatzen dituzten enpresen telefono zerrenda bat eman zioten, etxe bat bila zezan, eta bien bitartean, ostatu batean hartu zuten aterpe. Oraindik han daude. Hezkuntza zentroetako ordezkarien arabera, «logela bat besterik ez dute», ez komun propiorik, ez sukalderik; hortaz, familiak ez dauka «lasai egoteko leku duinik», ezta eguneroko zereginak gauzatu ahal izateko ere.
Beste familia urriaren 14an etxegabetu zuten. Zortzi lagun dira denera: bi heldu eta sei adingabe. Familia horrek udalak eskainitako aterpetxe batean hartzen du babes; aterpetxea, berez, 18 urtetik gorakoentzat da. Gainera, lo egiteko soilik joan daitezke hara, eta ezin dira bertan egon 09:00etatik 20:00etara artean. «Zer egingo dute seme-alabetako batek sukarra baldin badu?», salatu dute hezkuntza zentroetako ordezkariek. Gehitu dutenez, 7 urteko alabak diabetesa du, eta halako egoera batean ezin du behar duen arta jaso.
Abendaño Ikastolako eta Miguel de Unamuno Institutuko familien elkarteek iritzi diote adingabeek ez lieketela halako egoerei aurre egin beharko, eta «haurren eskubideak bermatzeko» exijitu dute. «Zortzi adingabek leku ezegonkor batean ematen dute eguna, atseden hartzeko, ikasteko edo egoki jateko aukerarik gabe», gaineratu dute.
Hala, Haur eta Nerabeei buruzko Legea eskuetan, Gasteizko Udalari gogorarazi diote udalaren ardura dela «babes publikoko etxebizitza politika bat» garatzea eta sustatzea, seme-alaba adingabeak dituzten familiek etxebizitza bat «errazago» eskuratu ahal izateko. Galdera sorta bat egin dute: «Zenbat etxebizitzaren jabetza du udalak? Zenbat daude eskuragarri? Zenbat daude gordeta gizarte larrialdiko egoeretarako? Zeintzuk dira halako egoeretan dauden familiek dituzten ostatu aukerak?». Eta gehitu: «Baliabide nahikorik ez izatea ezin da izan gizarte premiei erantzuteko betebeharra ordezkatuko duen betiereko azalpena».
Txostenak, informazioa eta aukerak
Orain arte egindakoa ez ezik, egin gabekoa ere auzitan jarri dute hezkuntza zentroetako familien elkarteek. Haien arabera, Gasteizko Udalak eskumena dauka halako egoeretan familiei buruzko zaurgarritasun txosten bat egiteko, eta Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko, babes ofizialeko etxebizitzetarako sarbidea errazago izan dezaten. Bada, ordezkariek adierazi dute ez dakitela udalak izapide hori martxan jarri ote duen. Gogorarazi dutenez, urriaren 28an Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxasok esan zuen oraingoz ez dutela halako txostenik jaso.
Horiek horrela, Gasteizko Udalari eskatu diote txosten hori gauzatzeko, bi familiei «erantzun duin bat» emateko bidean. «Txosten bakoitzaren atzean egonkortasuna, intimitatea, segurtasuna eta osasuntsu hazteko baldintza egokiak behar dituzten adingabeak daude», azpimarratu dute.
Bestalde, salatu dute zenbait hedabidetan bi familiei buruzko informazio faltsua eta datu pertsonalak zabaldu direla azken asteotan. Gertaera horrek «kezkatu» egiten dituela esan dute, eta udalari galdegin diote prentsan zabaldutako mezuak aztertzea.