Gasteizko Abendaño Ikasleen Familien Elkarteak elkartasuna adierazi die hil honetan hirian etxegabetu dituzten bi familiei. Elkarteak «konponbide bat» eskatu die erakundeei: «Premiaz jokatu beharra dago; bi familiei zein egoera horretan dauden guztiei etxebizitza duina bermatu beharra dago». Horretaz gain, aurreko ostiralean Ertzaintzak familietako baten etxegabetzean erabilitako «bortizkeria» kritikatu du.
Ikusi gehiago
Elkarteak agerraldi bat egin du gaur, Gasteizen. Bertan adierazi dutenez, urriaren 5ean etxegabetutako ama bat eta bi adingabeak ostatu etxe bateko logelan bizi dira, ez dute sukalderik eta komuna partekatzen dute. Aurreko ostiralean etxegabetutako bi guraso eta sei adingabeko familiak udal aterpetxean lo egitea izan du aukera bakarra. Aterpetxea 20:00etatik 08:00ak arte zabalik dago, eta, ondorioz familiak eguna kalean igaro behar du.
Ikasleen Familien Elkarteak erantzukizuna ez du etxejabeen gain jarri. Bi familien egoerak arazo beraren erakusle direla adierazi dute agerraldian: «Etxe agentzien merkatuaren ondorioz ezin da etxebizitza bat eskuratu, erakundeek ez dituzte gizartearen etxebizitza beharrak kontuan hartzen».
Adingabeek etxebizitza bat beharrezko dutela nabarmendu dute: «Etxe bat ez da soilik teilatu bat: babesleku bat da, segurtasun gune bat eta bizi proiektu bat garatzeko aukera bakarra». Adingabeek horrelako egoerei aurre egin behar izateak «larriki» baldintzatzen du euren egonkortasuna, eta haurrek eskubide duinak izan behar dituztela adierazi du elkarteak.
Azken egunotan komunikabide desberdinek zabaldutako «informazio pribatu zein faltsuaren» harira, elkarteak komunikabideei dei egin die familien eremu pribatua babesteko. Izan ere, komunikabide batzuek argitaratutako informazioek datu pertsonalak babesteko legearekin «talka» egiten dute, eta udal informazioaren erabileraren legitimitatea «zalantzan» jartzen dute.
Poliziaren esku hartzea
Elkarteak «kezka» adierazi du aurreko ostiraleko poliziaren esku hartzearekin. Polizia gogor oldartu zitzaien etxegabetzearen aurka protesta egitera bildutako ehunka gazteei, eta hainbat lagun atxilotu zituen: «Ezin da inola ere justifikatu hain metodo bortitzak erabiltzea, era gutxiago adingabeen kontra erabiltzen direnean».
Gazteek elkartasuna erakusten duten bakoitzean Poliziak «indarkeriaz» eraso egiten diela salatu du elkarteak. Gainera, adingabeek etorkizunean ez dutela etxebizitzarik «segurtaturik» nabarmendu dute: «Erakundeei eskatzen dieguna da etxebizitza politikak, gizarte zerbitzuen politikak eta haurren babeserako politikak berrikustea».