«Gure abuela eta abuelo-ei, gure aitona-amonei, duela 50 urte erakutsi zigutelako duintasuna zer den! Gora Martxoak 3!». Aldarri hori egin zuen abuztuaren 4an Iñaki Kerejazuk, Zeledon herri pertsonaiarena egiten duen aktoreak, Gasteizko jaietako txupinazoaren bukaeran. Plazak bero hartu zuen mezua, txalo eta aldarri artean, baina Gasteizko alkate Maider Etxebarriak (PSE-EE) ez du begi onez ikusi: «festak aldarri politikoekin ez nahasteko» eskatu dio Kerejazuri, jaien balorazioa egiteko gaurko prentsaurrekoan hedabideek mezu horri buruz galdetu diotenean.
Ikusi gehiago
Laburra izan zen txupinazo eguneko Zeledonen diskurtsoa, eta Martxoaren 3ko biktimen aldeko izan zen egin zuen aldarri bakanetakoa. Aipaturiko hitzak esatearekin batera, Zeledonen laguntzaileek Martxoak 3 elkartearen zapi beltzak atera zituzten, eta Andre Maria Zuriaren plazako jendea «Polizia, hiltzaile!» oihukatzen hasi zen. Ostegunean, gainera, elkarte horrek antolaturiko omenaldira joan zen Kerejazu. 1976ko martxoaren 3an hildako biktimak omendu zituzten egun hartan, baita Jose Luis Isasi ere. Zeledonena egiten duen aktorea egun hartan ez zen atera, biktimekiko elkartasunez.
Gasteizko alkateari ez bide zaizkio gustatu elkartasun keinu horiek. «Errespeturik handiena diet Kerejazuk izan ditzakeen aldarriei, baina festak ez dira nahastu behar politikarekin», azpimarratu du alkateak behin baino gehiagotan gaurko prentsaurrekoan. «Ez dugu nahasterik nahi. Ez da nahastu behar», nabarmendu du Etxebarriak.
Barkamen eskea
Handik ordu gutxira, ordea, alkateak adierazi du «azelerazio politikoak eta nekeak» eragindako «gaizki-ulertua» izan dela bere adierazpenen ondorioz, eta Kerejazuri barkamena eskatu diola esan du X sare sozialean (lehen, Twitter) zabaldutako mezu baten bitartez.
«Ez naiz egoki aritu Zeledonek Martxoaren 3ari buruz esandakoen inguruan galdetu didatenean, pankartekin eta banderekin zerikusia duten polemikekin batzuek festen inguruan egiten duten politizazioa aipatu baitut», azaldu du Etxebarriak. Alkatearen arabera, beraz, erantzun horretan ez zen Zeledonen adierazpenei buruz ari, kazetariek horri buruz galdetu badiote ere.
Iñaki Kerejazuri «barkamena» eskatu diola esan du alkateak, eta «elkartasun osoa» ere adierazi die Zeledoni eta Martxoaren 3ko biktimei. Gehitu du ez zuela egun hartako «tragediaren» oroimena «zikintzeko» asmorik.
Festa «borobilak»
Gainerakoan, jaien inguruko balorazio «oso positiboa» egin dute alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kulturako zinegotziak (EAJ). Jaiak «ezin hobeak, ia borobilak» izan direla adierazi du Etxebarriak, delituak ez baitira ugaritu. Sexu eraso «larririk» egon ez izana ere azpimarratu du alkateak. Zehazki, delituen arloan, aurten 395 salaketa izan dira, iaz baino lau gehiago, eta sexu askatasunaren aurkako erasoengatik lau delitu salatu dira, iaz baino lau gutxiago.
Txupinazoan 60.000 ikusle inguru izan ziren, baina Zeledonen igoerak ere arrakasta nabarmena izan du aurten, 40.000 pertsona inguru bildu baitziren igande goizaldean Zeledonen panpinaren San Migel dorrerako bueltako bidea ikusteko. Zeledon Txiki eta Edurneren jaitsieran, berriz, 20.000 herritar bildu ziren, Gasteizko Udalaren datuen arabera. Kontzertuek izandako arrakasta ere nabarmendu du Diaz de Corcuerak. Leire Martinezek abuztuaren 5ean emandako kontzertura, esaterako, 10.000 pertsona bildu ziren.
Ikusi gehiago
Egun hartan, hain zuzen ere, ikuskizunetako teknikariak grebara deituta zeuden. Grebak oihartzun nabarmena izanagatik, txosnetako egitarautik kanpo, egitarau ofizialeko bi ekitaldi baino ez ziren bertan behera geratu: Felix Petite antzokiko antzezlan bat eta Aihotz plazako kontzertu bat. Teknikariok sindikatuko eledunek salatu zutenez, Gasteizko Udalak teknikari autonomoak kontratatu zituen egun horretarako, grebak eraginik ez izateko, eta Leire Martinezek teknikari propioak ekarri zituen.
Bigantxen inguruan ere mintzatu dira alkatea eta zinegotzia. Urteak dira Gasteizek zezenketarik antolatzen ez duela, Gorka Urtaran (EAJ) alkate zenetik, baina bigantxak mantendu dira. Laster, ordea, Iradier Arena zezen plaza moldatzeko lanak hasiko ditu Gasteizko Udalak, eta, zezen plaza izateari utziko dionez, bigantxak ezingo dira bertan antolatu. Udalak bestelako guneren bat aurkitzeko aukera plazaratu du, baina hautetsiek ziurtzat jo dute lanak 2027ko abuzturako ez direla hasita egongo oraindik, eta, hortaz, beste urte batez ere bigantxak egingo direla Gasteizko jaietan.