Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin du eguerdian Gasteizko Udalak. Gasteizkoa zen biktima, 36 urte zituen, eta gizonezkoak, bikotekideak, hil egin zuen labankadaz. Atzo jakinarazi zuen Gasteizko Udalak biktima gasteiztarra zela, eta gaur eguerdirako elkarretaratze isil batera deitu zuen Plaza Berrian, gaitzespena adierazteko.
Maider Etxebarria alkatea buru zela egin dute bilkura, eta beste erakunde batzuetako ordezkariek —tartean Emakunde— segurtasun indarretako kideek eta herritarrek bat egin dute protestarekin. Hildako emakumearen bizilagunak ere izan dira elkarretaratzean. Bost minutuko isilunea egin dute hilketa matxista salatzeko.
Indarkeria matxisten aurkako «erabateko arbuioa» agertu du alkateak elkarretaratzean. «Erasotzaileek eta tratu txarren egileek aurrean izango gaituzte», adierazi du.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere hilketa gaitzetsi du, eta Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan kontzentrazioak antolatu ditu arratsalderako. Gasteizen, 18:30ean egingo dute kontzentrazioa, Andre Maria Zuriaren plazan.