Gasteizko lorezainek greban jarraitu edo ez bozkatuko dute gaur

Eusko Jaurlaritzak proposamen bat egin die Enviser enpresari eta langileei, eta enpresa onartzeko prest dago. Langileek batzarra egingo dute.

Gasteizko lorezainen manifestazioa, iragan ostiralean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko lorezainen manifestazioa, iragan ostiralean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko uztailaren 7a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ehun eguneko greba egin eta gero, Gasteizko lorezainek aintzat hartzeko moduko proposamen bat dute: Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak egin die proposamena, baina Enviser enpresa onartzeko prest dago. Langileen (ELA, LAB eta ESK) eta enpresaren ordezkariak Lan Saileko arduradunekin bildu dira gaur arratsaldean, eta, proposamena aztertuta, bihar langileei hitza ematea erabaki dute: langileek proposamena onartu edo atzera bota erabakiko dute batzar batean, hau da, grebarekin jarraitu edo ez. Asteazkenean berriro bilduko dira Lan Saileko ordezkariekin.

Enviser enpresa arduratzen da gasteizko lorategiak eta parkeak mantentzeaz. Langileak greba mugagabean daude martxoaren 26tik. Lan baldintza duinak eskatzen dituzte, eta bere soldatekin bizitzea ezinezkoa dela salatu dute. Orain arte ez dute lortu Enviser enpresak haien eskaerak aintzat hartzea; udalari —hark kontratatu zuen Enviser—, berriz, egotzi diote enpresaren alde aritu dela, eta ez duela bitartekaritzarik egin, zerbitzua azpikontratatu duen erakundea bera bada ere. Langileen eta enpresaren ordezkariak behin baino gehiagotan elkartu dira Lan Gatazkak Ebazteko prozeduraren barruan, baina ez dute lortu akordiorik. «Oztopo nagusia» soldaten igoera da, langileen arabera.

Gaurko bilera egin eta gero, langileek onartu dute Eusko Jaurlaritzaren soldatei buruzko proposamena ez dela nahikoa, ez dituela bere eskaerak betetzen. Eusko Jaurlaritzaren proposamena honako hau izan da: iazko KPIa gehi %2,2ko igoera aurten; %2koa hurrengo urtean eta 2027an; eta oinarrizko soldata urtean 2.250 euro igotzea 2028an. Soldatez gain, urteko ordu kopuruari eta erretiro partzialei buruzko neurriak ere proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Udalak esan izan du ezin duela enpresa pribatu baten lan baldintzetan eragin. Gainera, udalaren eta langileen arteko harremana asko gaiztotu da. Judimendi auzoko San Joan suan Beatriz Artolazabalen aurpegia zuen eta Beatriz kapar idatzia zuen panpina bat erre zuten. Artolazabal Gasteizko Udaleko alkateorde eta Eremu Publikoko zinegotzia da, eta haren eskumenetan dago lorezainen kontratazioa. «Indarkeria» kasua izan zela salatu zuen Artolazabalek, eta Gasteizko Udalbatzak gaitzespen ohar bat onartu zuen, EH Bilduren babesik gabe. 

Gutxieneko zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen ekainaren erditik. Erabakia zuritzeko bi txostenetan oinarritu zela esan zuen: batetik, Gasteizko suhiltzaileen buruak ondorioztatu zuen landarediaren eraginez suteak izateko arriskua «handia» zela; bestetik, Gasteizko Udaleko Trafiko sailaren arabera, hiriko zenbait tokitan belarrek errepideko seinaleztapena ezkutatu dute, eta istripuak gertatzeko arriskua handiagoa da.

Langileek manifestazioa egin zuten iragan ostiralean, grebaren 101. egunean. «Etorkizunean gertatzen dena gertatzen dela ere, Gasteizko lorezainek dagoeneko irabazi dugu», esan zuen Iñigo Lopez de Arroiabe lorezainen bozeramaileetako batek. «EAJk eta PSE-EEk nahi adina luzatu dezakete agonia, baina ez dute beste erremediorik izango denontzat duinak diren lan baldintzak eta soldatak bermatzea baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.