Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak ez du atzera egin Jose Miguel Etxeberria Naparra desagertze behartuen inguruan ondutako erakusketatik kentzeko egindako eskaerei dagokienez, ezta familiak hala exijituta ere. Are, indar egin du hura ETAk desagerrarazi izanaren gaineko interpretazioan. Zehazki, Naparra desagertu zenetik 46 urte bete diren honetan, zentroko Artxibo, Ikerketa eta Dokumentazio arduradun Gaizka Fernandez Soldevillak bertsio horri eutsi dio, eta Naparra Meliton Manzanas torturatzaile frankistarekin alderatu du, «biktima eta biktimario» izaeran indar eginda. Hain zuzen, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak «onartezintzat» jo du alderaketa hori, eta familia berriz biktimizatzen ari dela salatu du.
Apirilaren 21ean ezagutarazi zuten auzia Egiari Zor fundazioak eta Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak: haien hitzetan, Absentzia presenteak izeneko erakusketan Komando Autonomo Antikapitalistetako kidearen heriotzaren inguruko egia «desitxuratu» zuen Gasteizko zentroak, «kontakizun faltsu» batekin. Eta ari da oraindik ere, GEBehatokiaren arabera hark uko egin baitie familiak eta memoria erakundeek Naparraren auzia erakusketatik kentzeko egindako eskaerei.
Atzera egitetik urrun, bereari eutsi dio zentroak. Erakusketan, ETA? BVE? izenburupean, Naparra ETA militarrak hil izanaren teoria hipotesi nagusi gisa aurkeztu du, eta gauza bera egin du X sare sozialean Fernandez Soldevillak ere. Haren arabera, Batallon Vasco Español eskuin muturreko taldeak hilketa zenbait aldiz bere gain hartu bazuen ere, «nahasteko, beldurtzeko eta esklusibak saltzeko taktika» baten parte izan ziren aitortza haiek. Jarraian adierazi du ETAk taktika hori erabili ohi zuela. «Autonomoek argi zuten Pertur auzia errepikatu zela», ondorioztatu du azkenik, desagertzea ETArekin lotuta, nahiz eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en kasuaren harira EHUko Giza Eskubideen Katedrak eta Gogora institutuak egindako txosten batean 2017an zehaztu zuten ez zegoela froga nahikoa haren desagertzea ETApm-ri edo Espainiako zerbitzu sekretuei egozteko.
Hain zuzen, GEBehatokiak berak Naparraren auzia argitzeko urratsak eskatu zituen atzo. Bi indusketa lan egin dira orain arte, baina emaitza positiborik gabe. Hala, euskal diputatu eta senatarien bitartez, Espainiako Gobernuari exijitu nahi dio «berehala desklasifikatzeko» Naparraren gorpuzkiak «bahitu, desagerrarazi eta ezkutatzeari buruzko dokumentazioa».
Manzanas eta berriz biktimizatzea
Horiek hala, GEBehatokiak «onartezintzat» jo du Fernandez Soldevillaren haria, eta «kontakizun bakar bat inposatzeko» asmoa ikusten du jokabide horren atzean. Ez soilik «duela 46 urtetik behartutako desagertze bat pairatzen ari den familia bat» berriro biktimizatzen duelako, baizik eta Naparra Brigada Politiko Sozial frankistaren Gipuzkoako buruarekin alderatzen duelako: «Jose Miguel Etxeberria Alvarez [Meliton] Manzanasekin alderatzen du, eragindako tormentuengatik hildako biktimak dituen torturatzaile ezagunarekin».
Zehazki, Fernandez Soldevillak adierazi du ezin dela Naparraren «ibilbidea edulkoratu», argudiatuta Komando Autonomo Antikapitalistek 32 lagun hil zituztela. Adierazpen horrekin batera, «biktima eta biktimario» izaera eman dio, eta zerrenda horretara batu ditu Meliton Manzanas —ETAk tiroz hila, 1968an—, Juan Paredes Txiki —diktadurak 1975ean fusilatutako etakidea— eta Jose Miguel Beñaran Argala —BVEk lehergailuz 1978an hildako etakidea—. Hain zuzen, eztabaida handi bat izan zen auzi horren gainean aurreko udan ere; orduko hartan, Txikiren eta Angel Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira. Eztabaidaren abiapuntua Gogora-ko zuzendari Alberto Alonsoren hitzak izan ziren, adierazi baitzuen bi etakideek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zutela.