BERO BOLADA

Berotea markak hausten ari da Europa mendebaldean

Atzoko eguna historiako egunik beroena izan zen Frantzian, eta iragarri dute Erresuma Batuan ere marka hautsiko dutela gaur. Italian alerta gorria piztu dute hiri batzuetan, baina bihar tenperaturak freskatu egingo dira.

Hainbat pertsona Parisko Trocaderoko iturrian bainua hartzen, atzo. YOAN VALAT / EFE
Hainbat pertsona Parisko Trocaderoko iturrian bainua hartzen, atzo. YOAN VALAT / EFE
inaut matauko rada
2026ko ekainaren 24a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Normalean abuztua izan ohi da Euskal Herrian eta Europan hilabeterik beroena, eta hilabete horretan izan ohi dira herritarrak gogaitzen dituzten bero boladak. 2025eko uda nahiko freskoaren ostean, goiz eta batez ere gogor hasi dira bero boladak. Maiatzaren amaieran, garai hartarako ezohikoa zen bero bolada bat izan zen, baina uda hasi berritan Europa mendebaldea jo duen beroteak maiatzekoa gainditu du, aise. Frantziari buruzkoak dira lerroburu gehienak, atzoko eguna herrialdearen historiako egunik beroena izan baita, erregistroak daudenetik behintzat. Egun osoan zehar batez beste 29,8 gradu izan ziren Frantzian, eta lekuren batzuetan 44 graduko tenperatura gainditu zen.

Erreferentziazko 30 estaziotako datuak erabili dituzte batez besteko tenperatura hori kalkulatzeko, eta 2003ko eta 2019ko bero boladetan erregistratutakoa gainditu zuten atzo. 2003an eta 2019an, 29,4 graduko batez besteko tenperaturak erregistratu zituzten.

Gaurkoan, bero boladak Euskal Herria, Espainia eta Frantzia gogor jotzen jarraituko du, baina Britainiar uharteetara ere igoko da. Erresuma Batuko txoko batzuetan 40 graduko tenperaturak gaindituko direla aurreikusi dute, eta Chris Fawkesek, BBC telebistako eguraldi iragarleak, esan du 2026ko ekaina inoizko ekainik beroena izango dela ziurrenik, hilabetea oraindik amaitu ez bada ere. Aurreikusi dute bero bolada honetan Erresuma Batuko tenperatura marka hautsiko dela; gaur egun, 2022ko uztaileko egun batek du marka, 40,3 gradu erregistratu baitzituzten orduan. Oposizioak gobernuari eskatu dio aire girotua duten eraikin publikoak irekitzeko pertsona zaurgarrienentzat.

Munduko hainbat meteorologia elkartek urteak daramate esaten Europa azkarren berotzen ari den kontinentea dela; zehazki, munduaren berotzea halako bi da Europakoa. Osasunaren Mundu Erakundeko buruak, Tedros Adhanomek, esan du bero bolada europarren bizitza arriskuan jartzen ari dela, eta klima ekintza indartzeko eta klima larrialdira moldatutako osasun sistema bat sortzeko eskatu du.

Hainbat hildako, beroak jota eta itota

Bero kolpeak jota pertsona asko hiltzen ari dira Europan, baina badira ugaritu diren heriotza motak ere. Frantzian, esaterako, azken lau egunetan 40 pertsona hil dira itota, beroari aurre egiteko jende asko hondartzara, igerilekura, errekara eta lakuetara joaten baita, zaindu gabeko eremuetara sarri. Parisko irudiak izan dira deigarrienak, kanalak eta putzuak jendez lepo izan baitziren atzo, gorputzeko tenperatura freskatzeko. Sebastien Lecornuk, Frantziako lehen ministroak, atzo azaldu zuen itota hil diren 40 horietatik gehienak gazteak zirela.

BRITAIN WEATHER
Londresko igerileku bat jendez lepo, atzo. TOLGA AKMEN / EFE

Hala ere, bihar aire masa hotzago bat sartuko da, eta tenperaturek nabarmen egingo dute behera. Hala ere, Frantziako Ingurumen ministroak, Monique Barbutek, ohartarazi du litekeena dela bero boladak uztailaren 14ra arte irautea: «Datorren astean hala moduzko geldialdi bat izan beharko genuke, baina Meteo-Francek esaten digu aukera asko daudela hurrengo astetik aurrera muturreko beroa egiteko, eta balitekeela uztailaren 14ra arte irautea».

Arazoak azpiegituretan

Muturreko beroak eragin handia du gizakien osasunean, baita hainbat azpiegituratan ere. Atzo, adibidez, beroak kalte egin zien Frantziako argindar sareko zati batzuei, eta 70.000 etxe argindarrik gabe izan ziren. Tren zerbitzuetan ere eragina izan du, intzidentziek gora egin baitute. Parisko aldiriko trenetan, adibidez, zerbitzuak %10 murriztu dituzte.

Erresuma Batuan ere arazo handiak izaten ari dira tren eta bestelako garraio zerbitzuetan, eta herritarrei eskatu diete ahal dela gaur eta bihar trenean ez bidaiatzeko; iragarri dute zerbitzuetan hutsune asko egongo direla. Galesen ere hainbat tren zerbitzu bertan behera utzi dituzte beroa dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA