Gazako genozidioa salatzeko keinu eta protesta artean hasi du ikasturtea EHUk

Minutu bateko isilunea egin dute hasiera ekitaldian, Palestinako herritarrekiko «elkartasuna» adierazteko; Ikasle Abertzaleek protestarako deia egina zuten, eta mobilizazio jendetsua egin dute. Salatu dute erakundeek Israelekin duten «konplizitatea».

Unibertsitateko ordezkariak ikasleen protesta paretik igarotzen, gaur, Donostian.  GORKA RUBIO / FOKU
Unibertsitateko ordezkariak ikasleen protesta paretik igarotzen, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 10a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Salatu dezagun Palestinaren kontra Israel egiten ari den erasoa. Dei diezaiegun gauzei beren izenez: bakearen alde eta genozidioaren kontra». Hitz horiekin minutu bateko isilunea eskatu die gaur EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak ikasturte hasierako ekitaldian parte hartu dutenei. Israelen ekintzen ondorioz Gazan «gosetea, suntsiketa eta hilketak» eguneroko kontua direla salatu nahi izan dute, eta Palestinako herritarrei «elkartasun» mezua helarazi. IA Ikasle Abertzaleek deituta, protesta egin dute ikasleek ere. Donostian izan da hasiera ekitaldia, Ibaetako campusean. 

Gazako genozidioa salatzeko keinu eta protesta artean hasi du ikasturtea EHUk. Ikus-entzunezkoen lantaldea

Azaroaren 26an egindako hauteskundeetan aukeratu zuten Bengoetxea errektore, urtarrilean hartu zuen kargua, eta harekin batera abian den errektoretza taldeak eta berak «lehenengo» ikasturte hasiera dutela nabarmendu du, beraz, gaurko hitzaldian. Esku artean asmo handiak dituztela gogoratu du, eta adierazi du, besteak beste, 2026ko aurrekontuak, 2026-2028 urteetarako plan estrategikoa eta unibertsitatearen estatutu berriak erronka «estrategikoak» izango direla. 

Helburu nagusien artean ere nazioartean erreferente izatea dute. Bide horretan hainbat egitasmotan ari direla gogoratu du errektoreak, eta nabarmendu du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak hor aritzeko eman dien laguntza. Ekitaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, eta propio eskertu nahi izan dio hari ahalegina. Pradalesek, berriz, goraipatu egin du EHU «bikaintasunaren» bidean egiten ari den jarduna: «Adibidez, horren froga garbia da Shanghaiko indizearen arabera munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatuta jarraitzea lortu duela».

EHUko Kimika Fakultatearen 50. urtemuga da, eta, horrekin lotuta, ikastegi horretako irakasle Maria Paulisek eman du ikasturte hasierako hitzaldia: Zientzia emultsioan: aniztasuna batzeko artea. Gizartearen ordezkaritza zabala izan da ekitaldian. EHUren hiru urrezko domina banatzeko ere baliatu dute ekitaldia. Nekane Balluerka EHUko errektore ohiari, Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Carlos Garaikoetxeari eman dizkiete. 

Ikasleen mezua

Ekitaldia egiten ari ziren bitartean, ikasleek protestan jardun dute kanpoan. IAk ohar batean azaldu du Palestinaren aldeko aldarriak ozentzearekin batera, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak Israelekin duten «konplizitatea»  salatu nahi izan dutela. Protestan jarraitzeko asmoa dute, eta ohartarazpen bat ere egin dute: Israelek Gazara bidean doan nazioarteko flotilla «blokeatzen» badu, unibertsitatea «hartuko» dute. Europako beste hainbat tokitan ere horretarako deia eginda dagoela azaldu dute, eta bat egingo dutela. 

Gaurko protestan «errepresio indarrek» izan duten jarrera ere salatu dute ikasleek. Segurtasun zaindariek ikasleen aurkako «lerro bat» egin dutela salatu dute, eta ertzainek ere egin dutela ikasleak protestatik urrunarazteko ahalegina. Behin mobilizazioa bukatuta ere, Poliziak ikasle batzuei «jarraitu» egin diela esan dute ikasleek, eta bi ikasle identifikatu dituztela. 

«finantzaketaren» alde batu dira sindikatuak

Ikasturtea hasteko ekitaldian «hitz politak» aditu diren arren, EHUren eguneroko martxan alde ilunak badirela salatu nahi izan dute gaur LAB, Steilas, ELA, USO eta CGT sindikatuek, eta esan dute «finantzaketa» dela horren atzean dagoen motiboetako bat, eskasegia delako. Egoera zein den azaltzeko jarri duten adibideetako bat, hauxe: «EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak Bigarren Hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira, eta erosahalmenaren galera oso nabaria da». Jarrera «irmoa» eskatu diote errektoretza taldeari «beharrezko finantzaketa» lortzeko urratsetan. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.