Mundu osoko haur eta gazte literaturako profesional talde zabal batek agiri bat sinatu du Gazako genozidioaren aurka. Laurehun profesionalek baino gehiagok babestu dute manifestua— oraingoz 426 dira—; tartean daude idazleak, ilustratzaileak, editoreak, zuzentzaileak eta liburu saltzaileak. Zenbait hizkuntzatan idatzi dute agiria— besteak beste, euskaraz, galegoz eta katalanez—, eta sare sozialetan zabaltzen hasi, #laLIJconGaza traola erabilita.
«Gazako zerrendan gertatzen ari den sarraskia salatu eta gaitzesten dugu. Ez dugu konplize mutu izan nahi milaka haur eta zibilen triskantza horretan», zehazten da haur eta gazte literatutako profesionalek zabaldutako testuan. Gogoratu dute Gazan milaka eta milaka haur hiltzen ari direla egunero, baina ez «lubaki edo kuarteletan», baizik eta etxean, eskolan, kalean eta ospitaleetan. Gainera, salatu dute beste askok bizi osorako «trauma» izango dutela eta gorputz atalen «anputazioak» pairatuko dituztela. Israel egin dute sarraskiaren erantzule, eta nazioarteko legeak urratzeagatik seinalatu dute: «Etengabe bonbardatu ditu eraikin zibilak, eta oztopatu egin du laguntza humanitarioa Gazako zerrendan sartzea».
Manifestua sinatu dutenenek nazioarteari eskatu diote bereizi gabeko erasoak berehala amaitzeko, eta zibilen aurka erabiltzen ari diren gerra materialaren salerosketa bertan behera uzteko. Era berean, nahi dute neurriak har daitezela halako ekintza «bihozgaberik» ez dadin inoiz gertatu munduko beste inongo bazterretan. «Justizia auzitegien alde gaude, argitu dezaten nor diren zibilen hilketen erantzuleak, batez ere haurrei dagozkien kasuetan», adierazi dute.
Amaitzeko, zera erantsi dute: «Hau ez da imajinatzen dugun mundua. Hau ez da nahi dugu mundua».
Manifestua sinatu dutenen artean daude Euskal Herriko haur eta gazte literaturako hainbat idazle, itzultzaile, irudigile, editore eta beste, hala nola Patxi Zubizarreta, Manu Lopez Gaseni, Asier Iturralde Gaston, Dorleta Kortazar eta Edu Zelaieta.