Gazako gerra krimenak ikertzeko salaketa aurkeztu dute Espainiako Fiskaltzan

Global 195 koalizioak gerra krimenak egin izanaren susmagarriak identifikatu ditu, eta horiek formalki ikertzeko eskatu dio fiskaltzari. Gazan 130 lekukoren baino gehiagoren testigantzak bildu dituzte.

Gaza suntsitu du Israelek. MOHAMMED SABER / EFE
Gaza suntsitu du Israelek. MOHAMMED SABER / EFE
joxerra senar
2026ko martxoaren 11
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazako sarraskia auzitara eraman nahi du Global 195 koalizioak. Espainiako Fiskaltzan salaketa jarri du Gazako zerrendan egindako gerra krimenak ikertu ditzan. Argudiatu du Nazioarteko Zigor Auzitegiaren estatutuaren arabera zigortu beharrekoak direla gerra krimenak, eta, hari jarraikiz, Espainiako legediaren arabera ere zigortu egin behar direla.

Palestinarrentzako Justiziarako Nazioarteko Zentroko bazkide da erakundea, eta bertan jarduten duten Euskal Herriko abokatuen talde batek aurkeztu du salaketa. Gerra krimenen erantzuleak eta susmagarriak identifikatu dituzte, 130 lekukoren baino gehiagoren testigantzetan oinarrituta.

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eman du salaketaren berri. Koalizioak dioenez, bildutako material guztiak nazioarteko zigor legearen estandarrak betetzen ditu: «Koalizioak espainiar agintariei jakinarazi die prest daudela froga horiek haien eskuetan jartzeko, aztertu eta prozedura judizialetan azter ditzaten».

Egotzitako delituak

Susmagarriei leporatutako gerra krimenen artean daude zibilen aurkako eraso bereizi gabeak, zibilen objektu eta ondasunen aurka nahita egindako erasoak, gosea borroka metodo gisa nahita erabiltzea eta giza laguntza nahita blokeatzea. 

Genozidio krimenak, gerra krimenak eta gizadiaren aurkako krimenak epaitzeko eskumena du Nazioarteko Zigor Auzitegiak, eta haren estatutuen arabera Espainiak ikertzeko nazioarteko betebeharra duela argudiatzen dute koalizioko abokatuek. Berez, Espainiako Estatuak 1968an Genozidioaren Aurkako Hitzarmena sinatu zuen, eta, haren arabera, genozidio ekintzak eta gerra krimenak «modu aktiboan» ikertu behar ditu.

Salaketa horri babesa adierazi diote Gernika Palestina herri plataformak eta Giza Eskubideen Behatokiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA