Gazte Euskaltzaleen Sarearen deia berriz Durangon, hasi eta bi urtera

Biltzar irekia dute larunbatean, orain arte egindakoak aztertu eta etorkizunera begirako erronkak jartzeko. ‘Errotu harrotu dadin’ leloarekin egin dute deia; Berbagunen izango da.

euskaltzaleak
Gazte euskaltzaleak, azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Bilbon egin zen manifestaziorako deia egiten. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

«Duela bi urte Durangon elkartu ginen, gazte perspektibatik eta Euskal Herri mailan euskararen borrokari heltzeko. Kimu hartatik jaio zen Gazte Euskaltzaleen Sarea. Orain berriro elkartuko gara, egindakoaz hausnartu, ondorioak atera eta aurrera begira jartzeko». Sare sozialen bidez, hitz horiekin azaldu dute Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek larunbat honetan biltzar irekia egin nahi dutela Durangon (Bizkaia). Berbagunen izango da, 10:30ean.

Sareko kidea da Beñat Jusue. Sorburura jo nahi izan dutela onartu du. «Une horretan sarea ez zegoen eratuta oraindik; hor erabaki genuen sare bat osatuko genuela». Sarea martxan da, eta «trinkotu» egin nahi dute orain; horregatik egin dute biltzar irekirako deia. «Ikusteko bi urteok zer eman duten». Eta aurrera begira jartzeko: «Ikusi nahi dugu sareak hartu beharreko norabidea, sareak duen funtzioa euskararen borrokan». Barrura begirako eztabaidak egin dituztela adierazi du, hainbat ate jo dituztela, eta hori guztia aurkezteko eta horri ekarpenak egiteko izango dela orain biltzarra. 

Irekia izango da. «Eta konpromisorik gabekoa parte hartzerako», zehaztu du Jusuek. Inguruan gazte gehiago nahi dituzte, baina sarean egoteko «modu ezberdinak» daudela argi dute, eta jendea animatu nahi dute ororen gainetik, parte hartzera. Entzutera joan daiteke, ideiak trukatzera, edota biltzarrean jasotakoak beste toki batzuetara nola eraman daitezkeen aztertzera. Horiek horrela, etorkizunean sarea «parte hartze errazago batekin» irudikatu nahi dute. Argi baitute «leku gehiagotara eta jende gehiagorengana iristea» dela helburua.

«Ikusi nahi dugu sareak hartu beharreko norabidea, sareak duen funtzioa euskararen borrokan».

 BEÑAT JUSUEGazte Euskaltzaleen Sareko kidea

Biltzarrerako bidean, urteotan egin duten lana aztertzean, «gauza asko» egin dituzten irudipena izan dutela esan du Jusuek. Sarea bera ezagutarazteko egin duten lana nabarmendu du, Gaztealdian egindako ekarpena, eta Hezkuntza euskaraz aldarriaren inguruan ardaztutakoa. «Lortu dugu gazte eremuan euskararen aldeko dinamika bat hedatzea». Sareak ororen gainetik «tresna» izan behar duela uste dute, ordea, eta haren izaeraz «birpentsatzeko» ahaleginek erabateko zentzua dutela. 

Informatiboa izango da biltzarraren lehenengo zatia, eta bigarren partean etorkizunera begira jarriko dira, bereziki. Esaterako, heldu da Korrika, eta bertan zer toki izango duten aztertuko dute, eta hortik aurrera datozen erronketan ere zer egin.

Aldarrikapenak

Bide horretan, aldarrikapenek garrantzia dutela adierazi du Jusuek. Eta orain arte egindako bidean nabarmengarrienetarikoa iruditzen zaio euskaldunduko duen hezkuntza sistema baten alde egin duten borroka. Martxoaren 23an xede horrekin egin zuten mobilizazioa ekarri du gogora, zehazki. Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateetako euskara taldeek batera egin zuten parte hartzeko deia. 

«Hezkuntza euskaldun baten eskubidearekin bat egiten duten eragile eta hezkuntza komunitateko norbanako guztiei» egin zieten parte hartzeko deia, eta mobilizazioaren aldarria argia izan zen: hezkuntza prozesua %100 euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko neurriak eskatu zituzten.  Eta aldeko erantzun indartsua sumatu zutela adierazi du Jusuek: «Azken urteotan ikasle mugimenduan izan diren mobilizazio handienetako bat izan zen». 

Eta arrastoa utzi zuela uste du. «Ireki zuen ziklo mobilizatzaile bat euskaldunak erdian jarri dituena». Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an egin zuen manifestazioarekin ere bat egin zuten. Gainera, bloke propioa eratu zuten gazteek protesta horretan. «Bada ordua euskal hiztunoi dagozkigun eskubideak bermatu eta gure hizkuntzan askatasunez jarduteko», esan zuten manifestazioarekin bat egitean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.