Pantailetara lotuak orduak eta orduak egoteak kalteak ekartzen dizkie gazteei: fisikoak eta psikologikoak. «Jadanik ebidentzia zientifikoak daude», diote adituek. Nola eman ahal zaio buelta horri? Atzo arratsaldean hiru aditu aritu ziren BERRIAk gai horren inguruan antolatutako mahai inguruan. Nerabeek eta gazteek pantailekiko duten menpekotasun harremanaz mintzatu ziren. Erronka handiak daudela berretsi zuten, baina itxaropenari leihoa zabaldu zioten.
Hiru aditu mintzatu ziren gaiaren inguruan, bakoitzak bere lan esperientzian oinarrituta. Maitane Ormazabal psikologoa, nerabeen eta gazteen osasun emozionalean eta digitalean espezializatua, eta Telmo Lazkanorekin batera Nerabeen garrasia, osasun mentala aldaketa garaian liburuaren egilea. Haren ondoan egon zen Iñigo Martinez filosofoa eta Psikologia irakaslea batxilergoan Lauro ikastolan, baita Pantailen garaipena (begiradaren totalitarismoaren kontra) liburuaren egilea ere. Adituen taldea osatu zuen Mirene Beriainek, Osakidetzako lehen arretako pediatra da eta Euskal Herriko Pediatren Elkartean Pantailak eta Osasuna Haur eta Nerabeengan azpitaldeko koordinatzailea. Zer pentsatua ematen duten hausnarketa ugari plazaratu zituzten BERRIAk antolatu zuen Pantailetara lotuak. Zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari? izenburuko mahai inguruan. Atzo arratsaldean izan zen, Donostiako San Telmo museoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Laboral Kutxak eta San Telmo museoak babestuta.
Mahai inguruaren gidari lanak egin zituen Jakes Goikoetxea BERRIAko kazetariak, eta gai mamitsu eta konplexuan murgiltzeko galdera egin zien: «Gazteen buru osasunari eragiten al diote pantailek?», eta hiruek erantzun argia eman zuen. «Bai, noski». Gaur egungo panoramaren argazkia egiterakoan, denek bat egin zuten: gazteek ordu mordoxka pasatzen dute pantailen aurrean, sare sozialetan eta telesailak ikusten. Baina, gazteak ez ezik, haurrak eta helduak ere teknologiaren atzaparretan jausi dira. Mirene Beriain pediatraren esanetan, helduok ere lehentasuna ematen diogu mugikorrari. «Familiarekin, lagunekin bazkaltzen, dendariarekin hizketan ari garela, mugikorrak joz gero, uzten diogu gure harremanak eteten».
«Gure gizartearen sintoma da gehiegikeria, etengabeko produkzioarena, eta smartphonea diseinatuta dago mugarik gabe erabiltzeko»
IÑIGO MARTINEZFilosofoa eta irakaslea
Horrekin bat egin zuen Iñigo Martinez filosofoak: «Gure gizartearen sintoma da gehiegikeria, etengabeko produkzioarena, eta smartphonea diseinatuta dago mugarik gabe erabiltzeko». Ideia horretan sakondu zuen Maitane Ormazabal psikologoak: «Adiktiboa da, eta, beraz, ezin da harekin harreman osasuntsurik eduki, bere logikaren kontra doa». Algoritmoaren logika horren maltzurkeria islatzen duen anekdota bat kontatu zuen: «Neska batek esan zidan: ramadan egiten ari zela, sare sozialetan sartu eta zer agertzen zitzaion etengabe? Janaria».
Pantailak umeen zaindari
Kaltea ekartzen diela jakinda, zergatik eman diete gurasoek seme-alabei tresna hori? Martinezen iritziz, beti presaka eta ezin iritsita bizi den garaiotan, pantailak umeen zaindari bihurtu dira: «Pantaila piztu eta umeak itzali egiten ditugu», azaldu zuen oso modu grafikoan.
Beriainen hitzetan, hasieran ezjakintasunarengatik ematen zitzaien tresna hori mugarik gabe, eta erosotasunarengatik ere bai. Ormazabalek gogorarazi zuenez, «egungo gurasoen belaunaldia ez gara teknologia horrekin hezi», eta orain dela gutxi arte ezjakintasun handia egon da pantailek ekar zitzaketen kalteez.
Kalte horiei buruz, hain zuzen ere, hitz egin zuten. Beriainek azaldu duenez, «dagoeneko ebidentzia zientifikoak daude alor fisikoan zein psikologikoan haurren eta gazteen garapen prozesuan arazoak sortzen dituztela». Obesitate morbidoa, hizkuntzaren atzerapena, lo falta, antsietatea eta giharretako mina dira horietako batzuk. «Kausa-efektu erabatekoa denik ezin dugu ziurtatu, baina eragina egon badago».
Iritzi berekoa da Ormazabal: «Arazoak sortu ez, baina areagotzen ditu». Arretari dagokionez, begiradak, keinu sozialak, besteak entzuteko gaitasuna eta benetako esperientzien falta ere nabarmendu zituen. Zergatik eta «gazteak ari direlako bizitzari buruz ikasten bere buruari begira», eta ez besteekiko harremanetan oinarrituta.
«Dagoeneko ebidentzia zientifikoak daude alor fisikoan zein psikologikoan haurren eta gazteen garapen prozesuan arazoak sortzen dituztela»
MIRENE BERIAINPediatra
Esperientzia faltaren arazoan sakondu zuen Ormazabalek. «Haurtzarorik gabeko haurrak eta nerabezarorik gabeko nerabeak» direla esan zuen. Adin horri dagozkion frustrazioak eta porrotak saihesten direlako, eta helduarora iristen ari dira bizitzako erronkei aurre egiteko gaitasunik gabe.

Konektatuta, baina bakarrik
Iñigo Martinezen hitzetan, konexioaren garaian badago kontraesan handi bat: gazteek inoiz baino bakardade eta isolamendu handiagoa sentitzen dutela, eta arrazoi bat da aurrez aurreko harremanak gutxitzen ari direla. Adibide bat ipini zuen: «Lehen igandeko ajeak lagunen artean pasatzen ziren, orain telefonoan sare sozialetan edo serieak ikusten...».
Hartara, konexio eta harreman kontzeptuak bereizi zituzten. Teknologiaren bidezko konexioak arinak dira, bide bakarrekoak eta gorputzik gabeak. Eta komunitate digitalak bakardadetik ihes egiteko modu bezala hartzen diren arren, oso homogeneoak dira, ez dute harreman aniztasunik eta isolamendua sortzen dute.
Aurrez aurreko harremanak, ostera, bi norabidekoak dira, «gorputza jarri behar da», horrek dakarren zailtasunekin. Adibide bat jarri zuten: lagun batekin edo bikote batekin harremana sareetan apurtzea aurrez aurre baino askoz ere errazagoa, baina egoera horri aurrez aurre egiteak dakarren bizipena ez da bestearekin ikasten.
Aurrez aurreko hartu-emanen urritzearen ondorioa ere bada komunitatearen zentzuaren galera. «Bizirautea eta arrakasta lortzea norberaren esku dagoela da orain sareetan zabaltzen den mezua, eta kolektiboki gauzak egiteko gaitasuna galtzen ari gara», dio Ormazabalek.
Erreferenteak
Haurren eta gazteen erreferenteak ere aldatu dira. Martinezek berretsi zuenez, «helduok ez gara haien erreferenteak, gailuak dira». Ormazabal horrekin bat dator: «Galderak ez dizkigute helduoi egiten, erantzunak sareetan bilatzen dituzte. Nerabe batzuk kontsultara etorri izan zaizkit haien arazoaren diagnostikoa eginda».
Informazio iturri ez ezik, haien laguna ere bada adimen artifiziala: aholku psikologikoak eskatzen dizkiote, eta horren arriskuaz ohartazi zuten: «ChatGPTk norberak entzun nahi duena esaten du. Lagun batek edo psikologoak beharbada entzun nahi ez duzuna esango dizu, baina nork laguntzen du benetan?».
«Arrainak arrainontzian sartuta edukitzen ditugu, eta gero itsasora botatzen ditugu igeri egiten ez dakitela»
MAITANE ORMAZABALPsikologoa
Gurasoek, oro har, arriskua neurtzeko erabiltzen duten neurri desberdinaz berba egin zuten. Izan ere, kalean arriskua ikusten dute, baina sarean, ordea, askatasun osoa ematen diete seme-alabei. Zergatik? Beriainek esan zuenez, guraso asko ez dira jabetzen zein eduki kontsumitzen ari diren haien seme-alabak. «Hitzaldietan pornografiari buruz hitz egiten dudanean, gurasoak ikaratuta ateratzen dira. Ez dute sinetsi nahi seme-alabek hori egiten dutenik».
Martinezen aburuz, kontraesan handia dago haurrak babesteko irizpideetan: mundu errealean «hiperbabesten» dituzten bitartean, mundu birtualean erabateko askatasuna ematen diete. «Arrainak arrainontzian sartuta edukitzen ditugu, eta gero itsasora botatzen ditugu igeri egiten ez dakitela», azaldu zuen Ormazabalek.
Itxaropenik al dago?
Egoeraren larria ikusita, ba al dago konponbiderik? Mugak jartzearen aldekoak dira hirurak. Martinezen esanetan, «mugak zerbait txarra balitz bezala ikusita daude, baina bizitzaren aldeko mugak jartzea beharrezkoa da». Pantailari, datuen eta intimitatearen lapurretari muga jarri behar zaiela uste dute, eta «arreta, presentzia, komunitatea eta gorputza indartu».
Norberak bere buruari edo seme-alabei mugak jartzeaz gain, plataforma handiei kontuak eskatzeko garaia dela uste du Ormazabalek. Haren esanetan, «gazteak kriminalizatu ditugu, eta eskatzen diegu kontrolatzea, nahiz eta jakin ez direla hori egiteko gai». Haren ustez, enpresei bai eskatu behar zaie segurtasuna, «eta ez badigute kasurik egiten, gure gazteengan airisteko mugak jarri behar dizkiegu». Gogorarazi zuenez, gaur egun orain dela hamar urte baino kontzientzia gehiago dago arazoaz. «Aldaketa pixkanaka egin behar da, baina posiblea da».
Ikasle produktiboagoak edo osasuntsuagoak?
Aisialdian ez ezik, hezkuntza sistemaren bidez ere muineraino sartu dute teknologia. Martinezen iritziz, hezkuntzan berrikuntza eta digitalizazioa sinonimo bezala hartu izan dituzte, eta «orain badakigu ez direla hain onak». Hala ere, kritikoak ere badira, eta erabilera arautzen hasi da. Ormazabalek garrantzitsutzat jo zuen ikastetxeen arteko koherentzia egotea, eta, horretarako, erakunde publikoen eta enpresen parte hartzea nahitaezkoa da: «Prozesu bat egin behar dugu eta aukeratu: Zer nahi ditugu ikasle produktiboagoak edo ikasle pentsalariagoak, osasuntsuagoak eta kritikoagoak?»