Garai batean euskararen etxea izandako Gasteizko Oihaneder jauregia Babelgo dorrea bilakatu da aste honetan. Batzuk Errusiatik heldu dira, eta krimeeraz ari dira; beste batzuek Indiako kol hizkuntzan dihardute, eta urrutira Ameriketako salish edo kalispel hizkuntza natiboa ere entzuten da; tartean ere badira euskal herritarrak, eta euskarak presentzia handia du. Are, guztiek jaso dute oinarri-oinarrizko euskara klase bat, ongietorri modura. Ia ehun lagun dira, denera, eta guztiak gazteak dira. Zaharrenek 35 urte dituzte, eta gazteenek, 18.
Higa Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketan parte hartu dute, astelehenean hasi eta atzo arte. Munduko lau kontinentetatik —Ozeaniak ez du ordezkaritzarik— iritsi dira Euskal Herrira. Oskar Garcia de Bikuña arduradunak azaldu du topaketaren helburua «hizkuntzak biziberritzea eta mundu osoko hizkuntzen eta komunitateen arteko sareak sortzea» dela. Bosgarren aldia da aurtengoa —bi urtean behin egiten da—, eta orain artekoen aldean ez da sekula horren sare pluralik josi: 68 hizkuntza gutxitu daude ordezkatuta. «Kezka bat partekatzen dugu: gure hizkuntzen, gure komunitateen eta gure nortasunaren biziraupena. Gure premia da gure abiapuntua, baina grinak eta pasioak bultzatzen gaituzte».
Bost eguneko egitaraua antolatu dute. Egun bakoitzak gai multzo bat izan du, betiere, hizkuntzen biziberritzea oinarri hartuta: esaterako, asteartean, hizkuntzen biziberritzea artearekin eta kulturarekin lotu zuten; ingurumena ere izan dute hizpide, edo turismo masifikatuaren problematika hizkuntza gutxituen eta tokian tokiko identitateen ikuspegitik aztertu dute. Adar bakoitzaren inguruko hitzaldiak, mahai inguruak, trebakuntza saioak jaso dituzte. Halaber, talde txikietan banatuta, lankidetza proiektuak garatu dituzte, eta atzo elkarri aurkeztu zizkieten.
Teknologia ere izan dute hizpide. Wikimedia elkartea Higaren kolaboratzaileetako bat denez, Wikipedia nola osatu ikasteko saioak ere jaso dituzte. Emma Vadillo Quesada perutarra izan dute gidari, eta azaldu du hizkuntzen biziraupena bermatzeko ezinbestekoa dela bakoitzak teknologia berrienak bere egitea. Ongi daki zertaz ari den, hizkuntzalaria baita ikasketaz eta kitxua hizkuntzaren aldeko aktibista; haren lan tresnak digitalak dira. Sare sozialetan aktiboa izateaz gain —Higako komunikazio arduradunetako bat da, eta sare sozialen kudeaketa berak gidatu du—, kitxuazko Wikipedia osatzeko lanetan aritu da.
EHUren udako ikastaroa
Igone Zabala EHUko Euskara errektoreordeak «teknofeudalismo» hitza erabili zuen Higaren aurkezpen ekitaldian. Boterea teknologia konpainia erraldoien esku dagoela dioen teoria da, eta adierazi zuen zerikusia duela hizkuntzen galerarekin —«linguizidioa»—: «Hizkuntza hegemonikoak erabat nagusitu dira harreman sozioekonomikoetan, artean, komunikabideetan, hezkuntzan… Hizkuntza gutxituak are minorizatuago egiten dituzten askotariko presioak hor daude». Higa EHUren udako ikastaroetako bat da.
Baina txanponaren beste aldea ere erakutsi zuen Zabalak: «Aurrera eraman diren askotariko esperientziek, ikerketek eta jardunaldiek agerian utzi dute egoerari buelta eman dakiokeela baldin eta hizkuntza komunitateek, eta bereziki belaunaldi gazteek, hizkuntza biziberritzeko ardura hartzen badute». Animo mezua helarazi zien. «Gako zarete hizkuntza indartzeko, transmititzeko eta iraunarazteko».
«Sardinian euskaldunak ikusten dira erreferente gisa, eta askotan hona begiratzen dugu nora jo erabakitzeko»

Marco Piras sardiniarra da, eta sardinieraz hitz egiten du. Turismo masifikatuak Mediterraneoko uharteetako hizkuntza gutxituetan duen eragina aztertu du. Higan, besteak beste, Korsikako eta Siziliako ordezkariak ere badaude.
Nolatan, Higan?
Errepikatzailea naiz. Duela bi urte etorri nintzen, eta asko gustatu zitzaidan. Hizkuntzak biziberritzeko adibide asko ezagutu nituen, eta batzuk praktikan jartzea ere lortu dut.
Zer espero duzu etxera bueltan eramatea oraingoan?
Ez dut inolako espektatibarik. Sardinierari dagokionez, dena dago egiteko, eta dena da ongietorria. Entzutera eta ikastera etorri naiz, mugarik gabe.
Euskaldunok zer ikas dezakegu sardiniarrengandik?
Sardinieraren egoera oso ezberdina da euskararekin alderatuz gero. Uste dut euskararen aldeko aktibismoa garatuago dagoela. Sardinian, behintzat, euskaldunak hartzen ditugu erreferentetzat, eta askotan hona begiratzen dugu nora jo erabakitzeko. Agian, gure akatsetatik ikas dezakete euskaldunek.
Adibidez?
Uste dut zenbaitetan berandu mugitu garela.
Noiztik zara hizkuntza aktibista?
Ikaslea nintzenean, sardiniera apur bat jaso nuen, baina gutxi. Etxean, adibidez, ez genuen sardinieraz hitz egiten. Baina, gerora, kanpora joan behar izan nuen, eta, aldentzean, zerbait piztu zitzaidan. Jabetu nintzen zer garrantzitsua den hizkuntza identitatea garatzeko. Itzulitakoan, sardiniera ikasten hasi nintzen, eta horrekin batera hasi nintzen normalizaziorako borrokan.
Baikorra zara?
Sardinian hizkuntzari eragiten dioten beste arazo ugari ditugu, ez da bakarrik erabilera kontua. Esaterako, populazioa nabarmen galtzen ari gara. Baina gazteak jakin-min handiz ikusten ditut. Atzerriko hizkuntzen irakaslea naiz, eta ikasleek esaten didate ez dute alemana ikasi nahi, sardiniera irakasteko. Nire garaian hori pentsaezina zen.
«Emakumeok hartu dugu hizkuntzari eusteko ardura»

Cecilia Tuyuc irakaslea da, eta Guatemalatik iritsi da. Esan du hizkuntza bat irakasteko tresnak eguneratuta egon behar direla. Horregatik, besteak beste, kaktxikelerazko Wikipedia osatzen duen emakume talde baten parte da.
Kaktxikeleraz kontsultatu al daiteke Wikipedia?
2018an ezagutu nuen Wikipedia, baina ikusi nuen beste hizkuntza batzuetara jo behar zela. Norberak editatzeko aukera duenez, kaktxikeleraz idazten hasi nintzen. Orain talde bat gara, bereziki emakumeez osatutakoa.
Generoak ba al du eraginik kaktxikelera hitz egin edo gaztelaniaz aritzeko garaian?
Emakumeok hartu dugu hizkuntzari eusteko ardura. Rolen banaketaren ondorioz, emakumeen gain gelditzen da haurren zaintza, eta horrek berarekin dakar hizkuntzaren eta komunitate sentimenduaren transmisioa.
Hizkuntza indigenek ba al dute tokirik Guatemalan?
25 hizkuntza hitz egiten dira, eta batzuk oso-oso txikiak dira. Maia hizkuntzen artean lau dira nagusiak: kektxiera, mamera, kitxeera eta kaktxikelera. Baina azken urteetan atzerakada handia izan da, belaunaldi berriak ez direlako ikasten ari. Askotan, gurasoen erabakiagatik, maia hizkuntzak gutxietsita daudelako, eta zenbait tokitan zigortua izan zaitezkeelako gaztelaniaz egiten ez baduzu.
Nolatan, aktibista?
Irakasle ikasketak egiten ari nintzenean, Guatemalako komunitate batekin harremanetan jarri nintzen. Kaktxikeleraz hitz egiten zuten haurrak baztertuta zeudela ikusi nuen. Ez ninduen harritu, nik ere oso haurtzaro zaila izan nuelako hizkuntzari dagokionez. Arrazakeria pairatu nuen, eta erabaki nuen ez nuela gehiago hitz egingo kaktxikeleraz. Baina ume horiek ikusi nituenean, erabaki nuen ezin zutela nik pasatakoak pasa, eta hizkuntzaren normalizaziorako lanetan hasi nintzen. Gaur egun irakaslea naiz, eta, haurrei ez ezik, unibertsitatean ere irakasten dut. Online eskolak ere ematen ditut.
«Gure antzeko egoeran dauden beste komunitateekin harremanetan jartzeko aukera ezin hobea iruditu zitzaidan»

Hizkuntzak irakasteko ere balio dute baliabide digitalek. Higan parte hartzen ari diren hizkuntza askok ez dute izaera ofizialik eta, ondorioz, eskoletan ez dira irakasten. Hiztun berriak erakartzea zailtzen du horrek, baina Internet oztopo hori gainditzeko tresna izan daiteke. Momen Talosh egiptoarrak Nubi aplikazioa garatu du, nubiera irakasteko. Pozik kontatu du 10.000 deskarga baino gehiago lortu dituela.
Nubiera entzuten al da Egiptoko kaleetan?
Kairo, Alexandria, Luxor... oso hiri handiak dira, eta hizkuntza asko entzuten dira. Arabiera da hizkuntza ofiziala, baina ingelesa ere oso hedatua da, adibidez. Nubiarrak gutxiengo bat gara, eta, batasun handia izan arren, zaila zaigu gure hizkuntza zabaltzea. Eskoletan, adibidez, ezin da ikasi.
Zer eskaintzen du Nubi aplikazioak?
Nubiera ikasteko gida moduko bat da. Itzulpen zerbitzua ere badauka, arabieraren eta ingelesaren artean, oraingoz. Arabiar alfabetoa itzuli genuen horretarako, eta jauzi handia izan da hori. Zabalkunderako ideia oso ona izan zen. Eta gure abestiak eta ipuinak ere txertatu ditugu azken eguneraketan.
Zer eskaini diezaioke Higak Nubiri?
Elkarren arteko sareak sortzearen ideiak erakarrita etorri naiz. Facebooken ikusi nuen deialdia zabalik zegoela, eta gure antzeko egoeran dauden beste komunitateekin harremanetan jartzeko aukera ezin hobea iruditu zitzaidan. Besteak zertan ari diren ezagutu, ideia berriak hartu, hizkuntza prozesamenduan sakondu... Gainerakoei gure esperientzia ere azaldu diet, aplikazioak oso baliagarriak direlako hizkuntza zabaltzeko eta komunitatea sendotzeko.
«Anomalia bat da gizateriak oraindik lortu ez izana komunikatzeko hizkuntza komun bat»

Higan elkarrizketa gehienak ingelesez edo gaztelaniaz dira. Frantsesa ere entzuten da. Hizkuntza hegemonikoak hirurak. David Ruiz Sanchez esperantistak adierazi du esperantoak arazo horri konponbidea eman diezaiokeela, «gizateriarentzat» sortutako hizkuntza «neutroa» delako: «Ez da inorena, eta guztiona da». Herrialde Katalanetatik heldu da.
Zergatik ez du esperantoak bere helburua lortu?
Inperialismo linguistikoa da galgarik handiena. XIX. mende amaieran garatu zuen Ludwik Lejzer Zamenhof-ek esperantoa, eta orduan frantsesa zen hizkuntza hegemonikoena. Gogor egin zuten haren aurka. XX. mendean ere, naziek eta Sobietar Batasunak ez zioten aukerarik eman. Orain, egoera ez da oso ezberdina. Hizkuntza hegemonikoek estatusa mantendu nahi dute, eta, ahal bada, handiago egin. Interes nazionalistak daude atzean.
Higan eta halako topaketetan esperantoak zein rol du?
Irtenbide paregabea eman dezake esperantoak. Hizkuntza neutro bat denez, helburu bakezaleak ere badauzka: ez da dominazioan oinarritzen, eta komunikazioa justuagoa eta orekatuagoa da. Eta ez du beste hizkuntzen aurka egiten. Tokian tokiko hizkuntzak erabiltzearen alde gaude, baina ezberdinen arteko elkarrizketetan, zergatik erabili kultura eta botere jakin bati lotutako hizkuntza bat? Gainera, ikasteko oso erraza da. Bederatzi hilabete nahikoa dira hizkuntza ikasteko. Hainbat hizkuntza ditu oinarrian, baina bakoitzaren konplexutasunak kenduta.
Esperantoaren kolorea esperantzaren berdea da. Etorkizuna, halakoa?
Hizkuntzaren normalizazioa lortu beharrekoa da, eta lortuko da. Anomalia bat da gizateriak oraindik lortu ez izana komunikatzeko hizkuntza komun bat.
Erlazionatuta