Gazteluko plaza bete egin da sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko

Milaka lagun elkartu dira, tartean Iruñeko peñak eta erakundeetako ordezkariak. Jakinarazi dute 27 sexu eraso izan direla jaiaz hasiz geroztik.

Gazteluko plaza beteta, sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Gazteluko plaza beteta, sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
jon ordonez garmendia
2026ko uztailaren 13a
07:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eten bat egin zuten atzo milaka sanferminzalek Iruñean, eta jaietan izan diren sexu erasoak gaitzetsi. Mugimendu feministak deituta, Gazteluko plazan elkartu ziren 21:00etan, Emakumeon kontrako indarkeriarik ez lelopean. Mugimendu feministak jakinarazi duenez, 27 eraso izan dira azken astean, tartean bortxaketa bat ere bai; atzo epaileak espetxeratu egin zuen bortxaketa horrekin lotuta atxilotuta zegoen gizona.

Gazteluko plazako bilkuran Iruñeko peñetako hamasei emakume jarri ziren leloa zuen pankartaren ondoan, eta peñetako ordezkariek buelta emanda eutsi zieten euren pankartei. Erakundeetako hainbat ordezkarik ere parte hartu zuten. Han ziren Maria Txibite lehendakaria, Ana Ollo kontseilaria eta UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin talde parlamentarioetako ordezkariak.

Mugimendu feministako bi ordezkarik ohar bat irakurri zuten euskaraz eta gaztelaniaz. Azaldu zuten 27 eraso horietan ukituak, irainak eta jazarpena jasan izana salatu dutela, aipaturiko bortxaketaz gain. «Gure maitasuna eta babesa. Hemen gaude», esan zieten biktimei. Erasoei aurre egiteko kaleak eta plazak betetzera deitu zuten, eta isilik ez geratzera: «Nazkatuta gaude, nekatuta, baina antolatuta ere bai». 

Ozen adierazi zuten emakumeek jaiaz gozatzeko eskubidea dutela, «dantza egiteko, ateratzeko eta beldurrik gabe ligatzeko», eta jazartzen zaizkienei eta eraso egiten dietenei eskatu zieten etxean geratzeko. Gainera, gizonezkoen laguntza eta kolaborazioa ere eskatu zuten: «Jarrera hartu behar duzue, gurekin borroka egin». Bilkuran parte hartu zuten guztiei eskerrak eman zizkieten, «beste behin, ez ikusi ez egiteagatik».

Iruñeko Udalak ere bat egin zuen protestarekin. Larunbatean jakinarazi zuenez, sexu erasoekin lotuta salatu dituzten hamar gizonetik zortzi atxilotu dituzte aste honetan. Udalaren arabera, sanferminetako lehen sei jai egunetan hamabost salaketa izan dira, eta hamabi gizon atxilotu dituzte. Nafarroako Gobernuak, berriz, hamazazpi salaketaren berri eman du, eta, haren arabera, hamahiru dira atxilotutako gizonak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA