Lur Albizu eta Mikel Urdangarin. Ernaiko eledunak

«Gazteok ez dugu zertan estatu ustel hauen menpeko izan»

Bere II. Kongresuaren prozesua amaitu berri du Ernai gazte erakundeak; «bizimodu berri eta askatzaileak» eraikitzen hastea izango dute aurrerantzean eginkizun, «inori baimenik eskatu gabe».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2017ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 1ean eman zuen bukatutzat Ernaik bere bigarren Kongresuaren prozesua, Erandion (Bizkaia) egindako ekitaldi baten bidez. Ezker abertzalearen gazte erakundeak Iñurritegia izena jarri zion prozesuari, eta Zirtaka izeneko txostena izan dute eztabaidaren ardatz.

Datozen lau urteetarako «gazte estrategia» definitu dute prozesu horretan, Lur Albizu (Artazu, Nafarroa Garaia, 1993) eta Mikel Urdangarin (Beasain, Gipuzkoa, 1994) erakundearen bozeramaileek diotenez. Gaur bertan izango dute estrategia hori garatzen hasteko lehenengo aukera: milaka gazte Zornotzan batuko dira, handik Igorrera abiatu (Bizkaia), eta igandera bitartean Gazte Akelarrea antolatuko dute han, hainbat ekitaldi, hitzaldi eta musika emanaldirekin.

Zer iritzi duzue amaitu berri duzuen prozesuaz?

MIKEL URDANGARIN: Kongresu honetan ahalegindu gara lau urteotan egindakoa kritikoki aztertzen, ondo egindakoa aintzat hartzen eta gaizki egindakoa ere kontuan hartzen berriro ez egiteko. 1.300 gazterengana iritsi gara prozesu honetan, eta uste dugu gazte estrategia eraginkor bat marrazteko balio izan digula. Oraingo lana da eztabaidatutako gakoak bururaino eramatea, apustu zehatzak egitea eta praktikari ekitea.

Ezker abertzaleak egindako Abian prozesuak noraino baldintzatu du zuena?

LUR ALBIZU: Iaz egin genuen Abian prozesua, eta duela ia urtebete amaitu genuen [2016ko maiatzean]. Hor berritasun batzuk agertu ziren, eta prozesu horren ondorioetatik abiatuta egin ditugu Sortuk, Ernaik eta LABek gure kongresu prozesuak. Dena dela, Ernai duela lau urte sortu zen; denbora horretan gazte estrategiaren garapen bat egin dugu, eta hori berregokitu behar genuen egoera eta behar berriei erantzuteko. Beraz, bai, Abian prozesuak ondorioak izan ditu hiru antolakundeetan, Ernain ere bai, baina, era berean, prozesu honek gazte estrategia garatzeko gure antolakundearen behar propioei ere erantzun die.

Zein abagunetan iritsi da Kongresua?

M.U: Ziklo bat amaitzen ari da, eta beste baten atarian gaude. Gazteoi dagokigu datozen urteetan protagonista izatea eta herri honen historia marraztea. Sekulako baldintzak ditugu: gazteok ez dugu zertan estatu antidemokratiko eta ustel hauen menpeko izan, eta aukera errealak ditugu estatu duin bat eraikitzeko.

Historikoki, ezker abertzalearen gazte erakundeek uztartu behar izan dituzte gazteen egoera bereziari eman beharreko erantzuna eta egoera politiko orokorrak ezarritako agenda. Zuen kasuan, nola askatu duzue korapilo hori?

M.U: Uste dut ezker abertzaleak Abian prozesuan egindako irakurketak erantzuten diela euskal herritarron arazo, nahi eta desioei, eta horretan gazteok ez gara salbuespena. Adibidez, oraindik ere ikusten dugu Espainiako eta Frantziako estatuak ez direla demokratikoak, gutxiengo pribilegiatu batzuen mesedetan ari diren indar politikoak direla jaun eta jabe, eta estatu horien menpean egoteak eta dependenteak izateak etorkizun beltza ekartzen digula euskal herritarroi. Gazteen kasuan oso nabaria da hori: duela gutxi jakin dugu euskal gazteen langabezia tasa Europako batez bestekoaren bikoitza dela, eta 6.000 herritar, gehienak gazteak, kanpora joaten direla urtero lan bila. Gazteen problematika erabat lotuta dago Euskal Herrikoarekin.

Dena dela, eztabaidarako erabili duzuen txostenean ondorioztatzen da gazteen arazoei erabateko lehentasuna eman nahi diezuela. Hala da?

L.A: Txostenean argi diogu gazte mugimenduetan dagoela nagusiki gure lan esparrua, eta bizimodu berri eta askatzaileak gaurtik eraikitzearen aldeko apustua egiten dugu, ezeren zain egon gabe eta inori baimenik edo barkamenik eskatu gabe. Hori da gazteok prozesu orokorrari egin ahal diogun ekarpenik handiena.

Inurritegia izena jarri diozue prozesuari, eta «inurri lana» aipatzen duzue txostenean behin baino gehiagotan.

L.A: Urteak dira gazte mugimenduetan «inurri lanaz» hitz egiten dela, eta uste dugu horren atzean filosofia oso bat dagoela. Gure lanak xumea izan behar du, apala, elkartasunean eta saretzean oinarritua, pentsatzen dugulako inurri askok gauza handiak egin ditzaketela. Ernaiko kideok ere hor egon behar dugu lanean, egunez egun, gure esparruetan bizimodu berri horiek eraikitzen abangoardiarik gabe.

Ernai sortu zenean, bere burua feministatzat definitu zuen, eta hori berrikuntza handia izan zen ezker abertzalearen antolakundeetan. Esparru horretan lau urteotan egindako ibilbidea nola ikusten duzue?

L.A: Lau urteotan urrats batzuk egin ditugu, urtero lan batzuk landu ditugu, eta nik uste dut lortu dugula aldaketa batzuk egitea. Orain inork ez du zalantzan jartzen feminismoa ere badela gure hautu estrategikoa, eta Euskal Herri feminista lortzeko ari garela lan egiten. Barne prozesuan gai honek interes handia sortu du, eta eztabaidan parte hartze handia izan da. Hutsuneak hutsune, pausoak eman ditugu, eta beharbada orain falta zaigu gure diskurtso feminista praktikara eramatea. Txostenean agertzen dira horri begirako lorratz eta neurri batzuk.

Egin nahi duzuen guztia egiteko, nolako aldaketak egingo dituzue antolakuntzaren arloan?

M.I: Guk apustu irmo bat egiten dugu gazteen arazo eta interesei erantzungo dien estatu berri eta duina eraikitzeko inoren zain egon gabe, eta, antolakuntzari dagokionez ere, apustua egin dugu eraikuntza horretan gazteekin orpoz orpo aritzeko eta inurri lan horretan gure ekarpena egiteko. Adibidez, herrialdeka, sare batzuk egongo dira, non Ernaiko kideek euren interesen arabera parte hartuko duten, hainbat gairi erantzuteko: feminismoa, etxebizitza eta abar. Arlo horretan aritzen diren Ernaiko kideek parte hartuko dute sare horietan, eta haien eginkizuna da kideak ahalik eta hobekien prestatzea gure ekarpena ahalik eta osatuena izan dadin.

Antolakuntzari lotutako beste kontu bat nabarmendu nahiko nuke. Lau urte hauetan nazio estrategia baten falta izan dugu, batez ere Ipar Euskal Herriko kideekin nahi baino harreman gutxiago izan dugulako. Ipar Euskal Herriko kideekin harremanak estutzeko eta, Hego Euskal Herrian antolatzen den gazte erakundea garen arren, Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen estrategia garatzeko apustu sendoa egin dugu.

Ardura berri bat sortu nahi duzue erakundean: barne antolaketarena, hain zuzen.

L.A: Hala da. Militanteak gara, baina pertsonak ere bai, eta pentsatzen dugu erakundearen barne bizitza ere aintzat hartu behar dela. Aztertu nahi dugu nola gauden, nola parte hartzen dugun, nola egiten ditugun bilerak, zer egiten dugun bileretatik kanpo eta abar. Prestakuntza sareak ere sortuko ditugu, eta eskola politikoak antolatzeko asmoa dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.