Eusko Legebiltzarrak behin betiko onetsi du Gazteria Legearen erreforma, adingabeek parte hartzen duten aisialdi jardueretan kontrol administratibo «handiagoa» ezartzeko eta babes neurriak «indartzeko». EAJk eta PSE-EEk sustatu zuten lege aldaketa, Bernedoko (Araba) udalekuen harira iazko udazkenean sortutako polemikak eraginda, eta udalekuak, kanpaldiak eta aisialdi hezitzaileko bestelako jarduerak hartzen ditu barne.
Ikusi gehiago
Lege erreformaren alde bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, eta PP, Sumar eta Vox abstenitu egin dira. Talde guztiek aitortu dute adingabeak babesteko araudia eguneratu beharra zegoela, baina desadostasunak agertu dituzte erreforma egiteko moduaren, lege aldaketaren ondorioen eta haren atzean egon diren «motibazio politikoen» inguruan.
Lege aldaketa sustatu duten bi alderdien arabera, araudi berriaren bidez kontrol mekanismo «argiagoak» ezarriko dituzte, eta prebentzioa indartu. Oposizioko taldeek, berriz, zalantzan jarri dute lege aldaketak benetan berritasunik ote dakarren, eta kritikatu dute presaz tramitatu izana eta Bernedoko udalekuen auziaren ondorioz sortutako «presio mediatikoaren» eraginez egin izana.
Legearen berrikuntza nagusietako bat da aisialdi jarduerak antolatzen dituzten erakundeek erantzukizun adierazpena aurkeztu beharko dutela jarduera hasi aurretik. Orain arte aurretiazko komunikazioa egitea nahikoa bazen ere, hemendik aurrera antolatzaileek berariaz adierazi beharko dute indarrean dauden baldintza eta eskakizun guztiak betetzen dituztela. Adierazpena dagokion foru aldundiaren aurrean aurkeztu beharko dute, edo Eusko Jaurlaritzaren aurrean, jarduera lurralde historiko batean baino gehiagotan egiten bada.
EAJren arabera, neurri horrek «gardentasuna eta erantzukizuna» indartuko ditu. Ander Añibarro legebiltzarkideak azaldu duenez, «ez da nahikoa konfiantza izatea; bermatu egin behar da». Haren esanetan, sistemak «ordena handiagoa» izatea bermatuko du, eta administrazioari aukera emango dio «kontrol eraginkorragoak» egiteko.
EH Bilduk, ordea, zalantzan jarri du neurriak dakarrena benetan berria ote den. Edurne Benito del Valleren arabera, erantzukizun adierazpenaren logika jada aplikatzen zen praktikan, eta legeak berrikuntza mugatua dakar. Horrez gain, gogorarazi du tresna hori dekretu bidez garatu beharko dela eta gaur-gaurkoz ez dagoela argi zein izango den haren edukia.
Sexu delituen ziurtagiria
Beste neurri nagusietako bat da adingabeekin harreman zuzena duten langile guztiek sexu deliturik egin ez duten ziurtagiria aurkeztu beharko dutela, eta dokumentu hori urtero berritu beharko dela. EAJk eta PSE-EEk funtsezkotzat jo dute neurri hori. Añibarrok adierazi du egiaztatu egin behar dela adingabeekin lan egiten dutenek «oinarrizko baldintza batzuk» betetzen dituztela.
PPk, ordea, gogorarazi du eskakizun hori ez dela berria. Laura Garridoren arabera, sexu delituen ziurtagiria jada jasota dago Haur eta Nerabeen Legean, eta, beraz, erreformak ez du berrikuntza esanguratsurik ekartzen atal horretan.
«Administrazioek bazekiten gertatutakoaren berri, eta ez zuten garaiz esku hartu»
LAURA GARRIDOPPko legebiltzarkidea
Legeak arau hausteen katalogoa ere eguneratu eta zehaztu du. Arau hauste oso larritzat joko dira, besteak beste, diskriminazioa edo indarkeria sustatzen duten jokabideak bultzatzea, edo jardueretan parte hartzen dutenen oinarrizko beharrei dagokien arreta modu egokian ez bermatzea. Arau hauste larriei lotutako zigorrak 600.000 eurorainokoak izan daitezke.
Arau hauste larrien artean sartzen dira jarduerak aurrez deklaratu gabe egitea, deklaratutako baldintzak modu esanguratsuan ez betetzea, beharrezko titulazioa duen langilerik gabe jardutea, erantzukizun zibileko asegururik ez izatea eta segurtasun arauak urratzea parte hartzaileei kalte larriak eraginez gero. Era berean, arau hauste larria izango da adingabeak jardueretan onartzea gurasoen edo tutoreen baimenik gabe, jarduerak egiteko beharrezko materialik ez izatea edo irabazi asmorik gabeko gisa aurkeztutako jardueretan etekin ekonomikoa dagoela ezkutatzea.
PSE-EEren arabera, aldaketa horiek beharrezkoak dira aisialdi jarduerak «espazio seguruak» izan daitezen eta adingabeen aurkako jokabideek erantzun argiagoa izan dezaten.
«Ez da komenigarria korrika eta presaka arautzea, horrek kalitate juridiko txikiagoko arauak eta segurtasun falta eragin baititzake»
EDURNE BENITO DEL VALLEEH Bilduko legebiltzarkidea
Gaurko eztabaidan, PPk aurkeztutako bi zuzenketa onartu dituzte. Horien bidez beste araudi batzuekiko «kontraesan batzuk» zuzendu direla esan du Laura Garrido legebiltzarkideak. Bereziki, testutik kendu dute sexu delituen edo pertsonen salerosketaren erregistroan aurrekariak dituztenak kontratatzea arau hauste oso larritzat jotzen zuen artikulua. PPren arabera, jokabide hori jada Haur eta Nerabeen Legean arau hauste oso larritzat jasota dago, eta askoz ere zehapen handiagoak ditu. Ondorioz, Gazteria Legean mantentzeak zigorrak txikitzea ekar zezakeen.
Itxaso Asensio sozialistak aitortu du PPren zuzenketek testua «hobetzen» lagundu dutela, eta Arartekoaren proposamen batean oinarritutako zuzenketa bateratua ere txertatu dutela.
Bernedoko udalekuen polemika
Eztabaidaren zati handi bat Bernedoko udalekuetan gertatutakoaren inguruan ardaztu da. Hainbat familiak salaketak aurkeztu zituzten adingabeen aurkako ustezko sexu delituengatik, eta auzia epaitegietan ikertzen ari dira.
PPk bereziki gogor jo du Eusko Jaurlaritzaren aurka. Garridoren arabera, administrazioek bazekiten gertatutakoaren berri, eta ez zuten «garaiz» esku hartu. Gogorarazi du 2024ko urrian Ertzaintzak txosten bat zuela auziari buruz, eta hala ere 2025eko udalekuak egin egin zirela. Haren hitzetan, EAJk eta PSE-EEk sustatutako erreforma «beren utzikeria estaltzeko» saiakera da.
EH Bilduk ere salatu du Bernedoko gertakarien ondoren sortutako presio politiko eta mediatikoak baldintzatu duela legegintza prozesua. Benito del Valleren esanetan, ez da komenigarria «korrika eta presaka» arautzea, horrek kalitate juridiko txikiagoko arauak eta «segurtasun falta» eragin baititzake.
«Sistemak ordena handiagoa bermatuko du, eta administrazioari aukera emango dio kontrol eraginkorragoak egiteko»
ANDER AÑIBARROEAJko legebiltzarkidea
Sumarreko Jon Hernandezek ere antzeko iritzia azaldu du. Haren esanetan, erreforma beharrezkoa izan zitekeen, baina aukera galdu da «eztabaida sakonago eta lasaiago» bat egiteko. Salatu du hainbat ekarpen baztertu direla presaz tramitatzearen ondorioz.
EH Bilduk bereziki azpimarratu du aisialdi hezitzailearen sektorean sortu den «ziurgabetasuna». Koalizioaren arabera, udalekuak antolatzen dituzten erakunde askok ez dakite oraindik zehazki zer baldintza bete beharko dituzten, legearen hainbat alderdi dekretu bidez garatu behar baitira. Benito del Vallek gogorarazi du uda ate joka dagoela eta udaleku askoren antolaketa oso aurreratuta dagoela, eta horrek kezka sortu duela sektorean, araudi berriak izango dituen ondorio praktikoak oraindik ez daudelako guztiz argi.
Dekretua hil honetan
Legea onetsita, Eusko Jaurlaritzak hil honetan bertan onartuko du araudia garatuko duen dekretua. Hala iragarri du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eztabaida amaitu berritan. Dekretuak, besteak beste, udalekuak antolatzen dituzten erakundeek haurren eta nerabeen babeserako ordezkari bat izendatzea ezarriko du, eginkizun hori betetzeko prestakuntza espezifikoa izango duena.
Bestalde, Bernedon uztailaren 1ean elkartzeko deia egin duten familia batzuen asmoei buruz galdetuta, sailburuak gogorarazi du udaleku horiek egitea debekatuta dagoela eta, beraz, «zentzuzkoena» dela bertara ez joatea.