Euskal Udalekuetako kide Dorrekoa kultur elkarteak ere ezingo ditu antolatu Bernedoko udalekuak

Ekainaren 4an itxitako zigor espedienteak hiru urtez diru laguntzak jasotzeko debekua ezartzen dio orain arte Bernedoko udalekuak antolatu dituen elkarteari, Sarrea Euskal Udalekuari, baita adingabeekin jarduerak antolatzeko hiru urteko debekua ere.

Bernedoko udalekuak, artxiboko irudi batean. EUSKAL UDALEKUAK
Bernedo udalekuen eraikina, artxiboko udaleku batean. EUSKAL UDALEKUAK
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 5a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kulturako diputatuak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietan, Bernedoko udalekuko antolatzaileen aurka Arabako Foru Aldundiak tramitatu duen zigor espedientean emaitzak aurkezteko. Foru diputatuaren arabera, espediente hori atzo bertan itxi zuten, eta Sarrearen kontrako zigorra irmoa da. Udalekuak egitea debekatu dio aldundiak Sarrea Euskal Udalekua elkarteari, baita Dorrekoa kultur elkarteari ere ―Euskal Udalekuen sarearen parte da―, «lege-iruzur saiakera» egitea leporatuta. 9.000 euroko isuna eta hiru urteko inhabilitazioak daude Sarreari ezarritako zigorren artean.

Instagramen jarritako mezu batean, Euskal Udalekuak elkarteak adierazi du «gertatzen ari den guztiagatik triste eta kezkatuta» daudela. Elkartearen proiektuari «etengabe eraso izana» deitoratu dute. Elkartearen arabera, «legezko baldintza guztiak» bete dituzte uztailaren 1etik 15erako udalekua antolatzeko, baina aldundiak debekua ezarri die, hala eta guztiz ere. Zer egin daitekeen aztertzen ari direla ere iragarri dute, jasotako babesa eskertzearekin batera. 

Zigor gogorrak

Asteazkenean, El Correo hedabideak aurreratu zuen aldundiak Bernedoko udalekua debekatu zuela. Del Valen arabera, ordea, espedientea atzo bertan itxi zen, ekainaren 4an, eta ordutik dira irmoak zigorrak. 9.000 euroko isuna ezarri diote Sarrea Euskal Udalekua elkarteari, «bi hutsegite administratibo larri» egitea egotzita. Horretaz gain, hiru urtez aldundiaren diru laguntzak jasotzeko debekua ezarri diote, baita hiru urtean adingabeekin jarduerak antolatzeko debekua ere. Zigorrak «beharrezkoak, egokiak eta proportzionalak» dira, Del Valen hitzetan.

2022ko Gazteria Legearen 58.2b artikulua erabilita zigortu du aldundiak Sarrea. «Aisialdiko jarduerak egitea, administrazio eskudunari eskatu den informazioa jarduera hasi aurretik jakinarazi gabe», alegia. Arau hauste horren bi kasuengatik, gehieneko zigorrak ezarri dizkio elkarteari aldundiak: bai 9.000 euroko isuna eta bai ezarritako inhabilitazio epeak, hain zuzen, lege horrexen 63.2 artikuluak ezartzen dituen zigorrik astunenak dira arau-hauste mota horretarako.

Espedientea «legearen berme guztiekin» tramitatu dela ziurtatu du Del Valek, baita prozeduraren helburua «adingabeen interesa babestea eta legea errespetatzea» izan dela ere. Azaroan hasi zen espedientearen tramitazioa. Martxoaren 11n, Sarreak alegazioak aurkeztu zituen, baina aldundiak guztiak ukatu zituen, eta apirilaren 17an zigor proposamena helarazi zieten. Maiatzaren 21ean elkarteak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina hura ere ukatu du aldundiak. 

Dorrekoa

Del Valek azaldu duenez, maiatzaren 21ean Dorrekoa kultur elkarteak komunikazio bat aurkeztu zion aldundiari, adierazteko beraiek hartuko zutela uztailaren 1etik 15era Bernedon antolatzekoa zen udalekuaren ardura. Kulturako foru diputatuaren arabera, ordea, ukatu egin diote baimen hori Dorrekoa elkarteari ere, bi elkarteak Euskal Udalekuak sarearen parte eta, beraz, antolakuntza beraren parte direlako.

«Antolakuntza eta komunikazio sare bera dute elkarte horiek», eta, beraz, Dorrekoa ez da «hirugarren [elkarte] independente bat», foru diputatuaren ustez, Sarrearekin harremana duen «erakunde instrumentala» baizik, eta Dorrekoa udalekua antolatzen saiatzea «lege iruzurra egiteko saiakera» dela ere adierazi du. 

Gainera, Sarreak Bernedoko administrazio batzarrarekin duen udal kontratuan adierazten denez, Sarreak ezin dio beste inori azpialokatu edo utzi udalekuak antolatzeko erabili den eraikina. Hortaz, foru diputatuaren ustez, uztailaren 1etik 15era Dorrekoak bere gain hartuko lukeen udalekua ezingo litzateke egin Sarrea kultur elkartearen parte hartzerik gabe. Arrazoi horiek direla medio, eskaera «ukatu» dio Gazteriaren Foru Erakundeak Dorrekoari, «informazio faltsua» ematea egotzita. 

Ondorioz, Dorrekoaren eskaera «lege iruzurra da, eta ez da balekoa», Del Valen arabera. Uztailaren 1etik 15era egitea aurreikusita zegoen udalekua «ezingo da egin», beraz, ez Sarrearen ardurapean, ezta Dorrekoarenean ere. Debeku hori gorabehera, udalekua antolatzen saiatuko balira, elkarte horiek «erantzule zuzenak» lirateke eta «itxiera eta irtenerazte» neurriei aurre egin beharko liekete. 

Epaiketa eta eraikina

Aipaturiko neurriez gain, egindako salaketen «larritasuna» ikusita, salaturiko hezitzaileen aurkako epaiketan «agertzeko» eskatu du Arabako Foru Aldundiak. Eskaera hori eginda dagoela azaldu du Del Valek, eta epailearen erantzunaren zain daudela. Espedientearen ondorioak bestelako erakundeei ere jakinarazi dizkiete, «izan daitezkeen ondorioetarako». Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari bidali dizkiote, besteak beste, espedientearen ondorioak.

Horretaz gain, udalekuak egiteko erabili izan den Bernedoko eraikinari buruz ere mintzatu da foru diputatua. Bernedoko administrazio batzarraren jabetzakoa da eraikin hori. Del Valen arabera, Gazteriaren Foru Erakundeak eskaintza egin dio administrazio batzarrari bere gain hartzeko eraikin horren kudeaketa eta bertan antolatzen diren aisialdiko jarduerena. Bernedoko udalekuen «izen on zikindua garbitzea» da eskaintza horren helburua, foru diputatuaren arabera. Administrazio batzarraren erantzunaren zain daude. 

Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoek aho batez goraipatu dute foru diputatuaren eta haren departamentuaren lana, espedientearen tramitazioan egoki jardun dutela iritzita. EAJk eta PSE-EEk erabateko sostengua adierazi diote. Talde horiek osatzen dute Arabako foru gobernua, eta azken alderdi horretako kidea da Del Val. 

PP eta Vox taldeko ordezkariek zigorrak «beranduegi» iritsi izana kritikatu diote aldundiari. Kargu hartze horien aurrean, Del Valek gogorarazi du espediente bat izapidetzeko «sei hilabeteko epea» behar dela, eta berretsi du berme guztiekin eta dagozkion pauso guztiak emanez egin dela prozesua. EH Bilduren ordezkariak, berriz, zera esan dio diputatuari: «Ederki egin duzue egin beharrekoa». Baina zalantzak adierazi ditu El Correo egunkariari egin zitzaion filtrazioari buruz, Del Valen arabera atzo itxi zen espedientearen ebazpena asteazkenean jakinarazi baitzuen egunkari horrek. Del Valek erantzun du bere departamentuak ez duela egin «inolako filtraziorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA