GEBehatokiak datorren astean egingo du bere II. Topaketa, estatuaren inpunitatea salatzeko asmoz

Josep Casadevall Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteorde ohiak parte hartuko du, Amaia Izkorekin eta Martxelo Otamendirekin batera.

Pello Alcantarillaren tortura kasua salatzeko agerraldia, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pello Alcantarillaren tortura kasua salatzeko agerraldia, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko martxoaren 18a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak egia jakiteko eskubidearen nazioarteko eguna baliatuko du plataformaren II. Topaketa antolatzeko. Iaz egin bezala, Inpunitatea. Egiarako eskubideak ez du preskribatzen lelopean antolatu dute. Hala, aukera baliatu nahi dute aldarrikapen argi bat berresteko: «Erakunde publikoek ezin dute ostrukarena egiten jarraitu, ez gobernuak eta ez botere judizialak».

Hurrengo asteartean egingo dute topaketa, 18:00etan, Iruñeko Tres Reyes hotelean. Han hizlari lanetan arituko dira Josep Casadevall Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteorde ohia, Amaia Izko abokatua eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohi eta torturatua. Haien arteko mahai ingurua Iratxe Urizar GEBehatokiko abokatuak bideratuko du. Iaz, Fabian Salvioli NBEko kontalari ohia aritu zen hizlari.

Topaketa ulertzeko kontuan hartu behar da testuingurua, GEBehatokiak azaldu duenez. Hala, gogoratu du Estrasburgoko auzitegiak hamar aldiz zigortu duela Espainiako Estatua euskal herritarren kontrako torturak direla medio; kasu horietako bat da Otamendirena.

Ebazpen horietan, epaileek ebatzi zuten Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu zuela, tortura eta tratu txar salaketen inguruan ikerketa eraginkorrik ez gauzatzeagatik. Gainera, azken ebazpenean, Xabier Atristaini dagokionez, gaineratu zuen Espainiak bidezko prozesu bat izateko eskubidea ere urratu ziola, inkomunikazio aldian abokatua hautatzen ez uzteagatik.

GEBehatokiak salatu du Espainiako justiziak ez ikusiarena egiten jarraitzen duela ebazpen horien inguruan. Eta ez horien gainean bakarrik. Gogoratu du Nazio Batuen Erakundeko zenbait batzordek «etengabe» gomendioak eman dizkiotela Espainiari norabide berean, eta Torturaren Aurkako Batzordeak, Raul Fuentesen auziari erreferentzia eginda, ohartarazi ziola tortura delituak ez duela preskribatzen.

Zigorgabetasuna

Torturen inguruko errealitatea hizpide hartu duten bestelako txostenak eta ebazpenak ere izan dira Espainian eta Euskal Herrian. Azken hilabeteetako kasurik esanguratsuenetako bat Iratxe Sorzabal euskal presoarena da. Espainiako Auzitegi Nazionalak, hura absolbitzearekin batera, onartu zuen torturatu egin zutela inkomunikazio aldian. Bestetik, KREI Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostenetan eta Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko balorazio batzordeen ebazpenetan azaleratu dute milaka tortura kasu izan direla Hego Euskal Herrian; KREIk 5.300 baino gehiago zenbatu zituen.

Hori ikusirik, baina, erantzun falta nabarmena dagoela uste du GEBehatokiak: «Epailetzak ostrukarena egiten jarraitzen du, eta horrela zigorgabetasuna bermatzen die torturatzaileei, ebidentzia eta zartada horiek guztiak instituzioaren ardura ez balira bezala».

Halere, GEBehatokiak ez dio justizia sistemari soilik erreparatu. Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteek sustatutako Estatua Erantzule dinamika erreferentziatzat hartuta, GEBehatokiak nabarmendu du Espainiako Gobernuari dagokiola «giza eskubideen urraketa larri horietan estatuak duen erantzukizuna aitortzea», eta «maila goreneko aintzatespen ekitaldi bat» eskatu du. Adibide gisa jarri ditu Erresuma Batuko Gobernuak Bloody Sundayko —Igande Odoltsuko— gertaerak eta Alemaniakoak Gernikako bonbardaketak aitortzeko izandako jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA