Iratxe Sorzabalek eta Pello Alcantarillak arestian egin duten bezala, Raul Fuentes Villotak ere eskatu dio Espainiako justiziari 1991n atxiloaldian jasandako torturak ikertzeko auzia berriro irekitzeko. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak (GEB) jakinarazi duenez, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordearen txostenaren ondorioz hartu dituzte erabaki horiek.
Joan zen apirilean, NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak (CAT) aintzat hartu zuen Raul Fuentes euskal presoak 1991n jasandako torturen inguruan eginiko kexa. CATen arabera, «arrazoizko zantzuak» zeuden torturatu egin zutela pentsatzeko, eta Espainiari ohartarazi zion tortura delituak ez duela preskribatzen. Uztailean plazaratutako txosten batean, Fuentesena ez ezik, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako 5.000 tortura salaketa baino gehiago aitortu zituen NBEko Giza Eskubideen Batzordeak, eta haiek ikertzeko mekanismo independente bat sortzeko eskatzen dio Espainiako Gobernuari.
Espainiak 90 egun zituen erabaki hori betetzeko neurriak hartzeko eta Torturaren Aurkako Batzordeari horren berri emateko, baina ez du halakorik egin. NBEren ebazpen horren babesean, torturak salatu zituzten euskal preso batzuek eskatu dute beren auziak berriro zabaltzeko.
Raul Fuentes Villota 1991ko ekainaren 6an atxilotu zuen Espainiako Poliziak. GEBehatokiak gogorarazi duenez, atxilotuak salatu zuen «inkomunikatuta egon ondoren, bortizki torturatu, jipoitu eta heriotza-mehatxuak egin zizkiotela». GEBehatokiak zehaztu duenez, tratu horren ondorioz, «hainbat lesio zituen, eskuko hatzetako parestesia bat barne, sarekada horretan atxilotutako beste batzuei ere tratu txarrak emateko aplikatu zieten metodo berezi batetik eratorria: atzamarren artean arkatz bat sartzen zuten, eta indarrez presionatu; min handia eragiteaz gain, markak uzten zituzten, eta kasu honetakoak bateragarriak dira praktika horrekin».
Espainiako justiziak tortura alegazio horien berri izan zuen 1991n bertan: Fuentesen defentsak orduan eskatu baitzuen auzipetuaren deklarazioak baliogabetzea, torturapean egin zituela argudiatuta. Epaitegien aurreko salaketa formala, ostera, 2018an aurkeztu zuen Fuentesek. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak artxibatu zuen, gertakariak preskribatuta zeudela arrazoituta. Auzitegi Konstituzionalak argudio bera erabili zuen salatzaileak aurkeztutako errekurtsoak kontuan ez hartzeko.
Torturek ez dute preskribatzen
2020an ekin zioten berriro auziari; izan ere, Torturaren Aurkako Mundu Erakundearen (OMCT) laguntzarekin, Fuentesen abokatuak kasu horri buruzko kexa bat aurkeztu zuen Torturaren Aurkako Batzordean (CAT). 2025eko apirilaren 22an, CATek ebazpen bat onartu zuen, eta horretan Espainiako Estatua zigortu zuen, torturaren aurkako konbentzioak hainbat aldiz urratzeagatik. Batetik, sinesgarritasuna aitortu zien Raul Fuentesek torturari buruz eginiko alegazioei. Bestetik, ezarri zuen Espainiak 1991n, gertakarien berri izan zuenean, ikerketa bat irekitzeko betebeharra zuela, salaketa formalik egon ez arren.
Horrekin batera, CATek adierazi zuen ikertzeko betebehar hori indarrean dagoela gaur egun ere, eta ohartarazi zuen agintariek ezin dutela preskripzioa argudiatu ez ikertzeko.
Nolanahi ere, giza eskubideen aldeko elkarte horrek berretsi duenez, «ez epaileek ez fiskalek ez dute ofiziozko jarduerarik abian jarri» NBEren eskakizunari erantzuteko. Hori ikusita, Fuentesek erabaki du eskatzea auzia berriro ere zabaltzeko. Lau eskaera zehatz egiten dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalari: torturei buruzko ikerketa eraginkor eta independentea bermatzea; erantzuleak auzipetu, epaitu eta zigortzea; erreparazio integrala ematea; eta, azkenik, neurriak hartzea etorkizunean gertakari horiek berriz gertatuko ez direla bermatzeko.