Martxoaren 3an estatuak izandako «rola» aitortzea lehenetsi dute EAJk eta PSE-EEk, «erantzukizun» eskaeren gainetik

Erdibideko zuzenketa bat onartu dute bi alderdiek Eusko Legebiltzarrean, eta EH Bilduk eta Sumarrek aurkeztutako mozioaren kontra bozkatu dute. Polizia Armatuak langileen protestari emandako «neurriz kanpoko erantzuna» gaitzestea jaso dute.

Martxoak 3 elkarteko kideak, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Martxoak 3 elkarteko kideak, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
aitor biain
2026ko otsailaren 26a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

1976ko martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik 50 urte betetzear diren honetan, Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatu dio aitor dezala sarraski hartan izan zuen «rola», eta gaitzets dezala «Arias Navarroren gobernuaren Polizia Armatuak izandako neurriz kanpoko jokabidea». Adierazpen hori EAJk eta PSE-EEk azken unean lortutako akordioari esker atera da aurrera, osoko zuzenketa bat aurkeztu baitiote EH Bilduren eta Sumarren jatorrizko proposamenari. Hark esaten zuenaren kontrara, baztertu egin dute estatuak sarraskian izan zuen «erantzukizuna» aitortzeko eskatzea.

Martxoak 3 elkarteak eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteak abian jarritako Estatua erantzule kanpaina zuen oinarrian koalizio subiranistak eta Sumarrek aurkeztutako legez besteko proposamenak, eta zera eskatzen zion legebiltzarrari: harekin bat egiteko eta estatuari eskatzeko aitor dezala gertakari horietan izandako «erantzukizuna». Ez du aurrera egiteko babesik jaso, ordea, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu baitute.

Jaurlaritza osatzen duten alderdiek zeinek bere zuzenketa aurkeztua zioten proposamen horri. Izan ere, sozialistek ez zuten nahi estatuari inolako aitortzarik egin dezala eskatzerik, iritzi baitiote gaur egungo Espainiako Gobernuak ez duela ordukoarekin loturarik. Honela gogorarazi du Miren Gallastegi legebiltzarkideak ere: «Ez gara sarraski haren erantzuleak». Hori dela eta, Martxoaren 3ko sarraskiaren aurkako gaitzespena egitera mugatu nahi zuten Madrili egin beharreko eskaera.

Jeltzaleak, berriz, ados zeuden Espainiako Gobernuari eskaera egitearekin, baina aurreratu zuten sozialistekin akordioa ixten ahaleginduko zirela. Eta hala egin dute: hitz horiek ez erabiltzea hitzartu dute azkenean. Erdibideko zuzenketa baten alde egin dute: arduraren ordez, inplikazioa hobetsi dute. Eta beren-beregi egin diote erreferentzia orduko gobernu frankistari ere, gaur egungoarekiko «distantzia» erakusteko.

Onartu duten mozioak bost puntu ditu. Eta, aipatutakoez gain, zera jaso dute: biktimen «memoria berreskuratzeko, duintzeko eta transmititzeko» Eusko Legebiltzarrak duen konpromisoa berrestea; Zaramagako elizan oroimen zentroa eraikitzeari babesa adieraztea; 50. urteurreneko ekitaldiekin bat egitea; eta Espainiako Kongresuari eskatzea Sekretu Ofizialen Legearen erreforma desblokea dezala.

Hitz kontua

Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteek iaz abiatu zuten Estatua erantzule kanpaina, eta helburu argia du: Espainiako Estatuari eskatzea aitor dezala Martxoaren 3ko sarraskian eta Iruñeko 1978ko sanferminetan jazotakoan izan zuen «erantzukizun nagusi eta zuzena». Horretarako, «maila gorenean adierazpen ofizial bat» egiteko eskatu zieten bi elkarteek Espainiako Gobernuari eta haren presidenteari, baita Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko exijitu ere.

Sumarrek eta EH Bilduk bat egin dute asmo horiekin, eta hala jaso dute beren jatorrizko proposamenean ere. Hala berretsi dute Jon Hernandez (Sumar) eta Amancay Villalba (EH Bildu) legebiltzarkideek ere. Gogorarazi dute beste erakunde batzuetan onartua dutela testua; Gasteizko Udalean, besteak beste. Arabako Batzar Nagusietan ere eztabaidatu zen Martxoaren 3ari buruzko mozio bat, baina ez zuen jaso estatuaren ardura aitortzearen inguruko eskaera.

Finean, hori izan baita eztabaidaren muina. Hernandezek argi adierazi du 1976ko sarraskiak erantzule bat eta bakarra duela: estatua. «Bai, estatu frankista da erailketa haien eta errepresio haren erantzulea». Horregatik, deitoratu egin du Jaurlaritza osatzen duten alderdiek adostutako zuzenketan puntu hori jaso ez izana. «Atzerapauso bat» dela esan du Sumarreko ordezkariak. Bide beretik, Villalbak adierazi du erdibidekoa «motz» geratzen dela, eta EAJri egotzi dio «alderdien arteko interesak» lehenestea, eta, bide batez, bi bazkideen arteko desadostasunen segida ez ematea: «EAJk erantzukizuna eskatzen zuen bere proposamenean, eta ez da ulertzen atzera egitea».

Xabier Barandiaran jeltzaleak erantzun du EAJren legebiltzarreko taldea ados zegoela jatorrizko testuarekin, baina «kontsetsuari aukera bat» emateko aurkeztu zutela zuzenketa propioa hasieran, eta helburu horrekin adostu dutela erdibidekoa PSE-EErekin: «Alderdi Sozialistarekin akordioa ixtea lehenetsi dugu». Eta adostasun horretara batzeko eskatu die EH Bilduri eta Sumarri, jatorrizkoaren helburuak betetzen dituelakoan.

Izan ere, Barandiaranek azpimarratu du hitzek garrantzi handia dutela bakegintza gaietan, eta ezinbestekoa dela «joko zelai komun bat» eratuko duten esamoldeak erabiltzea: «Bakegintzaren inguruan denok dauzkagu gure ñabardurak. Baina nahi baldin badugu elkarren artean bide bat egin, semantika bat bilatu behar dugu esan nahi dugun hori esateko eta, aldi berean, denok adostasun batera etortzeko».

Elkartea, dezepzionatuta

Martxoak 3 elkarteko kideek Eusko Legebiltzarrean bertan ikusi dute eztabaida, eta atsekabea adierazi dute bozketaren ostean. Legebiltzarrak «huts egin» diela adierai dute, eta onartutakoa ez dela nahikoa. Gaineratu dute ulertezin zaiela beste erakunde batzuetan onartua zutena ez onartzea: «Oraingo sozialistek 76an gertatutakoaren erantzuleak ez direla esaten badute, zergatik ez dute onartzen 1976an Espainiako Estatuak izan zuen erantzukizuna? EAJ zergatik ez da gai udalean baietza eman zion biktimen eskakizun bati eusteko?», itaundu du Nerea Martinez bozeramaileak.

Martxoak 3 elkarteko eledunak azpimarratu du ez dela «atzera egiteko» garaia, «ezta eskakizun hori murriztekoa ere». Eta berretsi du duela 50 urte Gasteizen gertatutakoa ez zela Poliziaren neurriz kanpoko portaera bat izan: «Sarraskia izan zen, estatu krimena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!