GEBehatokiak frogatutzat eman du ez dagoela Zupiriak aipatutako «bizikidetza arazorik» euskal gizartean

Behatokiak nabarmendu du ez dela aparteko arazorik izan udan, eta uste du Zupiria Segurtasun sailburuaren azken adierazpenak direla uda hasieran helarazitako «agertoki katastrofistari egindako autozuzenketa bat».

Ertzain batzuk prest, Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko mobilizazio batean Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ertzain batzuk prest, Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko mobilizazio batean Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2026ko irailaren 2a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erro soziopolitikoko gertakariak aintzat hartzen badira, «bizikidetza ez da herritarren arazoa», Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak ziurtatu duenez. Ondorioztatu dute euskal gizarteak ez duela inoiz izan «giro sozial hoberik», eta «gertaera bortitzik gabeko uda hau» izan dela horren adierazle: «Ez dago bizikidetzaren hausturaren edo gatazka soziopolitikoen kontakizuna berresten duen elementu bakar bat ere, ezta estatistika irizpiderik edo gizarte pertzepziorik ere».

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak uztailaren 2an egindako adierazpen batzuei segika heldu da GEBehatokiaren oharra. Sailburuak ondorioztatu zuen Ertzaintzarekin zerikusia zuten gertaera batzuk «bizikidetza arazoen» ondorio zirela. Gaineratu zuen «tradizio politiko» bat dagoela «erakunde demokratikoei indarkeriarekin aurre egiteagatik» nabarmendu dena. Iradoki zuen fase hori gainditzeko «zailtasunak» daudela: euskal gizartea «gaixorik egon den gizarte bat» dela esan zuen, eta «zauriak osatzen» ari dela oraindik.

GEBehatokiak adierazi du «kezkatuta» entzun zituztela Zupiriak esandakoak, eta adierazpenok «ezin faltsuagoak» direla. Adierazi dute faltsua dela ezer aldatu ez delako ideia, eta baita herritarrak oraindik iraganean dauden irudipena ere; are, ez duela kontuan hartzen euskal gizarteak egindako ahalegin guztia: «Euskal gizartea ahalegin handia egiten ari da iraganeko logikak gainditzeko, eta biktima guztiak eta giza eskubideak aitortzearen inguruan bizikidetza demokratikorako itun sozial berri baten bila ari da».

Erantsi dute adierazpenok «euskaldunen idiosinkrasian ainguratutako gatazkarako nahi irrazional hori» azaleratzen dutela berriro, eta ez zaiola «benetako eztabaidari» heltzen: «Euskal Herriak behar duen segurtasun eredua».

«Uda lasaia» izan da 

Zupiria uztail hasieran udan jai giroan egon litezkeen istiluez mintzatu zen, eta iragarri zuen, egongo balira, «Ertzaintza prest» egongo zela. Jomugan jarri zuen GKSren eta Ernairen arteko harremana: Segurtasun sailburuak adierazi zuen «GKSren eta Ernairen artean ebatzi gabeko oinarrizko kontuak» daudela, eta ziurtatu zuen horien arteko talkak egotea «lan hipotesi» bat zela Ertzaintzarentzat. «Hor dago pertsona batzuen bazterketa, udaltzain edota ertzain izateagatikoa», esan zuen. 

GEBehatokiak orain esan duenez, egiaztatu daiteke udan ez dela horrelakorik gertatu, eta sailburuak Radio Euskadin esandako hitzak erantsi dituzte hori bera berresteko: «Joan den abuztuaren 18an, Segurtasuneko sailburuak elkarrizketa batean aitortu zuen uda lasaia izaten ari zela». Bilboko Aste Nagusiaren amaieran izandako gertakari baten ondoren ere, berretsi zuen «uda lasaia» izan dela, eta «jaietan oso giro ona» izan dela. Sailburuak berak erabilitako hitz berberak erabili dituzte GEBehatokikoek: Ertzaintzarekin izandako zenbait istiluri ez zaiela «duten garrantzia baino gehiago eman behar».

Behatokiak adierazi du «pozarren» daudela istilu nabarmenik izan ez delako: «Inork ez du liskarrik, borrokarik edo indarkeriarik edo, oro har, eskubideen urraketarik nahi». Gaineratu dute egiaztatu egin dela ez dagoela «aldez aurretik pentsatutako indarkeriazko jardueren bidez aldarrikapenak egin nahi dituen estrategia politikorik». «Ez dago, beraz, bizikidetzaren aurkako mehatxurik». Eta esan dute gertatutakoa bat datorrela gizartearen gehiengoak duen pertzepzioarekin: «2014az geroztik ez da bizikidetzari edo gatazkaren pertzepzioari buruz galdetzen duen inkestarik». Dei egin dute ez erortzera «segurtasun eztabaida lerratu nahi den malda irristakorretik». 

Aitortu dute istiluak egon badaudela: gaueko borrokak, futbol partidetan sortzen direnak, «jai giroaren eta kontsumo neurrigabearen ondorio diren gorabeherak». Are, «delituak eragozteko Poliziak esku hartzen duenean sortzen diren istiluak» ere izaten direla esan dute. Horiek gertaera «tamalgarriak» direla deritzote, eta «saihestu daitezkeenak», baina, aldi berean, gutxi gertatzen direla. «Biktimengan eragin handia dute, baina ez dute dimentsio sozialik, ezta, are gutxiago, entitate politikorik ere». Erantsi dute Poliziaren aurkako jarrerak «ohikoak» direla inguruko gizarteetan ere, hori ez dela euskal gizartearen berezko ezaugarri bat; «eta, are gutxiago, gure iragan berri mingarriarekin». 

Sailburuak esandakoaren aurrean, ulertzen dute Zupiriaren adierazpenak uda hasieran planteatutako «agertoki katastrofistari egindako autozuzenketa» bat direla: «Aitortzen duenez, bere profezia ez da bete». 

Segurtasunari buruzko eztabaida «lasaia»

GEBehatokikoek amaitu dute esanez euskal gizarteak behar duen segurtasun ereduak adostasun zabalaren emaitza izan behar duela, eta zerikusi gehiago duela «inor bazterrean utziko ez duen ongizate estatua eraikitzeko gai» izatearekin. Horretarako, esan dute «gaurko begiradarekin» egin behar zaiola aurre. 

Elkartekoek espero dute politikariek segurtasun zerbitzu publikoaren beharrei buruzko eztabaida «lasai bat» hastea, «alegatu okerrik gabe, superlatiborik erabili gabe», joan den abenduaren 17an, GEBehatokiak Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian aipatu zuen bezala. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA