Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak abisu argia eman du, udan jai giroan istilurik balego ere: «Ertzaintza prest dago». Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Zupiriak ziurtatu du «GKSren eta Ernairen artean ebatzi gabeko oinarrizko kontuak» daudela, eta, testuinguru hori marraztu ondoren, ohartarazi du Ertzaintza prest dagoela, litekeena delakoan «aurten berriro istiluak» egotea.
Segurtasun sailburuak euskal Poliziaren ustezko etsai bati buruzko azalpenak eman ditu jarraian. Beste polizia eredu bat eskatzen dutenak badirela adierazi du, eta eskaera hori ez dela «bakarrik Euskadin» egiten: «Espainian ere badira hori eskatzen dutenak, Mendebaldeko munduko leku askotan bezala. Ildo ideologiko eta politiko batzuk daude ezbaian jartzen dutenak Poliziak egon behar duenik ere, merkatu librea ezbaian jartzen duten moduan».
Baina Euskal Herrian ildo horri beste osagai bat gehitzen zaio, Zupiriaren esanetan, eta, siglarik aipatu ez duen arren, ezker abertzaleari erreparatu dio. «Euskadin, tradizio politiko bat dago erakunde demokratikoei indarkeriarekin aurre egiteagatik nabarmendu dena, Ertzaintzak egon behar ote duen ere kolokan jarri duena, eta haren aurka egin duena, baita armen bidez ere». Uste du fase hori gainditzeko «zailtasunak» daudela gaur egun ere. Euskal gizartea «gaixorik egon den gizarte bat» dela esan du, eta «zauriak osatzen» ari dela. Zupiriak aipatutako gaitz hori ez ei dago erabat osaturik: «Gaixotasun horren arrastoak hor daude oraindik». Hori dela eta, sailburuaren arabera, «Ertzaintzak bere jarduera testuinguru horretan» egin beharra dauka.
Ernai eta GKS
Marraztu duen testuinguru horren barruan sartu ditu Zupiriak udako festei loturik egon daitezkeen istiluak. GKSren eta Ernairen arteko harremanari helduz, ziurtatu du horien arteko talkak egotea «lan hipotesi» bat dela Ertzaintzarentzat, eta «zenbait egoera galarazi» behar direla. Gogoratu du aurretik esana duela «tentsioa» badela «ezker abertzaleko gazteen eta GKSren artean», eta aurreko urteko udan «gertakari batzuk» egon zirela horren harira. Izan ere, Segurtasun sailburuak uste du «GKSren eta Ernairen artean ebatzi gabeko oinarrizko kontuak» daudela. «Hor dago pertsona batzuen bazterketa, udaltzain edota ertzain izateagatikoa».
Hala, Segurtasun sailburuak ezarri du badirela Ertzaintzaren aurkako «seinalamenduak», «baita pertsonalak ere», badirelako «muturreko jarrera baztertzaileak», baina «gutxi batzuenak». Pertsona horiek «ez dute onartzen beren ideologia eskematik ateratzen den ezer, eta jazarpena gauzatzen dute». Gaineratu du halako jarrerak ezin direla normalizatu. «Gertatu da politikariren batekin, ertzainekin eta udaltzainekin».
«Ertzaintzaren aurkako seinalamenduak daude, baita pertsonalak ere, muturreko jarrera baztertzaileak daudelako. Gutxi batzuek ez dute onartzen beren ideologia eskematik ateratzen den ezer, eta jazarpena gauzatzen dute»
BINGEN ZUPIRIA Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Bestalde, Ertzaintzaren oldarraldietan egon diren zauritu larrien auziek argia ikusteko zailtasun handiak daude aspaldian; Loiuko aireportuko (Bizkaia) eta Anoetako estadioko (Donostia) gertakari gogorrak dira zurruntasun horren adibide batzuk, eta Zupiriak esan du «Ertzaintzaren esku hartzeen inguruan zalantzak sor ditzaketen auziak ikertu eta aztertu» egiten direla. Erantsi du Eusko Legebiltzarraren «kontrola» izan dutela, Ertzaintzaren Barne Gaietarako adarrak ikertzen dituela, Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordera iritsi direla, eta Arartekoak ikerketa bat iragarri duela, Loiuko oldarraldiari dagokionez. Auzi hori epaitegietan dagoela gogoratu du.
Gardentasun eskea
Zupiriak badaki «zalantzak» eragin ditzakeela Ertzaintzaren Barne Gaietarako Adarrak, «ikerketak amaieraraino eramaten ote dituen ala ez». «Nik defenditzen dut baietz, bukaeraraino eraman dituela, baina ez dago dudarik gauza batean: justiziak egia judizial bat ezarriko du».
Bitartean, Zupiriak «gardentasuna» eskatu du. «Segurtasunaren edo segurtasunik ezaren gaia» komunikazioaren ikuspuntutik lantzeko beharra ikusten du, izan ere. «Gardenak izan behar dugu, eta gure esku dauden datu guztiak eman, plazaratu baldin badaitezke».
Eta gardentasun politika horren barruan sartu du atxilotuen jatorriari buruzko datuak emateko erabakia. «Delituak gertatzen ari diren testuingurua ulertzen laguntzen du». Aitortu du, hala ere, informazio hori ematearen ondorioz «jatorri jakin batzuetako pertsonak seinalaturik» sentitu daitezkeela. Baina Segurtasun sailburuak oso argi erantsi du «egia» dela «jatorri batzuk gailentzen» ari direla «delitu mota batzuei dagokienez».
Bada, helarazi du ez dela bakarrik egoera hori «azaldu behar», egoerak «neurriak hartzea» eskatzen duela. Laburbilduz, ziurtatu du badagoela «errealitate bat», eta ezin dela «beste alde batera begiratu».