Gehiengo sindikalak hiru eguneko grebara deitu du Nafarroako lanbide heziketako zentroetan

Azaroaren 3an, 4an eta 5ean eginen dituzte lanuzteak, Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek deituta. Egoera «muturrekoa» dela salatu dute.

Hezkuntza publikoaren aldeko greba Iruñean, iragan urrian. IÑIGO URIZ / FOKU
Hezkuntza publikoaren aldeko greba Iruñean, iragan urrian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 1a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako hezkuntza publikoko gehiengo sindikalak grebara deitu du lanbide heziketako zentroetan. Hezkuntza ziklo horren egoera «ezin larriagoa» dela salatu dute Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek, Iruñean egin duten agerraldian. Are, uste dute Nafarroako lanbide heziketak okerrera egin duela azken urteetan, Nafarroako Gobernuak hura arautzeko foru legea onartu zuenetik. «Legea ez zuten behar bezala garatu, eta aldaketak ez zituzten kontrastatu eskola ematen duten irakasleekin», adierazi du ELAko Uxue Itoizek, grebara deitu duten sindikatuen izenean.

Lanbide heziketako irakasleek pairatzen duten «lan gainkarga» txarretsi dute sindikatuek: «Ratioak handiegiak dira, eta irakasleek ordu gehiegi eman behar dituzte aurrez aurreko eskolak ematen, eta ez zaie ordurik ematen gainerako lanak eta proiektuak garatzeko», salatu du CCOOko Unai Alabak. Lege horrek irakasleen lan baldintzak «okertu» dituela adierazi dute Itoizek eta Alabak, eta gaineratu aldaketa horiek «gehiengo sindikalaren oniritzirik gabe» aplikatu dituztela: «Hezkuntza Departamentuak gutxiengoan sinatu zuen ituna ANPE, Afapna eta UGTrekin, negoziaziorik gabe».

Sindikatuetako ordezkariek Hezkuntza Departamentuari egotzi diote «ikasle errepikatzaileei bizkarra ematea» eta irakasleei denbora kendu izana ikasleei «behar den arreta» eskaintzeko. «Horrek hezkuntzaren kalitateari eragiten dio». Hori dela eta, «baliabide gehiago» galdegin dituzte irakasleentzat, eta «kontsentsuzko lege berri bat» lanbide heziketa arautzeko.

Azkenik, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari gogorarazi diote Lanbide Heziketaren egungo eskaintza zabala ez dela bere departamentuaren meritua, «irakasleen gainkargaren eta ikastetxeen saturazioaren ondorio baizik». Gehiengo sindikalak negoziatzera premiatu du kontseilaria: «Bilera eskatu genion duela bi aste, mahai sektorial bat sortzeko eta auzi honetaz eztabaidatzeko, baina ez dugu erantzunik jaso».

Horregatik guztiarengatik, hiru eguneko grebara deitu dute: azaroaren 3an, 4an eta 5ean izanen da, Nafarroako lanbide heziketako ikastetxeetan. Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek ez dute baztertu mobilizazio eta lanuzte gehiago antolatzeko aukera, «hezkuntza ziklo horretan edo beste batzuetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.