Genero indarkeria hezkuntzan ez da «asaldatzekoa», Iribasek dioenez

«Gizonen eta emakumeen arteko indarkeria» eta estilo horretako kontzeptuak aipatzen ditu Iruñeko gobernuak eskolentzat eginiko planak

Neska-mutil batzuk, eskolako ekintza batean, elkarrekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gainditutako kontzeptuak erabili ditu Nafarroako Gobernuak hezkuntzan genero indarkeriari aurre egiteko planean. Jose Iribas kontseilariaren sinadurarekin, esamolde deigarriak erabili dituzte: «gizonen eta emakumeen arteko indarkeria» aipatu dute, adibidez, ez andreen kontrakoa. Genero desberdintasunak nabariak direla dio planak, baina, hezkuntzari buruz zehazki mintzo denean, lasaitasuna ageri du, esanez ez dela «asaldatzekoa» egoera, nahiz gobernuak berak aitortu duen eskoletan genero indarkeriarekin lotutako 11 kasuren berri jakin zuela iaz. Plana erretiratzeko eskatu du EILAS sindikatuak.

Parlamentuak berak ekimena hartuta egin du plana Hezkuntza Departamentuak. 2011n amaitu zen aurrekoa, eta besterik egin gabe zegoen Jose Iribasen kontseilaritza. Iazko azaroan eraman zuen oposizioak gaia parlamentura, eta gobernuari agindu zion egiteko genero indarkeriari hezkuntzatik aurre egiteko plan bat. Talde guztiek babestu zuten proposamena, UPNk izan ezik —abstentziora jo zuen—. Sei hilabeteko epea jarri zioten gobernuari plana aurkezteko, eta tramitazioan hezkuntza komunitatea aintzat hartzeko eskatu zioten. Ez bat ez beste ez du bete gobernuak, EILASen arabera: eragileen iritzirik ez du bildu departamentuak, eta urte erdiko epea aspaldi iragana dago.

«Jakin ahal izan dugu pertsona bakar bat aritu dela plana egiten, prozesua hezkuntza komunitatearekin partekatu gabe», azaldu du EILASeko kide Amaia Zubietak. Haren arabera, gobernuaren asmoa zen plana zuzenean parlamentura bidaltzea, baina, eragileen kexuek behartuta, eskola kontseiluan aurkeztu zuen. «Udan, uztailean». Lau zuzenketa jarri zituzten, baina ez dituzte bozkatu ere egin; eranskin gisa gehitu dizkiote gobernuaren egitasmoari.

Egiteko erarekin ez, eta planaren edukiarekin ere ez da ados Zubieta: «Emakumeen aurkako indarkeria ezkutatu egiten du; eskola porrota indarkeriarekin lotzen du; egoera sozioekonomikoa indarkeriarekin lotzen du. Partzialtasun ideologikoa nabaria da planean». Adibide bat jarri du: sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak propio aipatu dituzte, esateko ez direla eskola bereizleak.

Gogo txarrez egindako plana dela argi dio Zubietak, eta UPNren arrastoa nabari zaiola: «Plana itxurakeria hutsa da, parlamentuaren agindua hala hola betetzeko, baina kutsu ideologiko nabaria du». Marko teorikoan erabilitako kontzeptu desegokiez gain, EILASeko ordezkariak ohartarazi du neurrietan berritasunik ez dagoela. «Deus zehatzik ez dago».

Atzera botatzeko asmotan

Parlamentuak aginduta prestatu du gobernuak genero indarkeriari aurre egiteko plana, eta parlamentuan bertan aurkeztu beharko du. Aste gutxiko kontua izango dela uste dute, eskola kontseilutik joan den astean pasatu baitzuten testua. Parlamentuko taldeekin hizketan hasiko dela iragarri du EILASek. «Gure irakurketa partekatu nahi dugu haiekin, eta espero dugu atzera botatzeko eskatuko dutela, eta beste bat egiteko». Beste irtenbiderik ez du ikusten Zubietak: «Plana ezinbestekoa da hezkuntzan, baina horrelako bat ezin dugu eduki».

Parlamentuko ahalegina aparte, beste itxaropen bat ere badu Zubietak: gobernuak berak atzera egitea, «zer egin duen ikusita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.