Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak bidea libre du Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea eta harekin inputaturiko zuzendaritzako beste bi kideak genozidio baten konplize gisa ikertzeko. Hori egin ahal izateko, genozidio horren biktima zuzen batek egin behar du salaketa, eta epaileak onartu du Reffat Alathamma mediku gazatarra akusazio partikular gisa aritzea auzian.
Baldintza hori ezinbestekoa zen, Auzitegi Nazionaleko fiskaltza akusazio horren aurka agertu baitzen, eta hiru zuzendariak kontrabando akusazioagatik bakarrik ikertzea eskatu baitzuen. Sidenorren aurkako kereila jarri zuten Kataluniako elkarteek hainbatetan salatu dute fiskaltza oztopoak jartzen ari dela.
Erlazionatuta
Alathammak atzo eman zuen bere lekukotza epailearen aurrean. Gazan eta berak lantoki izandako ospitalean ikusi eta bizitakoak kontatu zizkion epaileari. Alde horretatik, nabarmendu zuen munduko enpresa asko sufrimendu horren konplize direla: «Israelekin lankidetzan diharduten enpresak daude, askok armak oparitzen dizkiote Israeli eta armak lor ditzan laguntzen diote. Estatu genozida bati».
Lekukotzaren ondoren, epaileak bere akusazioa erantsi du. Nabarmentzekoa da fiskaltza ez zela aretoan egon medikuak deklaratu zuenean. Gauzak hala, kontrabando egin izana eta genozidio baten konplize izatea leporatu ahal izango die hiru ikertuei, baita gizateriaren aurkako delitu bat egin eta pertsonen eta ondasun babestuen aurka egin izana ere.
Horiek hala, hasierako akusazioekin jarraituko du auzibidean. Bestalde, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santak, Sidenorren aurka kereila jarri duen elkarteak, eskatu du prozedura judizialak oztoporik gabe jarrai dezala, eta epaia argitu arte erakunde publikoek kontratazio publikoko eta diru laguntzetako edozein prozesutatik kanpo utz dezatela Sidenor.
Â