Sidenorren arabera, Poliziak aurkitutako agiriak ez du frogatzen altzairua obusak egiteko erabili zenik

Basauriko egoitza miatzean aurkitutako mezu batean ageri da informazio hori. Altzairutegiko arduradunek erantzun dutenez, banku bati emandako erantzuna da, eta armagintza enpresei buruzko informazio orokorra baizik ez zen ageri dokumentu horretan.

Espainiako Poliziako agenteak Sidenorrek Basaurin duen lantegiaren atarian, otsailaren 10ean miaketa egin zutenean. LUIS TEJIDO / EFE
Espainiako Poliziako agenteak Sidenorrek Basaurin duen lantegiaren atarian, otsailaren 10ean miaketa egin zutenean. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko otsailaren 25a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sidenorrek bere burua defendatu du, eta bere bertsioa eman du Espainiako Poliziak otsailaren 10eko miaketan aurkitu eta enpresa ataka estuan jarri duen agiriaren inguruan. Haren ustez, ikerlariek aurkituriko agiriak ez du frogatzen IMI Systems LTD Israelgo armagintza enpresak obusak egin zituenik Basauriko (Bizkaia) enpresaren altzairuarekin. Sidenorrek ez du hori ukatu, ez behintzat zehazki, baina, haren aburuz, dokumentuak ez du frogatzen altzairua horretarako erabili zenik. Konpainiak ohar bidez eman ditu argibideak, eta, zehaztu duenez, Poliziak aurkitu zuen mezu elektronikoa banku bati emandako erantzuna da, eta armagintza enpresei buruzko informazio orokorra baizik ez zen ageri han. 

Baina zer dio zehazki Espainiako Poliziak altzairutegiaren Basauriko egoitza nagusian aurkitu zuen agiri horrek? Iñigo Molero Sidenorren zuzendari nagusiaren bulegoan aurkitu zuten dokumentua; mezu elektroniko bat da, paperean inprimatua. Agiria armagintzaren sektoreko hainbat bezeroren zerrenda bat da, herrialdeka sailkatuta dago, eta izenen alboan salgaiari emandako erabilera agertzen da, «pieza» izenburuko zutabe batean. Israelen epigrafean, IMI Systems LTDren lerroan, obusak hitza ageri da erabileraren zutabean. Are gehiago, Israelgo beste enpresa bat ere ageri da, Israel Weapon Industries, eta hark ere ustez obusak egiteko erabili zuen altzairua.

Zerrendan hamar herrialdetako hogei armagintza enpresa ageri dira, baita Euskal Herrikoak ere. Agiri hori hainbat mezu elektronikoren kate baten parte da, eta azken mezua 2025eko martxoaren 5ekoa da. Palestinako okupazioaren aurkako elkartasun sareak (Rescop) eman du Poliziaren aurkikuntzaren berri, eta adierazi du beste altzairu bidalketa horiek ere ikertu beharko liratekeela, argitzeko ea defentsa materialaren atzerriko merkataritza erregulatzeko Espainiako Gobernuaren batzordeak onetsita bidali ziren ala ez.

Froga nahikoa ala ez?

Akusazioak eta akusatuek ondorio ezberdinak atera dituzte. Rescopen ustez, froga horrek agerian uzten du Sidenorrek altzairua bidali aurretik bazekiela zertarako erabiliko zuen IMI Systemsek. Nabarmentzekoa da IMI armagintza enpresa bat dela eta ez duela alor zibilik.

Altzairutegiko arduradunak ez dira iritzi berekoak, haien azalpena katramilatuagoa den arren. Haien bertsioaren arabera, Poliziak aurkitutako dokumentu hori finantza erakunde bati emandako erantzuna baizik ez da. Armagintza sektoreko enpresei buruz galdetu zion banku horrek, eta Sidenorrek «horrelako enpresen zerrenda» eman zion, «Espainiako eta beste herrialdeetako enpresekin batera, eta haiek egiten duten produktua aipatzen da bertan».

Eta zer esan nahi du orduan IMI Systemsen lerroko obus hitzak? Sidenorren arabera, «horrek ez du esan nahi bezero horiei saldutako altzairua produktu horiek egiteko erabiliko denik, baizik eta enpresa horrek produktu horiek fabrikatzen dituela». Beste modu batera esanda: enpresako arduradunek esan nahi dute Moleroren agiriak ez duela nahitaez frogatzen konpainiak bazekiela zertarako erabiliko zen IMIri bidalitako altzairua. Gauzak hala, ez litzateke harritzekoa Francisco de Jorge epaileak —hark darama auzia— berriz ere deklaratzera deitzea hiru akusatuak. 

Gainera, Sidenorrek azpimarratu du ez zuela inongo legerik hautsi IMIri altzairua salduta, operazioa gauzatu zenean ez baitzegoen debekurik. «Gogorarazi behar dugu Espainiako Gobernuak 2025eko irailean erabaki zuela Israeli arma bahimendua ezartzea, eta Sidenorrek 2025eko uztailaren 1ean eten zituen Israelekiko salmentak behin betiko; hau da, bahimendua indarrean sartu baino bi hilabete lehenago». 

IMI Systemsi dagokionez, eta BERRIAk zabaldu zuenez, Sidenorrek 42 aldiz bidali zion altzairua 2023ko otsailetik 2025eko ekainera bitartean. Bidalketa horietatik 33 2023ko azaroa baino lehen egin zituzten, hau da, Gazako genozidioa hasi ostean. Guztira 4.587 tona altzairu bidali zizkion Sidenorrek IMIri, eta 5,8 milioi euro jaso zituen trukean.

Fiskaltzaren oztopoak

Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak kereila bat jarri zuen bidalketak salatzeko, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa hasi zuen. Bi delitu egozten dizkie Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteari, Marco Pineda zuzendari orokorrari eta Iñigo Molero zuzendari komertzialari: kontrabandoa eta gizadiaren aurkako delitu baten konplize izatea. Hirurek iazko azaroaren 12an deklaratu zuten epailearen aurrean, eta ukatu egin zuten deliturik egin izana. Haien inplikazioa argitzeko, Basauriko altzairutegia miatzeko eskatu zuen epaileak otsailaren 10ean, eta bertan aurkitu zuten bidalketen agiria.

Auzitegi Nazionaleko fiskaltza Sidenorren egoitza nagusian eginiko ikerketaren aurka agertu zen, eta, Rescopek salatu duenez, Gazatik ihes egin behar izan zuen palestinar batek epaiketan deklaratzea oztopatzen ari da. Espainiako legediaren arabera, genozidioa eta gizadiaren aurkako delituak epaitzeko, biktima zuzena izan den norbaitek jarri behar du kereila. Pertsona horrek martxoaren 2an deklaratuko du, eta, Auzitegi Nazionalak haren biktima izaera onartzen badu, genozidio delitu baten konplize izateagatik epaitu ahalko lituzke Sidenorreko buruak.

Jose Antonio Jainaga Talgoko presidentea, gaur, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea, iragan astelehenean, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Gauzak hala, Rescopek eta Israelekiko arma merkataritza amaitzearen aldeko plataformak bost eskaera zehatz egin dituzte. Batetik, fiskaltzak oztoporik jar ez dezala eta behar adina diligentzia egin daitezela eskatu dute. Bestetik, erakunde publikoek Sidenor lehiaketa publikoetatik atera beharko luketela uste dute.

Espainiako Giza Eskubide eta Memoria Demokratikoko fiskaltzari eskatu diote Palestinako herriaren aurka eginiko gerra krimenak ikertu ditzala, eta epaitegiek ikertu ditzatela Espainiako enpresek Israelgo armagintza sektorearekin izandako harremanak. Azkenik, Espainiako Gobernuari dei egin diote hartu beharreko neurriak har ditzan Espainiako enpresak ez daitezen izan Palestinako herria jasaten ari den genozidioaren konplize.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA