Gernikako bonbardaketako biktimak oroitu dituzte 89. urteurrenean

Zalloko hilerrian egin dute ekitaldi nagusia, eta biktimei lore eskaintza egin diete bizilagunek eta ordezkari politikoek. Duela 89 urte entzun ziren sirenak errepikatu dituzte aurretik.

Imanol Pradales lore eskaintzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Pradales lore eskaintzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 26a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

1937ko apirilaren 26an Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako faxisten Aviazione Legionariako hegazkinek frankistekin elkarlanean egindako bonbardaketa izan dute gogoan gaur, 89 urte geroago, Gernika-Lumon (Bizkaia). Ekitaldi nagusia Zalloko hilerrian egin dute, eta biktimei lore eskaintza egin diete bizilagunek eta ordezkari politikoek.

Hitz batzuk esan ostean, otoitz egin dute hildakoak oroitzeko. Eskaintza hasteko, berriz, San Juan elizaren hondakinetatik berreskuratutako kanpaia jo dute. Loreak eramaten lehenengoa Gernikako alkatea izan da, Jose Maria Gorroño, eta jarraian gauza bera egin dute Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Bakartxo Tejeria Eusko legebiltzarreko presidenteak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eta Fernando Martinez Espainiako Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaria.

George L. Steer kazetariaren semea, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
George L. Steer kazetariaren semea, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gehiago ere izan dira: Ramiz Hasanov Azerbaijaneko enbaxadorea; Sos Avetisyan Armeniako enbaxadorea; Global Sumud Flotillako ordezkariak; Arantxa Tapia Sabino Arana fundazioko presidentea; Eider Gardiazabal Ramon Rubial fundazioko presidentea; eta Gernika Gogoratuz, Gernika Zaharra eta Gernika kultur elkarteko kideak. Txalo zaparrada jaso dute, besteak beste, George L. Steer gerra kazetariaren semeak eta bonbardaketan biziraun zutenek.

Amaitzeko, meza egin dute, eta lau biolin jolek Agur Jauna eta Gernikako Arbola abestiak jo dituzte.

Ekitaldi sorta

Ez da eguneko ekitaldi bakarra izan. Goizean Gernika memoriarako leku dela sinbolizatzen duen eskultura inauguratu dute. 11:30ean omenaldia egin diote George L. Steer kazetariari Gernikan duen bustoaren parean, eta bere semeak hitz batzuk irakurri ditu gerrako kazetarien lana goraipatzeko.

Gernika sarietan, berriz, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa eta Global Sumud Flotilla omendu dituzte, eta han izan dira Armeniako, Azerbaijango eta Bosnia eta Herzegovinako enbaxadoreak, Alemaniako Gobernuaren ordezkari bat eta Espainiako Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaria.

Herri bazkari bat ere egin dute Jai Alai pilotalekuan, eta han izan dira bonbardaketan biziraun zutenak. Amaieran uso txuriak askatu dituzte, bakearen ikur modura, eta 15:45ean, mezaren aurretik, duela 89 urte Gernikan entzun ziren sirenak erreproduzitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA