Gernikako eskailerak baditu koska gehiago

Mikel Legarda jeltzalearen esanetan, estatus berri bat izan arte, Gernikako Estatutua da autogobernua garatzeko dagoen tresnarik «onena». Horretarako, baina, beharrezkoa da Madrilgo giroak aukera ematea.

Torres eta Ubarretxena, artxiboko irudi batean. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Torres eta Ubarretxena, artxiboko irudi batean. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAErako estatus politikoaren inguruko negoziazioen «muina» dute hizketagai egunotan EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, EBBko presidente Aitor Estebanek azaldu duenez, eta akordio bat erdietsi arte negoziazio mahaian jarraitzeko asmoa azaldu dute hiru aldeek. Halere, EAJn bada azken asteetan gogorarazi nahi izan duten beste ideia bat ere: Gernikako Estatutuak oraindik ere «potentzial handia» duela autogobernua indartzen jarraitzeko. Hain zuzen, horren inguruan aritu ziren atzo Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, Moncloan. Ideia hori garatzeko eskatu dio BERRIAk jeltzaleek arlo horretan duen aditu nagusietako bati, Espainiako Kongresuko diputatu Mikel Legardari. Hark adierazi du estatutua, arau juridiko bat den heinean, «testu bizia» dela, eta ez dagoela «ihartuta»: «Garaiaren arabera hartzen du arnasa».

Estatus politiko berriaren inguruko akordio bat erdietsiko balitz, Eusko Legebiltzarrean bidea arin egiteko modua lukete hiru alderdiek, baina ondoren Espainiako Gorteen eta, ziurrenik, auzitegien galbahea igaro beharko lukete. Horretarako gako nagusia Espainiako Kongresuko gehiengoan legoke, eta ez dago argi zenbat iraun dezakeen gaur egun dagoenak. Esaterako, Estebanek berak adierazi du zail ikusten duela legealdia udatik haratago luzatzea, eta, inkesten arabera, baliteke PP eta Voxen arteko gobernu bat sortzea horren ondorioz.

Bada, harreman marko berri bat eskuratu ezean, zer egin daiteke egungoarekin? Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak eskualdatzeko negoziazioak martxan dira: urte hasierarekin adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak horietako bost transferitzea, eta beste hamasei daude mahai gainean. Hortik haratago, baina, desadostasunak daude alderdi abertzaleen artean. EH Bilduk «amaitutzat» jo du Gernikako Estatutuak egin dezakeen bidea, baina EAJk urratsak egiten segitzeko aukera ikusten du hor. «Uste dut testu hil bat dela adieraztea hutsegite bat dela gizartearentzat», esan du Legardak, eta adierazi du estatus berri bat onartu bitarte hura dela eskura dagoen «tresnarik onena».

«Estatutuan jasotako gai bakoitzean egin daitezkeen politiken eremuak konexio handia du Madrilen egiten diren politika publikoekin»

MIKEL LEGARDA EAJko diputatua

Gaian sakontzeko, EAJko diputatuak Hego Euskal Herriko lurraldeek jada baduten «berezitasun konstituzional eta estatutarioari» erreparatu dio; hau da, eskubide historikoek eskaintzen dieten esparruari. «Hori da gure gasolina». Hain zuzen, horiei erreferentzia egiten die Espainiako Konstituzioko lehen xedapen gehigarriak, eta Auzitegi Konstituzionalak hartaz egindako interpretazioa funtsezkoa izan zen, esaterako, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzeko Legean «foru erregimenari» lotutako salbuespenak ontzat jotzeko. «Ez genuen berariazkotasun estatutariorik, baina, Madrilekin negoziatuz, 1980ko hamarkadan salbuespen foralak ezarriz joan ziren», azaldu du EAJko diputatuak, eta gogoratu du horretarako ez zela Gernikako Estatutua erreformatu behar izan.

Horrekin, Legardak azaldu nahi izan du Gernikako Estatutuaz eta euskal autogobernuaz egin den interpretazioa egokituz joan dela, eta etorkizunean ere aldatu daitekeela: «Eskailera bat da, eta koskak igoz goaz». Noraino? «Erantzuna herritarrek dute. Zenbateraino daude asebeteta autogobernu mailarekin, dituzten prestazioekin eta egoerarekin?», galdetu du Legardak berak. Eta nola segitu gorako bide horri? Garaian garaiko «indar politikoen arteko orekek» baldintzatzen dute interpretazio hori: «Estatutuan jasotako gai bakoitzean egin daitezkeen politiken eremuak konexio handia du Madrilen egiten diren politika publikoekin».

«Vox gobernura iritsiko balitz, ziur are gehiago gogortuko litzatekeela estatuko legedia, eta gurea estutu»

MIKEL LEGARDA EAJko diputatua

Beraz, negoziazio gaitasunak baldintzatu dezake «potentzial» hori noraino iritsiko den. «Azken finean, harreman politikoak indar harremanak dira», esan du Legardak. Hain zuzen, horregatik azaldu du kezka, gehiengoa aldatzeak eragina izango duelako oinarri legeak —arlo bateko oinarrizko arauak ezartzen dituzten legeak— ezartzeko orduan. «Oinarri legeak soilak badira, estatutu eremua askoz handiagoa da. Vox gobernura iritsiko balitz, berriz, ziur are gehiago gogortuko litzatekeela estatuko legedia, eta gurea estutu», esan du.

Jauzia, baina...

Hori ikusita, Legardaren esanetan, estatus politiko berri baten bidez «juridikoki jauzi kualitatibo bat» ematea da helburua, egoera hobetzeko asmoz: «Saihestu egiten dituzu mutazio pasarte horiek, zeinetan bi pauso ematen dituzun aurrera eta bat atzera». Eta horretarako bidea litzateke kontzertu ekonomikoaren zenbait elementu jasotzea estatus horrek, «berme eta segurtasun handiagoa emateko, eta, batez ere, foru perimetro zabalago bat». Hain zuzen, Legardak berak prestatu zuen duela zortzi urte EAJk autogobernu batzorde txostengilean aurkeztutako formula, Kontzertu Politikorako Batzorde Mistoarena.

Halere, gogorarazi du estatus berri bat ezartzea ere ez litzatekeela behin betiko konponbide bat, haren gaineko interpretazioaren inguruan ere tirabirak sortuko lirateke eta: «Guk azken helburutzat independentzia baitugu, eta estatuak, ez independentziarik eza, baizik gu Murtzia bezalakoak izatea. Justu kontrakoa da, eta hor beti tentsioa egongo da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.