Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du bere egitekoa transferentziei dagokienez: eskualdatzeko falta diren eskumenen inguruko azken hamar proposamenak Espainiako Gobernuaren mahai gainean utzi ditu, eta modu horretan haren gain utzi du Gernikako Estatutua osorik betetzeko ardura. «Espainiako Gobernuari dagokio orain fitxa mugitzea eta hitzemandakoa betetzea», adierazi du Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak.
Ubarretxenak berak helarazi dizkio txostenak Angel Victor Torres Lurralde Politikarako eta Memoria Demokratikorako Espainiako ministroari gaur arratsaldean, Madrilen egindako aldebiko bileran. Proposamen horien artean daude, besteak beste, Gizarte Segurantzari lotutakoak eskumenak, interes orokorreko portuena eta turismo paradoreena, ibilgailuen trafikoari eta zirkulazioari dagokion eskumenarena, udal hauteskundeen araubidearena eta aseguru pribatu eta nekazaritzako aseguruena.
Denera hamahiru eskumen dira, baina hamar proposamenetan bildu ditu Jaurlaritzak. Eta lau bloketan laburbildu ditu: Gizarte Segurantza, azpiegiturak, segurtasun publikoa, eta ogasuna, finantzak eta enpresa. Ubarretxena itxaropentsu agertu da eskualdatze horiek urtea amaitu aurretik egiteari dagokionez. Gogorarazi du Jaurlaritzak «etxeko lanak» egin dituela eta «akordiorako borondate handia» erakutsi duela. Horregatik, «borondate politikoa» eskatu dio Espainiako Gobernuari, adostutakoa «atzerapenik gabe» betetzeko: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen, errespetu instituzionala baizik, eta legea osorik betetzea».
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenetik hamar eskumen eskualdatzea adostu dute Madrilek eta Gasteizek, hala nola itsasertzarena, zinematografiarena, atzerritarren lan baimenena, meteorologiarena, kotizaziorik gabeko prestazioena eta langabezia sariarena. Baina oraindik dozenatik gora eskumen falta dira Gernikako Estatutua osatzeko. Jaurlaritzak aitortu du, baina, horietako batzuk ez dituztela eskualdatuko. Arrazoiak teknikoak dira, politikoak baino gehiago; izan ere, horietako batzuen eskumena Europako Batasunarena da, edo araudia aldatu denez Gasteizko gobernuak jada funtzio horiek bere gain ditu. Hauek dira: hidrokarburoena, sektore publikoarena, balore merkatuarena eta arrantza merkatuarena, eta itsas laboreen antolaketa eta orientazioarena.
Aireportuen kudeaketarena ere ez du zerrendan sartu, jada negoziatzen ari direlako. Edozein kasutan, falta direnak transferentziak adosteko datozen bizpahiru hilabeteetan «lan handia» izango dutela esan du Ubarretxenak, abenduaren 31n amaitzen baita epea. Sailburuak azpimarratu du, dena den, proposamenak «egingarriak» direla eta adostutako epean gauzatu daitezkeela: «Sukalde lan handia egin behar dugu proposamen horiek lurreratu eta akordioak ixteko». Izan ere, akordio politiko horiek Transferentzien Batzorde Mistoan berretsi beharko lirateke urtea amaitu aurretik.
«Denbora kontra»
Hain justu ere, Gernikako Estatutua betetzeko «denbora kontra» dutela ohartarazi dio goizean Imanol Pradalesek Pedro Sanchezi, Madrilen bertan. Lehendakari denetik Madrilen hitzaldia eskaini duen lehen aldia izan da gaurkoa, gainera, eta Pedro Luis Uriarte Gernikako Estatutuko negoziatzaileetako bat alboan eraman du agerraldira, duela 46 urte Espainiako Gobernuak orduko Eusko Jaurlaritzarekin adostutako ituna bete gabe dagoela gogorarazteko. Urte amaierarako beteko zuela hitzeman zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, EAJrekin egindako inbestidura akordioan: «Sanchez presidenteak konpromiso argi bat hartu zuen euskal gizartearekin. Zera izan zen: 2025eko abenduaren 31rako Gernikako Estatutua betetzea. Itunak behartu egiten gaitu».

Baina aurrera begira ere jarri da Pradales, eta estatutu berria zein edukiren gainean ardaztu beharko litzatekeen ere adierazi du. Aldebikotasuna eta itundutakoa betetzen direla bermatzeko sistema inpartzial bat eskatu du Nueva Economia Forumek antolatutako solasaldian. «Gaitasun berriak behar ditugu beste Euskadi baten beharrei erantzuteko». Zehaztu duenez, estatutu berrian jasota egon beharko lirateke Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebikotasuna eta inpartziala izango den berme sistema bat. «Ez ditugu eskumenak hustuta onartuko».
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza zabala izan da han, baita Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria ere. EAJren EBBko buru Aitor Esteban alboan izan du Pradalesek, eta han zen EBBko buru ohi Andoni Ortuzar ere.
1978ko korapiloa
«1978ko Konstituzioak ez du askatu korapilo nagusia, nazio, kultura eta hizkuntza ezberdinen arteko bizikidetzarena. Are gehiago, zentralizazio prozesu batean murgilduta dago egoera», esan du Pradalesek Madrilen. «Desoreka begi bistakoa da. Eta ez da kasualitatea, azken urteetan hartutako erabaki politikoen ondorioa baizik. Datu bakarra emango dut: gaur Madrilek atzerriko inbertsioaren %67 jasotzen du». Europako beste herrialde batzuen joeren kontra doala esan du, eta, haren ustez, zentralizazio joera hori indartzeak «jantzi autonomikoaren josturak eta lasaierak are gehiago ikusarazi, eta lurraldeen arteko tentsio berriak sortuko ditu».
«Zentralizazio joera areagotu da, eta horrek are gehiago ikusaraziko ditu jantzi autonomikoaren josturak eta lasaierak, eta lurraldeen arteko tentsio berriak sortuko ditu»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Estaturako bisio berri bat eskatu du. Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera goratu du, hiru lurraldeetan aurrekontuak onartuta daudelako. «Euskadin, eztabaida politikoa errespetuz egiten da, jarrera eraikitzailea hartuta, eta hori babesten saiatzen gara kosta ahala kosta». Egonkortasun giro hori eredugarritzat jo du.
eskaerak
Euskal Y-aren korapiloa askatzea.
Europako funtsen kudeaketa arintzeko prozesua berrikustea.
Europa Atlantikoa indartzea.
Migrazioari egiturazko erantzuna ematea.
Mediku gehiago eduki ahal izateko bideak irekitzea malgutasunez.
Euskara ofiziala izatea Europan.
Sanchezi hainbat eskaera zehatz helarazi dizkio Pradalesek, eta haietako bat gaur Kongresuan bertan Maribel Bakero EAJren eledunak berretsi dio Sanchezi, kontrol saioan. Bakerok salatu du zentralizaziorako joera duela eta Jaurlaritzak dituen eskumenetan sartzen dela, eta mediku gehiago eduki ahal izateko bidea irekitzeko eskatu dio, baita malgutasuna galdegin ere. «Mediku elebidunak behar ditugu, euskaraz egiteko gai izango direnak. Eskaera hainbat bileratan egin da, eta idatziz ere bai, eta ezezkoa eman diote; zaila da ulertzeko». Sanchezek limurkeriaz erantzun dio, baina zehaztasunik gabe: «Guk eskua luzatua dugu, eta elkar ulertzeko borondatea daukagu».