Gernikako Udalak abuztuaren 23rako gaztetxea husteko eskatu du, lege prozedurarik hasi barik

Gaztetxeko asanbladak salatu du udalak ez duela lege prozedurarik abiatu eta egin asmo duen obrak irregulartasunak dituela. Udala eta «gainerako alderdien konplizitatea» seinalatzeko, manifestazioa egingo dute jaietan, Andre Mariaren egunean.

Gernikako gaztetxeko asanbladak asteburuan egin zuen prentsaurrekoa. DEFENTSA KOMUNITATEA
Gernikako gaztetxeko asanbladak asteburuan egin zuen prentsaurrekoa. DEFENTSA KOMUNITATEA
2026ko abuztuaren 10a
13:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernika-Lumoko Udalak (Bizkaia) abuztuaren 23rako Gernikako gaztetxea husteko eskatu die hango kideei, gaztetxeko asanbladak jakinarazi duenez. Joan den astean udalarekin egindako bileran eman zieten horren berri: abuztuaren 24an, udalak obrei ekingo die gaztetxean, eta, ondorioz, egoitzak hutsik egon beharko du bezperarako.

Asanbladaren arabera, udalak ez du inolako lege prozedurarik abiatu gaztetxeko kideak kanporatzeko. Gogorarazi dutenez, ekainean ere gaztetxea husteko saiakera egin zuen udalak, «legez kanpo»: udaltzainek gaztetxeko sarraila aldatu zuten. Ordu hartan, gazteen «erantzun antolatuaren» bitartez lortu zuten errepresio saiakera geldiaraztea, haien hitzetan. 

«Udalak bide beretik jarraitzen du: huste prozedura ez da legeari izkin egiten ari zaion bakarra». Izan ere, asanbladak «hainbat irregulartasun» identifikatu ditu udalak egin nahi dituen obretan: «Udalak ez du publiko egin obra egingo duen enpresaren adjudikazioa, ezta kontratua ere». Halaber, salatu dute gunea erabiltzeko modua bermatu barik ekingo diotela obrari. Azken batean, asanbladaren aburuz, udalak obrak abiatzeko lege baldintza eta pausoak urratu ditu. 

Gaztetxeko asanbladak «gardentasun falta» egotzi dio udalari, eta «instituzioek beren lege eta prozedurak bazter ditzaketen» adibidetzat jo haren jarrera. Era berean, gaitzetsi egin du dozenaka gazte biltzeko eta antolatzeko modua ematen duen proiektu bat «inongo alternatiba errealik gabe» uztea.

Horrez gain, udal ordezkaritza duten gainerako alderdien jarrera ere kritikatu dute. Haien aburuz, alderdien «isiltasuna» bide ematen ari zaio udalaren politikari.

Gaztetxearen defentsan

Hustea geldiarazi guran, mobilizatu egingo dira datozen asteetan. Asanbladak iragarri duenez, lehen manifestazioa abuztuaren 15ean egingo dute, Gernikako jaietako Andre Mariaren egunean. 21:00etan abiatuko dira, udaletxetik, gaztetxearen defentsan.

Nolanahi ere, iragarri dute egoera aldatu ezean beste mobilizazio batzuk egingo dituztela gaztetxea husteko prozedura geldiarazteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA