Geroa Baik iragarri du gobernuak D ereduko lerro bat zabalduko duela Faltzesen datorren ikasturtean

Faltzesko ikastetxe publikoan euskarazko eredua jartzeko konpromisoa hitzartu dute koalizioak eta Nafarroako Gobernuak, aurrekontuei buruzko negoziazioen barruan.

D ereduaren aldeko elkarretaratzea, Faltzesen. BERRIA
D ereduaren aldeko elkarretaratzea, Faltzesen. BERRIA
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 8a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Faltzesen D eredua jartzeko konpromisoa hartu du Nafarroako Gobernuak, Geroa Baik eginiko proposamenari men eginda. Koalizioak iragarri du Doña Alvara Alvarez ikastetxe publikoan euskarazko lerro bat irekitzeko eskaera egin diola gobernuari, aurrekontu proiektuari buruzko negoziazioen barruan, eta gobernuak hala eginen duela 2026-2027ko ikasturtetik aurrera.

Iragan ekainean, Faltzesko 21 familiak publikoki salatu zuten D eredua jartzeko eskaera aurkeztua zutela, baina Hezkuntza Departamentuak baimena ukatu ziela. Orain, berriz, Carlos Gimenoren saila prest azaldu da eskola mapa aldatzeko, Geroa Baik jakinarazi duenez: «Horretarako, gainera, beharrezkoa izanen da eremuak eta azpiegiturak egokitzea, hizkuntza eredua aukeratzeko eskubidea bermatze aldera».

Familiak eta udala, D ereduaren alde

2024-2025eko ikasturtearen hasieran, Faltzesko 11 familiak eskatu zuten D ereduko lerroa irekitzeko herriko Doña Alvara Avarez ikastetxe publikoan. Hori lortze aldera, udalarekin bildu ziren, eta udalak berak eskutitz bat igorri zion Nafarroako Gobernuari, «prozesuaren inguruko oniritzia emateko». Udalarekin ez ezik, ikastetxeko zuzendaritzarekin ere bildu ziren, eta hark ere babesa eskaini zien.

Alabaina, 80/2019 Foru Dekretuko eskola mapa aldatzea eskatu zutenenean, Hezkuntza Departamentuak ezezkoa eman zien. Orduko hartan, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak argudiatu zuen aurreikuspenen arabera ikastetxean ez dagoela «toki fisiko nahikorik» D ereduko lerroa irekitzeko.

Debekuaren inguruan kexu azaldu ziren familiak, eta agerraldi publikoa egin zuten Sortzen-ekin eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera. Erakunde horiek ere erabakia txarretsi zuten, eta gogorarazi Faltzeskoa ez dela kasu bakana: «Mendigorria, Larraga, Lerin, Oibar... Horietako batzuk zabaltzeko aukera lortu da hezkuntza komunitatearen eta herri eragileen bultzadaz. Baina bidean beren txikiei euskarazko irakaskuntza eskaini ezinik gelditu diren familiak gogoratu nahi ditugu, baita euskarazko irakaskuntza orokortua ez izateagatik zuzenean beste eredu batzuetara jotzen duten familiak eta euskaraz ikasteko aukera dutenik ere ez dakiten familiak ere», salatu zuen Sortzen-ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.