Faltzesko (Nafarroa) haurrek ezin dute oraindik herriko eskola publikoan euskaraz ikasi. Horren aurrean 11 familiak D eredua jartzeko eskatu badute ere, Nafarroako Gobernuak ukatu egin die aukera hori. Horregatik, atzo protesta egin zuten, D ereduaren aldeko herritarrek deituta; Sortzen elkarteak ere babestu zuen elkarretaratzea, eta bertan egon zen Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka ere.
Hain zuzen, Sortzen-ek berak azaldu du kasua. Haien hitzetan, 2024-2025eko ikasturtearen hasieran, Faltzesko 11 familiak eskatu zuten D ereduko lerroa irekitzea datorren ikasturtean herriko Doña Alvara Avarez ikastetxe publikoan. «Gure herrian, lehenengo aldiz egin zen euskarazko irakaskuntzaren alde». Hori lortze aldera, udalarekin bildu ziren, eta udalak berak eskutitz bat igorri zion Nafarroako Gobernuari, «prozesuaren inguruko oniritzia emateko». Udalarekin ez ezik, ikastetxeko zuzendaritzarekin ere bildu ziren. Haiek abaroa eskaini zieten: «Erabateko adostasuna erakutsi, eta laguntzeko prestasun osoa erakutsi ziguten. Ikastetxeko guraso elkarteak ere ez zuen kontrakotasunik agertu».
Alabaina, 80/2019 Foru Dekretuko eskola mapa aldatzea eskatu zutenenean iritsi ziren arazoak. «Aldaketak egiteko beharrezko eskaerak egin arren, ez ziguten onartu Faltzesko ikastetxea ere D ereduko eskaintzaren barruan sartzea». Honatx Nafarroako Gobernuaren arrazoia: 2031-2032ko ikasturtera bitarteko antolaketa aurreikuspenen arabera ikastetxean ez dagoela «espazio fisiko nahikorik» D ereduko lerroa irekitzeko.
Gurasoak kexu dira: «Zergatik ez dugu tokirik herriko ikastetxean? Euskaraz, Nafarroako berezko hizkuntzan ikasi nahi dugulako?». Eta zera eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari: ez jartzeko «oztoporik» eta Faltzesko ikastetxean ere D ereduko lerroa zabaltzeko lanean hasteko.
Euskaraz ikastearen aldeko aldarria
Sortzen-ek gaitzetsi duenez, Faltzeskoa ez da kasu bakana, ezpada euskarazko irakaskuntza ikastetxe publikoetan zabaltzeko egin behar diren ahaleginen eta dauden oztopoen beste erakusgarri bat. «Mendigorria, Larraga, Lerin, Oibar... Horietako batzuk zabaltzeko aukera lortu da hezkuntza komunitatearen eta herri eragileen bultzadaz. Baina bidean beren txikiei euskarazko irakaskuntza eskaini ezinik gelditu diren familiak gogoratu nahi ditugu, baita euskarazko irakaskuntza orokortua ez izateagatik zuzenean beste eredu batzuetara jotzen duten familiak eta euskaraz ikasteko aukera dutenik ere ez dakiten familiak ere».
Horiek horrela, iruditzen zaie euskarazko eredua zabaldu beharra dagoela: «Denek Nafarroa osoan euskaraz ikasteko aukera eta erraztasun berberak izan beharko lituzkete, haur guztiek euskararen ezagutza edukitzea etorkizuneko nafarren berdintasunaren eta kohesioaren alde egitea delako». Ez baita «kapritxo» bat: «Denentzako kalitatezko hezkuntza inklusibo eta eraikitzaile batez ari gara, ez inoren kapritxoez. Faltzestik Arizkunera, Meanotik Izabara… Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugu».