Geroa Baik nabarmendu du boto baliagarria ez dela ultraeskuinari aurre egiteko konponbidea

Koalizioak uste du alderdiek autokritika egin behar luketela ultraeskuinaren bilakaeraren harira. Azkonaren arabera, «politika eraginkorren bidez» gerarazi daiteke Vox.

Unai Hualde Geroa Baiko hautagaia, atzean Pablo Azkona duela. GEROA BAI
Unai Hualde Geroa Baiko hautagaia, atzean Pablo Azkona duela. GEROA BAI
joxerra senar
2026ko azaroaren 18a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geroa Baik boto baliagarriaren diskurtsoari aurre egin nahi dio hauteskunde kanpaina honetan. Kongresurako bost jarleku jokoan izateak kalte egiten die, eta, Pablo Azkona hautagaiaren arabera, 2023ko boto baliagarria ez da aski izan Vox gerarazteko. «Gogoeta autokritikoa egin behar da». 

Goizeko mezua Baluarte jauregiaren parean eman du Geroa Baik, Konstituzio plazan. Azkonaren ustez, Voxi hesi bat ezartzeak ez du balio izan, ez eta boto baliagarriak ere. «Herritarren kezkei erantzungo dien politika eraginkorra egitea da eskuin muturrak aurrera egin dezan galarazteko modua».

Haren ustez, politika eraginkorren adibide da eskubide sozialetan aurrera egitea eta alderdiak ados jartzeko gai izatea, «Nafarroan azken hamabi urteetan gertatu den bezala». Haren ikuspegitik, arazoei lurraldekako erantzunak eman behar zaizkie, eta autogobernua da horretarako «erreminta hoberena». 

Unai Hualde Geroa Baiko ordezkariaren ustez, diskurtsoen bidez baino gehiago, ekintzen eta politiken bidez erantzun behar da. «Oinarrizko eskubideetan atzera egiteko arriskua dago. Ikusten ari gara PPk eta Voxek zer egiten duten elkarrekin gobernatzen duten tokietan; besteak beste, berdintasun politikak birrindu», esan du, eta hau gaineratu: «Ultraeskuinaren aurka egiteko, ez da espanturik egin behar, baizik eta neurri eraginkorrak ezarri industrian, memorian, elkarbizitzan eta autogobernuan».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA